david smith

Izarren kaiola (Star cage), 1950

David Smith
Izarren kaiola (Star cage), 1950
Altzairu margotua eta orraztua
114 x 130,2 x 65,4 cm
The Frederick R. Weisman Art Museum, University of
Minnesota, Minneapolis.
The John Rood Sculpture Collection.
© The Estate of David Smith, VAGA, New York / VEGAP, Bilbao, 2016

“Eskultura zergatik egiten dudan galdetzen badidazu, erantzungo dizut nire bizimodua dela; nire oreka eta existitzeko daukadan justifikazioa.” David Smith, 1947–521 [1]

Bigarren mailako hezkuntza amaitu ostean, 19 urte zituela, David Smith-ek (Decatur, Indiana, AEB, 1906–Bennington, Vermont, AEB, 1965) auto-fabrika batean egiten zuen lan; bertan ikasi zuen soldatzaile eta errematxatzaile ofizioa, eta forja-lanerako baliatzen ziren tresnak erabiltzen esperientzia hartu zuen. Hala ere, bere pasiorik handiena artea zenez, 1926an New Yorkera joan zen bizitzera, hango Art Student League arte-eskolan ikasteko. Bertan, irakasleen adorearekin, bere lanetan hiru dimentsioko materialak sartzen hasi zen, eta horrela, collageak eta erliebedun obrak sortu zituen. Bere lanetan txertatzen zituen elementu horiek gero eta handiagoak ziren, harik eta, mihiseak oinarri huts bihurtu eta bere pinturak eskultura bihurtu ziren arte[2].

1929 inguruan, Smith txundituta geratu zen Cahiers d’art aldizkarian Pablo Picassoren burdinazko eskulturen hainbat kopia ikusi ostean. Momentu horretan errotik aldatzen da bere lana: eskultura masa nagusi baten inguruan moldatu eta zizelkatu behar zelako ideia tradizionala alde batera utzi zuen, topatutako elementuak erabiltzen hasteko, Picassoren antzera. Modu horretan, lerro eta plano desberdinez osatutako sareak sortu zituen, eta bere eskulturen muinean espazio hutsak eratzen zituen[3]. Smithek, sopleteaz gain, sutegia eta ingudea baliatzen zituen metal soldatuarekin eta aurkitutako materialekin bere eraikuntzak egiteko; horrela, ziur asko AEBn soldadura erabiliz egin ziren metalezko lehenengo eskulturak gauzatu zituen[4]. Artistak metala baliatzen zuen bai bere lan figuratiboan, bai abstraktuan ere; aurrerakuntza eta industrializazioa ordezkatzen duen elementua zen material hori Smithentzat[5]. Espresionismo Abstraktuak batez ere pinturan eragin zuelako ustea zabalduta egon arren, zenbait eskultoreren lanek ere aurre egin zieten eskulturaren konbentzio tradizionalei, eta, horrenbestez, kategoria honetan sar daitezke. Smith da eskultore urri horietako bat.

1950eko apirilean, Smithek Guggenheim Fundazioaren beka bat jaso zuen, irakaskuntzatik eta bigarren mailako lanetatik libre uzten zuena; gainera, laguntzak eskala handiko lanak egiteko materiala erosteko aukera eman zion, eta horrek aro oso emankor baten hasiera markatu zuen. Urte hartan bertan egin zuen Izarren kaiola eskultura: inolako esfortzurik gabe datzan forma organiko arinaren eta lana egiteko baliatutako industria-material zurrunaren (altzairuaren) arteko kontraste nabarmena gailentzen da. Bere lanak “espazioan eraikitako marrazkiak” izan zitezen nahi zuen Smithek. Izarren kaiola eskulturan bidimentsiokotasun hirudimentsiokotasunaren arteko mugak lausotu egiten dira. Manipulatutako altzairu-hagaxkek lerroak osatzen dituzte espazioan, angelu dinamiko eta hozkekin, elkarguneetan. Elkarri lotutako hagaxkak plano bertikal eta horizontalean jarrita daude; espazioa aktibatu egiten dute eta ikuslea obran barna begiratzera daramate, espazio hutsa lanaren zati bihurtuz.

Bere eskultura elementu aktibo gisa hauteman zedin nahi zuen Smithek: espazio aldakor bat, beti mutatzen dagoena, ikusleak sortutako artelana; hura inguratu, hartan barna eta haren ingurura begiratu eta espazio-harreman negatibo eta positiboak sortzen dituen ikusleak, alegia[6]. Lanak ez gaitu aurrez aurreko ikuspegi nagusi eta bakar batera gonbidatzen; aitzitik, aukera-sorta aldakor bat eskaintzen digu, eta lana hainbat angelutatik begiratzea posible egiten, ikusleak begiratzen duen artean handituz eta txikituz/handitzen eta txikitzen doala. Izarren kaiola lanak lerro- eta plano-joko bat sortzen du, izar-konstelazio bat iradokitzen duena, molekula edo astro-gorputz gisa ulertu litezkeen elementu-pilaketa misteriotsuz osatutako modelo abstraktu bat[7]. Bere lanean, Smithek izar-konfigurazioen konplexutasuna islatzen du; gaueko ortzian plano batean jarrita daudela dirudi. Kosmosa inspirazio iturritzat hartuta, konstelazio txundigarri horiek hobekien harrapatzeko aukera ematen dioten material eta metodoa hautatu zuen artistak[8].

Preguntas

Begiratu Izarren kaiola eskultura. Zer ikusten duzu? Zein termino baliatuko zenituzke hori deskribatzeko? Nolakoa du forma? Zer da lan honetatik atentzioa ematen dizun lehen gauza?

Izarren kaiola altzairu margotu eta orraztuarekin egin zuen Smithek. Zerekin lotzen duzu altzairua? Zein ezaugarri ditu material horrek? Zein ezaugarri iradokitzen dizkizu? Zein teknika uste duzu baliatu zituela artelana eraikitzeko? Azaldu itzazu artistak jarraitutako pausuak. Zergatik uste duzu erabaki zuela eskulturaren atal bat margotzea?

Smithentzat altzairuak aurrerakuntza eta industrializazioa esan nahi zuen. Zergatik uste duzu aukeratu zuela material hori? Zer uste duzu transmititu nahi zuela lan honekin? Bere artelanak zizelkatu edo landu ordez, hainbat pieza soldatzen zituen Smithek, garai hartako hiru dimentsioko artearen konbentzioei muzin eginda. Zein abantaila eta desabantaila aurkitzen diozu bere lan egiteko moduari?

Smithek altzairu soldatuarekin egiten zuen lan bere hitzetan “espazioan eraikitako marrazkiak” zirenak sortzeko[9]. Zein da, zure ustez, marrazkiaren eta eskulturaren arteko harremana? Bere lanekin Smithek espazioa marraztea lortzen duela uste duzu? Nola?