Lo dagoen lurra (La tierra que duerme, 1986)
Lo dagoen lurra (La tierra que duerme, 1986)
Altzairua eta olioa, 66 x 120 x 39 cm
Soledad Lorenzoren bilduma, MNCARSen gordea
© VEGAP, Bilbo, 2016
“[Lo dagoen lurra egiteko ere] oso eskultorikoa ez den kontzeptu bat erabili nuen, paisaia, hain zuzen ere. Kasu honetan, eskulturak lurraren planoa igotzen du eta euskarritzat zorupe moduko bat du. Ikusten denaren eta ikusi ezin denaren arteko erlazioa da.”[1] Pello Irazu
Pello Irazuk (Andoain, 1963) Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatean ikasi zuen. Bere lengoaiaren bila zebilela, artista gaztea margolanei objektuak gehitzen hasi zen, eta horiek hiru dimentsioko obra bihurtzen. Horrela hasi zen lehen eskulturak egiten. Hasieran, Irazu Euskal Eskultura Berria delakoaren barruan zegoen. Mugimendu horretako artistek tokiko tradizioaren lerro nagusiak baztertu zituzten, haien obrak Minimalismoan errotu eta Jorge Oteizaren (Orio, 1908−Donostia, 2003) eskulturaren alderdiak berrinterpretatu zituzten. Irazuk Oteizaren espazioaren eta materialen tratamenduari buruzko ideiak aztertzen eta zalantzan jartzen ditu, bere lengoaia eklektiko eta pertsonala sortzeko asmoarekin. Funtsezko forma eta bolumenak bilatzeko bidean, Minimalismoaren eragina ere jaso dio. Hala eta guztiz ere, Irazuk ez ditu forma geometriko garbiak bakarrik erabiltzen; aitzitik, modu organikoan lan egitearen alde egin du, itxura antropomorfo eta zoomorfoko piezak egin baititu.[2] Gauzak horrela, Irazuk obra oparoa osatu du hogeita hamar urtean baino gehiagoan, eta askotariko material eta euskarriak uztartu ditu bertan.
Hasiera-hasieratik, Irazuren bereizgarrietako bat zen eskultura txikiak egiten zituela, 1986ko Lo dagoen lurra, adibidez. Haren helburua zen piezak egiteko erabiltzen zuen materiala bere indarraz, bere gorputzaz bakarrik eskuztatzea. Lanen neurrien bitartez, Irazuren obrek giza eskalaz eta berez energia bizia duten objektuak sortzeko gogoaz hitz egiten digute.[3] Bere ibilbide osoan, Irazurentzat oso garrantzitsua izan da giza eskala ez galtzea eta piezak berak landu ahal izatea. Horregatik, eta material pisuak aukeratu dituelako (burdina, altzairua eta egurra, adibidez), Irazuk obra txikiak egin behar izan ditu. Hala eta guztiz ere, lehen etapa horretako obretan, Lo dagoen lurra obran, adibidez, materialen trinkotasunak eta itxura fisikoak garrantzi handia dute, piezak energiaz betetzen baititu.[4] Obra honetan paisaiari egin dio erreferentzia materialaren bitartez, kasu honetan altzairua, eta zentzu organikoarekin erabili du hori; zentzu organiko horrek obraren beraren zurruntasuna ezeztatzen du ia. Gainera, obraren gainean zuzenean jarri duen kolorearen bitartez, artistak materialaren akabera industriala ukatu eta eskultura leundu du, itxura piktorikoa ematen dio.[5] Kolorea beste material baten gisan ulertuta, garrantzia handiko ezaugarria da Irazuren eskulturetan. Kolorearen bidez, piezen parte espezifiko batzuk nabarmentzen ditu, eskulturari biribiltasuna kentzen dio eta multzoaren osotasun uniformea zalantzan jartzen du.[6]
Preguntas
Begira ezazu obra arretaz, eta deskriba ezazu: formak, materialak, espazioarekin duen erlazioa…
Lo dagoen lurra altzairuz eta olio-pinturaz egina dago. Zer bereizgarri ditu material horietako bakoitzak? Zer ezaugarri ekartzen dizkizute gogora? Altzairua zerekin lotzen duzu? Eta olio-pintura? Zer efektu sortzen da hain desberdinak diren bi material elkartzean? Zergatik erabaki ote du Irazuk eskultura margotzea? Zergatik uste duzu margotu duela eskulturaren parte bat bakarrik? Arrazoitu zure erantzunak.
Hasieran, Irazuk obra txikiak egiten zituen, materiala bere kasa landu nahi zuelako: bere eskuekin, makinarik erabili gabe; eskulturak bere gorputzaz bakarrik baliatuz muntatu nahi zituen. Horren ondorioz, piezen eskala murriztu egin zen, material pisuak erabiltzea aukeratu zuelako. Lo dagoen lurra bere lehen eskulturetako bat da, eta eskala txikia du. Nola aldatuko litzateke obra ulertzeko zure modua, handiagoa izango balitz? Eta askoz txikiagoa balitz?
Zer iruditzen zaizu artistak bere gorputza soilik erabilita egin ditzakeen obrak sortzeko erabakia? Zer abantaila eta desabantaila ditu erabaki horrek? Zergatik aukeratu ote du horrela lan egitea? Obra egiterakoan artistak fisikoki parte hartzea garrantzitsua dela iruditzen al zaizu?
Eskultore askok, Chillidak eta Oteizak kasu, obrak asmatu, maketak material malguekin egin (klerarekin eta buztinarekin, adibidez) eta, gero, talde espezializatuei burdina galdatu eta obra eskala handian egiteko agintzen zien. Artista baten obra beste norbaitek gauzatzen badu edo makinen bitartez egiten bada, berdin balio duela iruditzen zaizu? Zergatik? Zer beharko luke Irazuk eskala handiagoan lan egiteko? Egin bere premien zerrenda bat.
Obra lurrean jarrita erakutsi ohi da. Zergatik uste duzu duela nahiago horrela erakustea? Desberdin jarriko balitz, desberdin ulertuko zenuke? Nola? Eta museoan beharrean kalean ikusiko bazenu? Obrak oin baten gainean edo lurrean egon berdin ulertzen direla iruditzen al zaizu? Non ikustea gustatzen zaizu gehien eta zergatik? Zer deritzozu, nork erabaki behar du obra nola jarri, artistak edo erakusketen aditu batek? Arrazoitu bakoitzak zer iguripen edo lehentasun izan ditzakeen.
Irazuk eskultura honi Lo dagoen lurra izena jarri zion. Irazuren iritziz, obra honek “ikusten denaren eta ikusi ezin denaren arteko erlazioa” irudikatzen du. Irakurri gida hasierako aipu osoa; zer iruditzen zaizu esan nahi duela? Nola erlaziona ditzakezu adierazpen hori eta obra bera? Obrari izena aldatzeko aukera izango bazenu, zer izen jarriko zenioke?