nacimiento invertido

Jaiotza alderantzikatua (Inverted Birth), 2014

Jaiotza alderantzikatua (Inverted Birth), 2014
Bideo-/Soinu-instalazioa
Bereizmen handiko bideoa koloretan, gela ilun bateko lurrean finkatutako pantaila bertikal baten gainean proiektatua; soinu estereoa, behe-bozgorailuekin (subwoofer)
Proiektaturiko irudiaren neurriak: 5 x 2,82 m
8 min, 22 s
Antzezlea: Norman Scott

Bill Viola (New York, 1951) bideoartearen garapenaren artista garrantzitsuenetako bat da. 40 urteko ibilbidean, abangoardiako teknologia uztartu eta esploratu du, gai unibertsalen inguruan gogoeta egin artean: bere etapa desberdinetan jaiotza, heriotza eta bizitzaren iragatea bezalako gai unibertsalak lantzeko. Bere pieza berrienetako batean, Jaiotza alderantzikatua (Inverted Birth, 2014) lanean, bizitzaren zikloa inguratzen gaituen jarraitasun gisa ikertu du Violak, progresio lineal gisa aztertu ordez. Gizakiak lurrean duen existentzia lantzen du artistak, hasiera eta amaiera baterakidea dituen ziklo gisa landu ere.

Jaiotza alderantzikatua zoruan ainguratutako bost metroko altuerako pantaila batean proiektatutako lana da, eta esnatzearen bost aldi irudikatzen ditu transformazio bortitz multzo baten bitartez. Gizon bat ilunpetan dago, fluido beltz batean blai; tanten hotsak espazio hutseko hotsa eteten du. Pixkanaka, fluidoa altxatzen hasten da, eta, mugimendua areagotu ahala, gorantzako fluxua uholde burrunbatsu bihurtzen da. Beltzaren etsipen iluna beldur bilakatzen da isurkaria gorritu egiten denean, baina gizonak gogor eusten dio. Isurkari txuriarekin lasaitasuna eta elikatzea datoz, eta, haren ondoren, ur garbitzailearen purifikazioa. Azkenean, lanbro arin batek onarpena, esnatzea eta jaiotza dakartza.[1]

Violak Jaiotza alderantzikatua lanean darabiltzan fluidoek giza bizitzaren funtsa irudikatzen dute: lurra, odola, esnea, ura eta airea, eta jaiotzatik heriotzerako bizi-zikloa, hemen alderantzikatua eta ilunpetik argirako transformazio bilakatua.[2]Violak paralelismo bat ezartzen du bere lanaren eta munduaren sorreraren artean, iluntasunetik abiatzen den bidaia bat berregiterakoan, fluxu desberdinetan barnako ibilbidea egin ostean, argian bukatzen den bidaia, hain zuzen. Artistak, beste behin, giza-existentziako gai nagusienetako bat aztertzen du lan honetan: bizitzaren eta heriotzaren arteko harremana, bere ibilbideko hastapenetatik bertatik bere obran modu desberdinetan landu duen gaia.

Lan honetako pertsonaia nagusia gizon bat da, pantailan bakarrik ageri dena. Bere tamaina naturala baino lau aldiz handiago ageri da proiektatua eta praka batzuk baino ez dauzka aldean. Lanak irauten duen denbora osoan, gizon honek fluidoen uharra jasaten du bere gainean, mugimendu minimo batekin; lantzean bakarrik altxatzen ditu burua eta eskuak, geldoki. Likidoak guztiz estaltzen duenean, begirada jaisten du gizonak, ikusleari zuzen-zuzenean begiratzeko. Akzioa geldoa da, lanean den guztia bezala, eta ulergaitza da bere begirada.

Arte-pieza hau osatzeko, Violak modu estrategikoan kokatzen du kamera, ikusleak aktorea eta bere erreakzioak baino ez ditzan ikusi, eta ez lantaldea bera, argizko zubi batetik bere gainean likidoak isurtzen dituena. Filmazioa abiadura normalean burutu zen, hartualdi bakarrean eta kamera mugitu gabe. Hala ere, bideoarteko lan honen proiekzioa kamera geldoan eta atzeraka erreproduzitzen da. Horren ondorioz, ikusleak grabitatearen inbertsioa hauteman dezake isuri beharrean goraka doan likidoan, eta, hala, aktorearen erreakzioaren xehetasun bakoitzari errepara diezaioke.

Preguntas

Hasi Bill Violaren Jaiotza alderantzikatua (Inverted Birth, 2014) lana ikusten [8 minutu eta 22 segundoko iraupena]

Zer uste duzu ari dela gertatzen? Zeintzuk izan dira bideoa ikustean izan dituzun lehen inpresioak? Zergatik uste duzu sortzen dituela lan honek horrelako erantzunak? Nola uste duzu sentitzen dela likido desberdinek bustitzen duten gizona? Zergatik uste duzu erreakzionatzen duela modu desberdinean erortzen zaion likidoaren arabera? Zein da bere erreakzioa beltzaren, gorriaren, zuriaren eta tonu gardenaren aurrean? Zergatik uste duzu hautatu zituela Violak kolore horiek eta ez beste batzuk? Nola aldatuko litzateke lanaz duzun pertzepzioa koloreak berdea, urdina edo horia balira? Nola uste duzu eragiten dutela koloreek gauzak hautemateko dugun moduan?

Artistak bost etapa deskribatzen ditu Jaiotza alderantzikatua obran: iluntasuna, ikara, lasaitua, purifikazioa eta onarpena. Momentu bakoitza etapa batekin lotu ahalko bazenu, zeinekin lotuko zenuke? Arrazoitu zure erantzuna. Bestalde, Violarentzat, fluido bakoitzak giza-bizitzaren esentzia eta bizi-zikloa sinbolizatzen ditu. Giza-existentziako zein etaparekin lotzen duzu fluido bakoitza? Erlazionatu zure hausnarketak obraren izenburuarekin: “Jaiotza alderantzikatua”  Zergatik uste duzu jarri diola izen hori? Izenburua aldatzeko aukerarik bazenu, zein izan jarriko zenioke? Zergatik?

Proiektaturiko irudiak 7,5 metro eta 4,22 metro neurtzen du. Irudian agertzen den gizona bere tamaina naturala baino lau aldiz handiagoa da. Nola eragiten dio obraren tamainak ikusleek berekiko duten harremanari? Nola eragingo lioke eskala txikiago batek obraren inpaktuari? Gainera, bideoa kamera geldoan eta atzeraka proiektatzen da. Abiadura normalean eta aurreraka ikusiko bazenu pertzepzio desberdina izango zenukeela uste duzu? Zenbat uste duzu iraungo lukeela? Zer uste duzu lortzen dela efektu horiekin? Zer antzeman ahal izan duzu proiektatzeko modu bereziari esker? Zer uste duzu nabarmentzen dela modu horretan? Eta zer uste duzu galtzen dela? Obraren making off  prozesua ikus dezakezu bideo honetan. Zerk deitzen du zure arreta gehien?