Heriotza, publizitatea eta politika
Objektuetatik abiatuta lanak egiten hasi nintzenean jakin nahi nuen nola, hobe, zer-nolako egoeratan pertsona batek beste bat objektu moduan erabiltzen duen. Psikopatek sortu zidaten interes berezia, pertsonak gauza bihurtzen dituztelako haiek manipulatu ahal izateko. Hedaduraz, kultura baten joeren muturreko hezurmamitzeak dira. Hortaz, psikopaten jokabideak kultura--joerak aztertzeko eredu erabilgarriak eta argigarriak dira. Ospea ere tresna baliagarria da. [...] Gogoratzen dut Paul Newman-i egindako elkarrizketaren batean irakurri nuela objektu baten moduan erabiltzen zutela. Ezezagunak harengana hurbildu nahi ziren eta hura zirikatu, harekin sentipenak arindu eta hari atximur egin benetan nor zen jakiteko1.
Azken hamarkadetan artistek egunerokoaren funtsezko alde bihurtu den hedabideen kulturan sakondu dute. Cady Noland (Washington, 1956) artistak amets amerikarra zalantzan jartzen duten komunikabideetako istorioetan jartzen du arreta. Aztergai du AEBren kezka edo larritasuntzat duena; kezka hori guztiok aske izateko, ziur egoteko eta arrakasta izateko promesa bete ez izanak sortzen du. Haren lanek AEBren psikearen alde ilunei so egiten diete, esaterako, herrialdeak bortizkeriarekin, ospearekin eta normaltasun-ezarekin duen lilurari. Prentsan agertutako argazkiak, egunkarien kopiak eta iragarkiak txertatzen ditu bere lanetan, kulturan hedabideen eta enpresen interesek gertakariak lausotzen eta pertsonak gizagabetzen dituztela adierazteko eta horren inguruko iruzkina egiteko. Nolandek azaltzen duen AEB larritua Vietnamgo gerra, Kennedytarren erailketak, 1968ko Chicagoko Demokraten bileran protesta egiten ari ziren manifestariak zakar tratatu eta Watergate auzia eta gero garatu zen hein batean, hau da, herrialdearen batasun, zintzotasun eta gizarte garaiezinaren irudia mehatxatzen zuten gertaerak eta gero.
Nolandek lan asko eskaini dizkie antiheroiei. 1974an, 19 urte zituen Patricia Hearst, hedabideetako handikien oinordekoa, bahitu zuen Askapen Armada Sinbiotikoa (AAS) gerrilla talde ezkertiarrak haren Berkeley-ko (Kalifornia) apartamentutik. Hilabete batzuen ondoren, Hearstek publikoki adierazi zuen AAS taldeko kide bihurtu zela eta, handik gutxira, haren argazki bat agertu zen hedabideetan: San Franciscoko banku batean lapurreta egiten ari zen taldeko beste batzuekin.
AAS 4. zk. lana Patricia Hearsten eta AAS taldeko hainbat kideren —haren bahitzaileak eta gero kamaradak— egunkari bateko argazki zimurtua da: taldearen ikur den zazpi buruko kobra baten irudiaren aurrean daude. Nolandek ebakina handitu, desitxuratu eta aluminio xafla gainean serigrafiatu zuen. Serigrafia masa ekoizpenarekin eta -kontsumoarekin lotutako prozesua da eta hura erabiltzean, artistak hedabideei arretaz begiratzeko eta horiek AEBko publikoan eragiteko duten boterea eztabaidan jartzeko eskatzen du.
Nolandek AEBko kultura ikertzen du eta ardatz nagusi du bortizkeriak pizten duen interesa eta hedabideek kriminalak ospe handiko pertsona bihurtzeko duten gaitasuna. Harentzat, fenomeno hori sintoma bat da, erakusten baitigu AEBko kulturak norbanakoak gauza bihurtzen dituela masak dibertitzeko.
Oharra
1 "Cady Noland" (Michèle Cone-n elkarrizketa), in Journal of Contemporary Art (azken bisita 2010eko urtarrilaren 25ean)
Preguntas
- Erakutsi: AAS 4. zk., 1990
- Zer ikusten duzue AAS 4. zk. lanean? Egin itzazue bi zerrenda: lehenengoan argi ikusten dituzuen gaiak sartu; bigarrenean, harrigarriak eta nahasgarriak diren edo ezagutzeko zailak diren gaiak. Zein zerrenda da luzeena? Zer galdera sortu zaizkizue?
- Lan hau ulertzeko lagungarria da Nolandek erreferentzia egiten dien gertaeren ingurukoak jakitea. Patricia Hearst 1974an bahitu ondoren eman ziren gai horri buruzko telebista berriak MSNBCren webgunean daude. Hearsten bahiketa eta ondorengo gertakariak albiste garrantzitsu izan ziren eta estatubatuarren arreta erakarri zuten. Zuen ustez, zergatik izan zen istorio hori hain deigarria?
- Gertaera horiei buruz gehiago dakizuela, zerrendako zer galdera erantzun ditzakezue? Zer alde dira oraindik ere nahasgarriak?