Esther Ferrer slide small 1016x1024

Las cosas

Esther Ferrer
Las cosas
Performance
Le Lieu Festival, Quebec (Kanada), 1990
© Esther Ferrer, VEGAP, Bilbao, 2018
Photo: F. Bergeron

“Performancea obra irekietan irekiena da [...] Performancea eraldaketa da, mugimendua, prekarietatea [...] Performancea, nik ulertzen dudan moduan, pozarren dago disidentez beteta.” [1]

Esther Ferrer (Donostia, 1937) aitzindaria izan zen performancearen artea errealitatea eraldatzeko tresna gisa erabiltzen. Bi mailatan garatzen da bere jardun-espazioa: bata espazio pribatua da, eta alderdi intimoak kuestionatzen ditu, sexualitatea eta harreman pertsonalak kasu; bestea espazio soziala da, eta emakumearen gorputzaren kodifikazioa salatu eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzen du.

Gauzak (Las cosas, 1990) izenburuko performancean, publikoari bizkarra emanda, aulki batean eserita hasten du Ferrerrek bere ekintza, eta askotariko objektuak jartzen ditu buru-gainean, arropa kentzen duen bitartean. Ondoren, biluzik, beste aulki batera joan eta publikoaren aurrean esertzen da. Jarraian, jantzi egiten da, buru-gainean objektuak jartzen jarraitzen duen bitartean. Objektuak kendu eta jarri ahala, mahai gainean uzten ditu hartu dituen ordena berean, bata bestearen atzetik. Urteetan zehar, askotan egin du Ferrerrek performance hori, baina ez beti modu berean, egoeraren arabera formatua aldatuta baizik: batzuetan beste pertsona batzuk sartzen ditu, beste batzuetan ez da biluzten edo objektu ezberdinak erabiltzea erabakitzen du. Baina beti jolasten du ikuslea deseroso sentiaraztearekin eta egoeraren zentzugabekeriarekin, ekintza bultzatzen duen tresna gisa.  [2] 

Ekintza artistikoan erabilitako gauzek —performanceari izena ematen diotenek— beste balio sinboliko bat hartzen dute ekintzaren parte direlako eta artistarekin duten gorputz-erlazioagatik, eta artistak beren izaera objektibo eta instrumentala galdu gabe maneiatzen ditu gauzok.[3] Gauzak lana garatu duen aldiro, eguneroko bizitzako objektuak erabili ditu Ferrerrek, hala nola mahai bat, aulki bat, edalontzi bat, mailu bat, ogia eta inbutu bat, eta beren ohiko funtzioak kentzen dizkie. Bere bizitzan zehar aurkitu ditu objektuok, eta ez ditu aukeratu estetikoak izateagatik; izan ere, bere performancean, ez zaio interesatzen gauzei berez dutena ez den beste baliorik ematea: gauza erabat arruntak dira. Horrela, egoera absurduak sortzen ditu eta, ezer komunikatzeko asmorik gabe, zerbait aurkitzera animatzen dute ikuslea, bere istorio eta lotura propioak sor ditzan estimulatuz.

Ferrerren esanetan, performancea hemen eta orainaren artea da. Hiru elementuk hartzen dute esku bere ekintzetan: presentziak, espazioak eta denborak. Hiru elementu horien arteko elkar ekintzak ikuslearengan probokatzen dituen efektuak eta interpretazioak interesatzen zaizkio artistari: ekintza egiten duen pertsonaren (artista) presentzia, ekintza jasotzen duten eta/edo ekintzan modu aktiboan edo pasiboan parte hartzen duten pertsonen (publikoa) presentzia eta ekintza garatzen den espazioa-denbora. Berarentzako, bere gorputzak, energiak, objektuek, bere autorretratuek, bere ahotsak, ideiek, hitzak eta logikak osatzen dute performancea.

