bacon three studies

Gurutziltzaketa baterako hiru estudio 

Gurutziltzaketa baterako hiru estudio (Three Studies for a Crucifixion), 1962
Olio-pintura mihise gainean, triptikoa
198,1 x 144,8 cm cada uno
Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 64.1700
© The Estate of Francis Bacon. All rights reserved. DACS/VEGAP. Bilbo, 2015

Triptikoak egitea dut gustukoen. Inoiz pentsatu dut film bat egitean eta horrekin lotuta egon litekeela uste dut. Irudiak hiru mihisetan banatzea eta alboz albo jartzea interesgarria iruditzen zait. Nire lanek kalitatea duten neurrian, beharbada, onenak triptikoak direla uste dut”. Francis Bacon, 1979 [1]

Francis Bacon-ek (Dublin, 1909–Madril, 1992) 1927an erabaki zuen pintore-lanetan hastea, Pariseko Paul Rosenberg galerian Pablo Picassori buruz (Malaga, 1881–Mougins, 1973) erakusketa bat ikusi ondoren. Picassoren irudi antropomorfoek txunditu egin zuten, eta hainbeste non erabaki ere egin zuen pinturan autodidakta hastea. 1929an, Londresera bueltan zela, zenbait marrazketa- eta pintura-teknika ikasi zituen modu informalean. Aldi berean, barrualdeen dekoratzaile eta altzari-, alfonbra- eta azuleju-diseinatzaile lanetan hasi zen. Baconek maiztasunez margotzen zuen, eta suntsitu egiten zituen bere iritziz neurria ematen ez zuten artelanak. 1933an, bere margolan bat Herbert Read-en Art Now: An Introduction to the Theory of Modern Painting and Sculpture liburuan erreproduzitu zuten: Gurutziltzaketa (1933); gainera, toki paregabe batean kokatuta zegoen: Picassoren Bainularia (1929) artelanaren aurrez aurre. Baconek bere ibilbide artistikoaren hasieran eta oso gazterik hor aipatua izan arren, ez zuen zorte berdina izan artean denbora batez.

1936 eta 1943 artean, ia ez zuen margolanik egin. Bigarren Mundu Gerraren hasieran zerbitzu zibilean jardun zuen, asma kronikoa baitzuen [2]. 1944tik aurrera hasi zen berriz ere etengabe pintatzen. Urte horretan, Bigarren Mundu Gerrako urte suntsigarrienetako batean, Gurutziltzaketa baten oineko giza irudietarako hiru estudio (1944) pintatu zuen, triptiko zirraragarri bat, larriduraz iraulkatzen diren kreatura antropomorfikoak erakusten dituena. Artelan horrek bide eman zion tamaina handiko triptikoak egiteko; horien artean lehenengoa izan zen Gurutziltzaketa baterako hiru estudio (1962) [3]. Triptiko honetan, Baconek erlijio gaia giza sufrimenduaren metaforatzat jo zuen , eta giza irudi gurutziltzatua gorpu zatikatu moduan irudikatu zuen[4]. Erlijio-triptiko tradizionalen kontrako aldean, hiru panelak guztiz independenteak dira: eszenak elkarrekin lotuta daude, baina ez dute narrazio bat osatzen, ez dira multzo bateratu bat. Hala ere, hondoek batzen dituzte hiru panelak: giza irudiak dauden espazio zilindrikoa estaltzen duten kolore ia monokromatikoak dituzte, laranja eta gorri biziak, soilak eta uniformeak. Giza irudi horiek, lehen planoan daudenak, kontrako moduan landu zituen artistak: kolore joritasun handia dute eta haien forma konplexuak nabarmentzen eta proiektatzen dira, inguratzen dituen espazioaren uniformetasunari esker.

Gurutziltzaketa baterako hiru estudioko eskuineko paneleko (1962) giza irudiak Gurutzeko Kristo tradizionalaren eszenak ekartzen ditu gogora. Ezkerreko panelean, bi gizon agertzen dira harategi batean, antza; erakusmahaian okela zatiak daude ikusgai. Hala ere, erdiko panelean dago objektu garrantzitsuena: ohea; bertan, minez iraulkatzen den gorputz bat datza. Artistarentzat, ohea da dena hasi eta

Preguntas

Begiratu arretaz minutu batzuk Baconen pinturari. Zer gertatzen ari da eszena horretan?
Jarri arreta lehendabizi ezkerreko panelean: deskribatu koadroan agertzen diren pertsonaiak. Nor izan daitezke? Nola deskribatuko zenituzke haien aurpegiak? Zer esan janzkeraz? Non egongo dira, zure ustez? Nolakoa da toki hori? Zure ustez, zer egiten ari dira toki horretan? Ze emozio edo sentimendu pizten dizkizu margolan horrek? Zergatik?
Jarraitu erdiko panelari begira: zure ustez, zer gertatzen zaio giza irudi horri? Zergatik dago ohe batean? Ze aldarte, sentimendu edo sentsazio eragiten dizu pinturaren zati horrek?

Bukatzeko, erreparatu eskuineko panelari: Zer ikusten duzu? Deskribatu xeheki ikusten duzuna. Zer ekartzen dizu gogora? Noizbait zerbait antzekorik ikusi duzu? Non? Ze sentsazio eragiten dizu? Zergatik?

Hiru panelak independenteak diren arren, bertako eszenak elkarrekin uztartzen dira. Zure ustez, nola lortu du artistak horiek elkarrekin jostea? Gogoan izan zati bakoitzak eragin dizun sentsazioa: ze antzekotasun dituzte? Zertan dira desberdinak?

Triptikoa Gurutziltzaketa baterako hiru estudio deitzen da. Zure ustez, zergatik izango du izen hori? Zure, ustez egokia da? Zergatik? Aldatuko bazenu, nola deituko zenioke?