celda ii

Gela II

Louise Bourgeois
Gela II
(Cell II), 1991 (xehetasuna)
Margotutako zura, marmola, altzairua, beira eta ispilua
210,8 x 152,4 x 152,4 cm
Carnegie Museum of Art, Pittsburgh
Argazkia: Peter Bellamy, © The Easton Foundation/VEGAP, Madril

Gelak egiten hasi nintzenean, nire arkitektura sortu nahi nuen, museoko espazioaren menpe ez egoteko, nire neurria horretara egokitu behar ez izateko. Espazio erreal bat eratu nahi nuen, bertara sartu eta haren inguruan ibili ahal izateko”. —Louise Bourgeois[1]

Bizitzako azken bi hamarkadak Louise Bourgeoisek (Paris, 1911–New York, 2010) bere eskultura-lan berritzaile eta bihurrienak sortzen eman zituen, hots, Gelak deitutako espazio arkitektonikoen serie bat egiten. 1980ko urteen hasieran, Bourgeoisek bere lantokia lekualdatu zuen, Chelseako etxetik (Manhattan) Brooklyngo arropa-fabrika izandako estudio handi batera. Horrek askatasun handiagoa eman zion bere artelanen tamaina aldatzeko eta, hartara, Gelak seriea sortu ahal izan zuen.

Gelak instalazioak dira, espazio itxiak; batzuetan, ikuslea bertara sar daiteke; beste batzuetan, berriz, kanpoan geratu behar da.[2] Gehienetan, aurkitutako objektuak eta artistak egindako objektuak dituzte barruan, tartean direla artistarentzat kuttunak diren gauzak, harentzat esangura biografiko berezi bat dutenak eta auzoko kaleetatik bildutako altzari eta osagai arkitektonikoak. “Gela” hitza 1991ko erakusketa baterako prestaketa-lanetan sortu zen; han, horrelako lehenengo 6 artelanak aurkeztu zituen.[3] Bourgeoisek hirurogei bat Gela egin zituen 1989tik 2008ra. Bere iritziz, ingelesezko cell hitzak konnotazio ugari zituen; izan ere, cell hitzak ingelesez bi adiera ditu: izaki bizi baten zelula biologikoa da, baina, baita espetxe bateko gela edo monasterio bateko gela bat ere, non presoak zein fraideak isolatzen diren.[4]

Bourgeoisek autobiografikotzat zeuzkan bere piezak sarritan, eta haurtzaroarekin lotuta zeuden bereziki. Gela II artelanean (1991), ikusleak gune txiki bat ikuska dezake, zurezko ate artikulatuz inguratutakoa. Barruan, ispilu-azalera daukan erretilu bat ikus daiteke eta, gainean jarrita, hamar lurrin-botila eta elkar estu heltzen duten marmolezko esku pare bat. Tokiak berak eta barruko objektu horiek oso toki pribatu baten efektua sortzen laguntzen dute; izan ere, bere bizitzako objektu errealak gehitu zituen. Lurrin-botilak ez daude ausaz aukeratuta: Shalimar lurrinarenak dira, Bourgeoisek berak erabiltzen zuena eta, haurtzaroan, haren amak zeramana.

1. Louise Bourgeois, honetan aipatua: Louise Bourgeois. Estructuras de la existencia: las Celdas, Julienne Lorz (arg.), erak. expo., FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta La Fábrica, Madril, 2016, 28. or.
2. http://www.tate.org.uk/art/artworks/bourgeois-maman-t12625/text-summary
3. http://garagemca.org/en/event/louise-bourgeois-structures-of-existence-the-cells
4. http://www.collectortribune.com/2015/08/04/louise-bourgeois-structures-of-existence-the-cells-at-garage-museum-moscow/

Preguntas

Erakutsi: Gela II (1991)

Deskribatu ahal bezain arreta handienaz. Zein erreakzio eragin dizkizue hasieran? Lehenago inoiz ikusitako ezeren itxura hartzen diozue ala zerbait gogora ekartzen dizue? Hala bada, zer?

Imajinatu Gela IIren barrura sar zaitezketela. Nola sentituko zinatekete? Uste duzue egoteko toki erosoa dela, ala deserosoa? Azaldu. Bourgeoisek autobiografikotzat zeuzkan bere piezak sarritan, bereziki haurtzaroari lotuta zeudela uste zuen. Objektu bakoitzaren esanahia ez zuen inoiz azaltzen, baina, zuen ustez, zein da haien esanahia? Zein izan daiteke objektuek eta inguratzen dituzten ateek elkarrekin duten harremana? Zuen ustez, zergatik aukeratu zituen Bourgeoisek objektu horiexek une biografiko bat adierazteko?

Ispilu-akabera duen erretiluaren gainean Shalimar lurrineko hamar botila ikusten ditugu, Bourgeoisek zein bere amak biek ere erabili zuten lurrina. Imajinatu botiletako bat ireki dezakezuela. Nolako usaina izango luke? Zergatik?

Bourgeoisek izen sinple bat eman zion artelan honi. Beste izenburu batzuen zerrenda bat egin. Zergatik aukeratu dituzue?