10Quatre femmes sur socle

Lau emakume idulki gainean (Quatre femmes sur socle), 1950

“Bizitik abiatuta, eskultura txiki-txikiak egiten nituen: hiru zentimetrokoak. Nahi gabe egiten nuen hori. Ez nuen ulertzen. Handi hasi eta txiki-txiki bukatzen nuen. Gauza txiki-txikiak soilik iruditzen zitzaizkidan antzekoak. Gero ulertu nuen: pertsonak ezin dira beren osotasunean ikusi harik eta urrundu eta txiki-txiki bihurtzen diren arte”. [1]

21 urte besterik ez zuela joan zen Alberto Giacometti (1901–1966) sorterri zuen Suitzatik Parisera, eskultura ikastera, eta bertan hasi zen giza irudia aztertzen. Estilo propio baten bila, garai hartan artistak alde batera utzi zuen naturalaren zuzeneko kopia, eta buruz egin zuen lan; berariaz pertsonen buruan jarri zuen arreta. Bigarren Mundu Gerran naziak Parisera iritsi zirenez, 1941ean Giacomettik Suitzara joan izan zuen, eta Genevako hotel bateko logela batean bizitzen hasi zen. Holokaustoaren ondorioz nahigabetuta, existentzialismoaren postulatuen eraginpean eta Jean-Paul Sartreren ideietan oinarrituta, eskultoreak lan egiteko modua aldatu zuen: une hartatik aurrera, figuren eskala eta espazioaren materializazioa bihurtu ziren haren ezinbesteko borroka. Gero eta txikiagoak ziren haren obrak; batzuk, gainera, oso txikiak, hala nola orratz baten buruaren tamainakoak. Aldi hartan, Genevan bizi zela, haren emazte izango zena ezagutu zuen, Annette Arm, eta artistaren modelo nagusia bihurtu zen. 1945eko irailean, Parisera itzuli zen, eta haren arte-praktikak beste norabide bat hartu zuen: irudikapen-espazioa aztertzen hasi zen. Une hartan, eskulturei oinarriak edo idulkiak jartzea erabaki zuen, haiek zorutik bereizteko; beste batzuetan, eremu birtual bat mugatzen duten «kaiola» moduko batzuetan sartu zituen. Baliabide horiei esker, une jakin batean irudikatzen zuen artistak mugimendua.

Parisera itzuli zenetik egin zituen lehenengo saiakeretan, eskulturetako figurek txikitzen jarraitzen zuten, eta, altuagoak egin nahi izan zituenetan, oso estilizatuta ateratzen zitzaizkion. 1950ean, Lau emakume idulki gainean egin zuen; lan horretan, lau emakume ageri dira, zutik eta urruti samar baleude bezala. Emakume-figurak izugarri argalak eta luzangak dira; biluzik daude, eta geldirik. Giacomettik ikusten eta gogoratzen zuena irudikatu nahi izan zuen eskulturetan. Hein batean, txikiak dira, urruti baleude bezala. Izan ere, obra hau egiteko, betiko gogoan geratu zitzaion eszena batean oinarritu zen: lau prostituta biluzik Parisko burdel baten hondoan [2]. Une hartan, nahiz eta logela gurutzatu eta prostitutak zeuden lekuraino joan nahi izan, haraino zegoen distantzia gaindiezina iruditu zitzaion, eta emakumeek bezainbesteko zirrara sorrarazi zion horrek [3]. Emakume-figura horien anatomia eskeletikoa dela esan liteke, bata bestearen ondoan nolabaiteko harmoniaz jarri diren egitura lineal batzuetara mugatutako gorputzak baitira. Giacomettiren prozedura zen burdinazko armadurei materia gehitzen joatea; horrela, forma ematen zien itxuraz muskulurik ez zuten gorputz batzuei, ezaugarri gutxi batzuk zituzten eta gizatasun-arrastorik batere ez zuten gorputz batzuei. Denborak jan dituela dirudi, indusketa arkeologiko baten ondoren antzinako hilobi batetik atera izan balituzte bezala.

Obra hau egin zen garaian, Giacomettik eskulturen inguruko espazioa ikertu nahi izan zuen, eta absolutuaren bilaketa existentzialistari ekin, eskulturen itxuraren bidez. Jean-Paul Sartrek berak gai honi buruz idatzi zuen 1948an, Giacomettik garai surrealista alde batera utzi ondoren Parisen egin zuen lehenengo erakusketarako testu batean [4]. Bertan, obra behin eta berriro hasi beharra aipatzen du, eta, hark esan bezala, “ordu batzuk soilik irauteko egin ziren” obrak suntsitu behar zituela nabarmendu. Erabiltzen zituen prozedurei dagokienez, badakigu Giacomettik milimetrikoki eta sendotasunez, gau eta egun, egiten zuela lan eskuekin bere tailerrean. Sortzen zituen figuretan, bere ibilbide osoan giza figurari eta buruari dagokienez esperimentatu zuen guztia biltzen da.

Sartrek dioenez, Giacomettik “urruntasunean gizateria ahalik eta gehien murriztea” lortzen du; halaxe gertatzen da Lau emakume idulki gainean eskulturan. Gainera, Sartreren hitzetan, artistak sortzen dituen silueta luzangako gizon eta emakumeak existentzia uzkurtuaren metafora dira, “izanaren eta ezerezaren erdi-bidean”; Bigarren Mundu Gerraren esperientzia traumatikoaren ondoren nagusitu zen existentzia-modu hori. Horretaz gain, eskultura horien “distantzia absolutuaz” hitz egiten du; ezinezkoa da haietara hurbiltzea, eta urrutitik baino ezin dira behatu, hurbiltzean ez baitizkigute erakusten beren sekretuak.

Preguntas

Behatu arretaz Giacomettiren obra hau. Urrundu eta hurbildu behin baino gehiagotan. Zer ikusten duzue gerturatzen zaretenean? Zer desagertzen da urrutitik begiratzen diozuenean?

Zergatik daude lau figura? Ba al dago zenbaki horrekin lotutako sinbolismoren bat?

Bere obran, Giacomettik martxan irudikatu nahi izan zituen lau figurak. Artista bazinete, nola irudikatuko zenituzkete figurak martxan? Jarri gorputza mugitzen ariko balitz bezala.

Obrak Lau emakume idulki gainean du izena. Zuen ustez, zergatik dira denak emakumeak? Nor izan litezke? Zuen ustez, zer ekintza ari dira egiten? Begiratu haien gorputzei eta fisionomiari; zer beste xehetasun behar zenituzkete haien identitateak igartzeko?

Eskultura brontzezkoa da. Hura egin zuenetik, oso lotuta ageri da brontzea Giacomettiren lanari. Izan ere, berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik, brontzea merkatu egin zen, eta, ondorioz, Giacomettiren eta beste artista askoren material gustukoena bihurtu zen. Zer ezaugarri ematen dizkie brontzeak figurei? Beste material bat erabili izan balitz, zer irabaziko zukeen obrak ikuspegi estetikotik, eta zer galdu?

Figurak oinarri baten gainean lerrokatuta daude; zuen ustez, zergatik erabakiko zuen artistak haiek hor gainean jartzea? Arretaz begiratuz gero, bi emakume txikienak bi muturretan daudela ikusiko duzue; eta altuenak, berriz, erdian. Zergatik? Zergatik daude ilaran jarrita, eta ez taldean (adibidez, biribilean)?