Guggenheim
Sarrera

Jean-Michel Basquiat
Autorretratua (Self-Portrait), 1984
Akrilikoa eta olio-barra paper gainean, mihise gainean muntatua
100 x 70 cm
Yoav Harlap Collection
© Estate of Jean-Michel Basquiat. Artestar-en lizentziaz, New York.

“Txikitan komiki-marrazkilaria izan nahi nuen (…) Umetan, ez nintzen artista ona, inondik ere. Espresionista abstraktuegia, edo ahari-buru handi bat marrazten nuen, era biziki nahasgarrian. Inoiz ez nuen marrazketa-lehiaketarik irabazten. Gogoan dut Spiderman perfektu bat marraztutako mutiko baten kontra galdu nuela.” (1)

Bigarren Mundu Gerra ostean, hiriburu artistikoa eta kultura-aniztasunaren erdigunea omen zen New York hiria, eta eszenategi bikaina izan zen Jean Micel Basquiatentzat (New York, 1960–1988). Amak ezin besteko rola izan zuen bere heziketan, Basquiat hiriko museoetara eraman baitzuen, eta pertsona ikasia bihurtu, artearen historiako ezagutzak zituena. Hamazazpi urte zituela, graffitia erabiltzen hasi zen, New Yorken barrena mezu irudimentsuak eta zirikatzaileak idatziz eta, gizon beltza zen aldetik, auzitan jartzen zituen kezkagarri zitzaizkion gizarte- eta politika-gaiak. Esperientzia horrek inpaktu handia izan zuen bere garapen artistiko osoan.

Autorretratua (Self-Portrait, 1984) artelanak artistaren autorretratua erakusten du. Basquiatek adierazi zuenez, oso noizbehinka egiten zituen autorretratuak, baina bere artelan gehienetan bere buruari erreferentzia egiten dioten elementuak aurki daitezke. (2) Nola erretratuetan, hala autorretratuetan, bere identitatea arakatzen du afrikar-amerikar leinuaren kide izateari lotuta. New Yorkeko intelektual-klaseko kide izan eta artearen mundu zail eta elitistan toki bat irabazi arren, Basquiatek ez zituen bere afrikar erroak ahaztu, eta identifikatuta sentitu zen ikusten zuen arraza-bidegabekeria bakoitzarekin, baita pertsonalitate beltz handien garaipenekin ere.

Basquiatek identitate bikoitz hori bere ibilbide osoan eraman zuen aldean. Bere inguruneko zati izan arren, New York hiria arrotza zitzaion. Bikoiztasun hori gauza konplexua izan zen, bere identitatetik haraindi zihoana, gizarte-, politika- eta kultura-harreman konplexuetan barneratzen baitzen eta, bertan, Basquiat artista bi munduren artean kokatzen zen, zuri eta beltz, etengabeko borroka batean orekaren bila.

Bere artelanek alderdi desberdinetatik tratatzen dute bikoiztasunaren ideia. Basquiatek pertsonak eta objektuak, eta hitzak eta irudiak uztartu zituen errealitate beraren kontrako bi alde erakusteko. Halaber, zuriaren eta beltzaren, argiaren eta ilunaren gaineko ideiak berraztertu zituen, ongiaren eta gaizkiaren gaineko arauak auzitan jarriz.

 

1. Henry Geldzahler, “Art: From Subways to SoHo, Jean-Michel Basquiat,” in Jean-Michel Basquiat, erak. kat. Lugano, Suitza: Museo d’Arte Moderna Cittá di Lugano, 2005, 34 eta 46 or.

2. Dieter Buchhart, ed., Now’s the Time, erak. kat. Toronto: Art Gallery of Ontario; Munich, Londres eta New York: DelMonico Books, Prestel Publications; Guggenheim Bilbao Museoa, 2015, 18. or.

Galderak

Begiratu astiro artistaren autorretratua. Deskribatu guztien artean irudian ikusten diren gorputz-ezaugarriak. Nolakoa du ilea? Zein kolore dute bere begiek? Nolakoa du ahoa? Nolako forma eta tamainakoa izango du sudurra? Nolako arropa darama jantzita? Non egongo da?

Erakutsi Basquiaten argazki bat ikasleei, margolanarekin dauzkan antzekotasunez eta desberdintasunez ohartzeko. Hemen aurki ditzakezu Basquiaten argazkiak:
http://www.basquiat.com/artist.htm

Google: irudiak: Basquiaten erretratuak

Bere aurpegiaren zein alderdi nabarmendu ditu gehiegi? Haien ustez, nola sentituko zen artista autorretratua margotzean?

