image

Gorputz klasikoak, gizatasun berria

Gaur egungo pinturak baina, [...] guztiz borobildutakoaren, oso-osoa denaren eta arreta handiz egindakoaren irudi izan nahi du; aurrez aurre jartzen zaio inoiz osatzen ez den apurrez egindako bizitzari: erabateko egituratzearen, are gauza txikienen, arketipo ideala da. Inoiz gizonak ere gozatuko du kontzeptu horren perfezkioaz1 .

Ondo egituratuko pinturen eta irudien ideala sendotzen zen heinean, artistak gorputza osorik eta zauririk gabe adierazten hasi ziren. Pintura-lengoaia munduaren ordena berrira egokitu zuten eta eraldaketa hori Fernand Léger-en (1881—1955)lanetan ikus daiteke. Lehen Mundu Gerratik [1914-118], armada frantsesaren soldadu izan zen garaitik, irudi arrazionalizatuak egin zituen irudi mekanizatuetatik abiatuta. Parafernalia militarra eta horren gainazal distiratsuak gustuko zituen eta inguruko lubakietako infanteria soldaduek solidaritate sentimendua pizten zioten. "Garai horretan hartutako makinaren estetikak islatzen duenez, bizitza modernoa deskribatzeko eta inspiratzeko gai zen arte-forma herrikoia eratzeko itxaropena zuen. Gerraren ostean, esperimentuetatik aldendu zen, alegia, haren lanik goiztiarrenen ezaugarri izan zen abstrakzio purutik, eta esanahi sozial bat eman zion bere arteari2 . Légerrentzat, "mekanizatutako mundua adieraztea behar bihurtu zen eta gerraosteko pinturetan elementu mekanikoak eta giza irudiak elkartu zituen3 .

Frantziako gizartean nagusi zen ordena berreskuratzea zela eta, Légerrek bere lanetan irudi monumental eta klasikoak sartu zituen. Era horretan, emakume klasikoaren ideia eskaini zuen, baina Aintzinaroko irudirik eta baliabiderik erabili barik. Industriari eta masa-produkziori lotutako geometria-irudi garbiek inguru sozial eta estetiko baten berritzea adierazten zuten, eta Légerren estilo berezia osatzen zuten. Pintura askotan agertzen dira zehaztasunez eta doitasunez erretratatutako tresna mekanikoak.

Légerren ordena ideal berrian emakumeek rol tradizional bat betetzen zuten. Hiriari, industriari eta lan-munduari kontrajartzen zitzaizkien, eta etxea, atsedenerako eremu lasai eta atsegina, irudikatzen zuten. Emakumezko adierazpen horiek bere irudi mekaniko soilenak bezala tratatu zituen: ertzak zorrotzak dira, koloreak ondo definituta daude eta modelatuak estilizatutako formula bat jarraitzen du4 .
Légerren emakume modernoak zutabeak bezain zuzenak dira eta euren distira metalikoko ile-adatsak alde batera erortzen zaizkie. Bi emakume (Deux femmes, 1922) lanean bat egin zituen bi irudi mota horiek, hau da, robot emakume horiek eta era argian delineatutako idealizatutako etxe baten barruko xehetasun horiek.

Oharrak
1 Franz Roh, Realismo Mágico: Post Expresionismo (1925), 74. or, hauetan aipatua: Kenneth E. Silver, "Un yo más perdurable", in Silver, Caos y clasicismo: arte en Francia, Italia, Alemania y España, 1918-1936, erak. kat., Bilbo, Guggenheim Bilbao Museoa; New York, Solomon R. Guggenheim Foundation, 2010, 27. or.

2 "Collection Online: Fernand Léger. Woman Holding a Vase (definitive state). 1927", Solomon R. Guggenheim Museum, http://www.guggenheim.org/woman-holding-a-vase (azken bisitaldia: 2011ko urtarrilaren 12an).

3 Arthur Manwick, "Painting and Music during and after the Great War: The Art of Total War", Great War, Total War: Combat and Mobilization on the Western Front, 1914-1918, Roger Chickering eta Stig Förster (arg.), Washington, D.C., German Historical Initiative; Cambridge, Cambridge University Press, 2000, 509. or.

4 "Two Women", National Gallery of Art,   http://www.nga.gov/fcgi-bin/tinfo_f?object=72169 (azken bisitaldia 2011ko urtarrilaren 12an).

Preguntas

Erakutsi ikasleei Bi emakume (Deux femmes), 1922

  • Deskribatu lan hau arretaz. Zein kolore eta forma bereiz ditzakete ikasleek? Zein adjektibo erabil daitezke lan honi buruz hitz egiteko?
  • Zenbat objektu izenda ditzakete ikasleek? Badago zalantzazkoa denik? Zein?
  • Galde iezaiezu lanaren bi irudien arteko harremanari buruz. Zein ikusizko elementu erantsi zituen Léger-ek harreman hori ulertzen laguntzeko?
  • Légerrek forma organikoak eta mekanikoak elkartzen zituen. Eskatu ikasleei Légerren estiloa idatziz deskribatzeko.