Bere sormen-lanaz hitz egiten duenean, “gauzak egitea" adierazpena erabiltzen du, eta ez "artea egitea". Adierazpen hori erabiltzeak “artista” termino edo kategoriarekiko duen deserosotasuna adierazten du, nahiz eta, hala ere, erabiltzen duen termino hori, jendeak zertan jarduten duen uler dezan bakarrik. Bere askatasun nahiak eta bere idealak ez traizionatzeko nahiak zuzentzen dute bere planteamendu pertsonal eta artistikoa. Horrenbestez, gizarte eta kulturako arau oro alde batera utzi du bere ibilbide osoan, eta horrek aukera eman dio hesiak apurtzeko eta sormen-aukeren esparru amaigabe bat irekitzeko. Uste osoko feminista gisa definitzen du bere burua. Bere gorputza bera bihurtzen da nazio zein nazioarteko agertoki artistikoan emakumearen ikusgarritasuna energiaz aldarrikatzeko tresnarik egokiena, agertoki horietan gizona gailentzen baita oraindik ere.

Preguntas

Esther Ferrerrek eguneroko objektuak erabili zituen Gauzak bere performancea egiteko. Begiratu arretaz ekintza horren irudiak, eta zerrenda itzazue agertzen diren objektuak. Zein izan liteke gauza horiek aukeratu izanaren arrazoia? Zertan dira berdinak? Nolabait erlazionatuta al daude? Nola?

Objektuez gain, Ferrerrentzat, artista bera da obra. Zergatik uste duzue esaten duela hori? Nola txertatzen da bera performancean?

Performance hau, eta performanceak oro har, ekintza iragankorretan oinarritzen dira; hau da, ekintzak garatzen ari diren denbora bakarrik irauten dute. Zergatik uste duzue artista batek aldi baterako lan bat sortu nahi izan dezakeela? Lana erreproduzitzen den aldiro berdin-berdin egiten dela uste duzue? Zergatik sortu ote du Ferrerrek lan aldakor bat? Zer sentsazio sorrarazten du jakiteak ekintzak —edo, hobe esanda, lanak— garatzen ari den denbora bakarrik irauten duela?

Nola kontserba edo gorde daiteke performance bat? Nola erregistra liteke obra edo bisitariekin elkar ekintza, etorkizunean gogoratzeko?

Ferrerren ustez, funtsezkoa da bere performanceetan hiru elementuk elkar eragitea: artistaren eta bere publikoaren presentziak, denboraren joanak eta ekintza egiten den espazioak. Nola betetzen ditu hiru premisok Gauzak obrak? Zergatik ote dira horren garrantzitsuak hiru elementuok artistarentzat? Nola hartzen du parte publikoak? Nolakoa da artistaren eta publikoaren arteko elkar ekintza?

1988an egin zuen Gauzak lanaren lehendabiziko performancea; azkena, berriz, 2011n. Deskriba ezazue nola imajinatzen duzuen izan dela performanceetara joatea. Zuen ustez, nola sentituko ziren parte-hartzaileak, performancea ikusterakoan? Nola sentituko zinatekete zeuok? Zer nolako inpresioak sorrarazten dizkizue? Zer iruditzen zaizue publikoak artelanetan parte hartzea edo artelanekin elkar ekintza izatea? Obra hau ikusten duen pertsona bakoitzak sentsazio ezberdinak bizi izaten ditu. Zer da, gauza bera ikusi arren, pertsona bakoitzak sentsazio ezberdinak izatea eragiten duena? Zuen ustez, gauza bera al da performance bera hainbat aldiz egitea eta margolan bat erakusketa ezberdinetan erakustea? Zergatik?

[1] http://dspace.umh.es/bitstream/11000/1867/1/TD%20Garc%C3%ADa%20Muriana%2c%20Carmen.pdf (381. or.).

[2] http://todoesperformance.blogspot.co.uk/2015/12/esther-ferrer-las-cosas-1997-2011.html

[3] http://www.reactfeminism.de/entry.php?l=lb&id=51&e=