Artista gehienek egin dituzte autorretratuak. Zergatik uste dute interesatzen zaiela artistei autorretratua margotzea? Zer gauza konta daitezke autorretratu batean? Esan zehazteko zer ideia adierazten dituen. Galdetu ikasleei zer adierazi nahiko luketen beren autorretratu batean.

Basquiaten argazki bati begira, zer esango lukete Basquiaten nortasunaz? Bere nortasunaren zein ezaugarri uste dute agertzen direla koadroan?

Esan konposizioan erabilitako koloreak astiro begiratzeko. Zer sentimendurekin lotzen dute kolore bakoitza? Esan kolore bakoitza identifikatu eta bakoitza definitzeko adjektibo bat adieraz dezatela.

Jarduerak

Autorretratua

Eskatu zure ikasleei autorretratu bat egiteko. Etxetik argazki bat ekar dezakete, edo ispilu bat erabili. Materiala aukera dezakete: arkatzak, tenperak, etab.

Ikasle bakoitzak bere burua erretratatuko du bere izaeraren ezaugarri nabarmenenak erakutsiz eta, aldi berean, beren buruari buruz kontatu nahi dutenaz gogoeta eginez.

Ikasleek gustuko dituzten gauzez pentsatu behar dute, baita kezkatzen edo garrantzitsu iruditzen zaizkien gauzez ere. Autorretratua konposizioa osatzen duen hondo baten gainean pintatuko dute. Hondo hori toki garrantzitsua izango da haientzat.

Bukatzen dutenean, erakusketa bat antola dezakete ikasgelan eta, bertan, ondutako artelana eta hura sortzean izandako asmoak azal ditzakete.


Nor naiz ni?

Sarritan, Basquiatek beste pertsona batzuetan islatuta ikusten zuen bere burua. Autorretratuak edo beste batzuen erretratuak bere identitatea eraikitzeko sortu ohi zituen, eta bere etorki afrikar-amerikarra arakatzeko. Basquiatek bere identitatea arakatzen zuen moduari erreparatzeko, eskatu ikasleei beste ikaskideekin identifikatzen saiatzeko. Atera argazkiak ikasle guztien aurpegiei. Inprimatu eta atera irudien argazkiak zuri-beltzean (ikasle bakoitzak gutxienez 4 fotokopia izan ditzala).

Banatu ikasleen artean askotariko aurpegien fotokopiak.

Ikasle bakoitzak argazki bana moztuko du zatika, eta aurpegiak zatikatzea eragin.

Banatu ikasleak hiruzpalauko taldeetan, eta eska egiezu aurpegi berri bat osatzeko, askotariko aurpegien zatiak elkartuz. Collage bat egin dezakete zati horiek elkarren gainean jarriz, elkarren gainean itsatsiz, etab. Era horretan, potreta espresionista bat moldatuko dute.

Konposizioak margoak erabiliz osatu ditzakete.

Jarri emaitzazko askotariko aurpegiak horman, eta behatu horiei astiro. Eskatu ikasleei adieraz dezatela zein aurpegirekin ikusten duten beren burua identifikatuen, eta zergatik.

Esan asmatzen saiatzeko aurpegiaren zein zati dagokion nori, eta nola alda dezakeen egindako aldaketak pertsona bakoitzaren identitatea.


HITZ ZERRENDA

Autorretratua: Pertsona batek bere buruaz egindako irudia, bere gorputz- eta nortasun-ezaugarriak erakusten dituela.

Bikoiztasuna: Gauza edo pertsona berean, bi fenomeno desberdin eta, batzuetan, elkarren kontrako egotea.

Erretratua: Pertsona batek beste bati buruz egindako irudia, bere gorputz- eta nortasun-ezaugarriak erakusten dituela.

Identitatea: Berezko ezaugarrien multzo bat, gizabanako edo talde bat besteen aldean berezi egiten duena.

Leinua: Edozein familiaren arbasoak edo ondorengoak.


INTERNET BALIABIDEAK

New York
https://blogdeartecontemporaneo.wordpress.com/2013/06/17/la-capital-mundial-del-arte-contemporaneo/

Basquiaten erretratuak
http://www.basquiat.com/artist.htm