image

Klasikotasuna eguneroko bihurtzen

Pertsonen osagaiak dira argia eta airea, baita heredatutako ezaugarriak eta haien ekintzak ere. Norbaiten ogibidea asma dezakegu haren itxuragatik; aurpegian ikus dezakegu pozik ala kezkatuta dagoen1.

Bi mundu gerren arteko garaian, artistek taldekotasuna eta banakotasuna kontrajarri zituzten arlo politikoan, ikonografikoan eta formalean. Alemanian August Sanderrek (1876—1964) proiektu handi bat, haren joera politikoarekin lotura handia zuena, hasi zuen: argazkiak atera zituen gizarte taldeak eta lanbideak erretratatzeko. "Sanderrek Kolonian zuen estudioan biltzen ziren artista gazteak, batez ere, ardura politikoak zituzten ezkertiarrak, Koloniako Progresistak izena hartu zutenak. Izan ere, garai hartako gai sozial eta estetikoen inguruko eztabaida sutsuetan parte hartzen zuten haiek, eta eztabaida horiexek lagundu zioten Sanderri gizarte modernoaren erretratu dinamiko eta oso bat egiteko ideia garatzen"2 .

Sanderrek 1922an, 46 urte zituela, hasi zuen Menschen des 20 Jahrhunderts (XX. mendeko gizakiak) lana. Horretarako erretratatu nahi zituen ogibideen zerrenda bat egin zuen lehenbizi. Argazki gehienak haren jaioterri Westerwald eskualdean (Koloniatik gertu) egitea erabaki zuen, oso ongi ezagutzen zuelako, eta egunero bizikleta gainean joaten zen salerosleen, langileen eta beste hainbeste gizonen irudiak ateratzera. Ikazkin bati atera zion argazkian "langilearen irudia zedarritzen duen ateak eguzki argi distiratsuaren eta atzean gelditzen den iluntasun sakonaren artean muga bat sortzen du. Gizonaren belaun tolestuak markotik irten behar duela dirudi eta bestela estatikoa litzakeen irudian mugimendua sortzen du"3 .

Sanderren jatorrizko ideia bere hirikideen 600 bat erretratu egitea zen, baina 1929an liburu bat argitaratu zuen ordura arte zituen argazkiekin. Tamalez, Sander argazkilari zen nazien erregimena gailendu zenean, eta ordutik aurrera, ezin izan zituen hainbeste erretratu egin. Naziek baina, haren liburua debekatu zuten, haren estudioan sartu ziren eta argazkiak suntsitu zituzten, haien ustez Sanderren irudi zintzoek naziek sortu nahi zuten arraza gorena irudikatzen ez zutelako. Nolanahi ere, bere lana babesteko, Sanderrek landan ezkutatu zituen negatiboak, eta naziek Bigarren Mundu Gerra galdu ostean, berriz errebelatu zituzten berreskuratutakoak.

Oharrak
1 "August Sander", The J. Paul Getty Museum, http://www.getty.edu/art/gettyguide/artMakerDetails?maker=1786 (azken bisitaldia 2011ko urtarrilaren 26an).

2 "August Sander: People of the Twentieth Century", The J. Paul Getty Museum, http://getty.edu/art/exhibitions/sander/index.html (azken bisitaldia 2011ko urtarrilaren 26an).

3 "Coal Carrier, Berlin", The J. Paul Getty Museum, http://getty.edu/art/gettyguide/artObjectDetails?artobj=40664 (azken bisitaldia 2011ko urtarrilaren 26an).

Preguntas

  • Argazkia erakutsi baino lehen, esan ikasleei 1929an ateratako irudi bat ikusi behar dutela eta titulua Ikazkina duela. Zer espero dute? Eskatu zirriborro bat egiteko edo lerro pare bat idazteko. Ondoren, Sanderren argazkia erakutsi. Irudiaren eta haiek espero zutenaren arteko berdintasun eta desberdintasunen inguruan hitz egin.

Erakutsi ikasleei Ikazkina (Kohlenträger), 1929

  • Gizon honek zuzenean begiratzen gaituela dirudi. Zertaz hitz egingo lukete ikasleek? Zer uste dute hark esango liekeela lanbidearen, gizartean zuen lekuaren eta 1929ko Alemaniako bizitzaren inguruan?

    Argazki hori “Klasikotasuna eguneroko bihurtzen” sailan ikus dezakezue. Nola ematen da aditzera egunerokotasuna? Zertan datza klasikotasuna?