Guggenheim
Sarrera

DESKARGATU INPRIMATZEKO BERTSIOA

Francis Bacon
Michel Leirisen erretratua (Portrait of Michel Leiris), 1976
Olio-pintura mihise gainean
34 x 29 cm
Centre Georges Pompidou, Paris–Musée national d’art moderne. Centre de création industrielle. Louise eta Michel Leirisen dohaintza, 1984

“Nire kasuan margolan guztiak ustekabean egiten ditut —zaharragoa naizen heinean nabariagoa da—. Aurretik pentsatu egiten ditut, buruan irudikatu, baina ia inoiz ez dira pentsatu moduan ateratzen. Pinturak berak eraldatzen ditu. Pintzel oso handiak erabiltzen ditut eta lan egiten dudan moduagatik askotan ez dut jakiten pinturak zer egingo duen. Azkenean, nik egingo nuena baino zerbait askozaz hobea egiten du. Ustekanea da? Inork esango luke ez dela ezustekoa, hautaketa prozesu bat bihurtzen baita: ustekabean gertatutako horren zer zati gorde erabakitzen baitut. Noski, bat-batean gertatutakoaren bizitasuna gordetzen saiatzen naiz, baita jarraitasun bat izaten”. Francis Bacon[1]

1965ean, Francis Bacon-ek (Dublin, 1909–Madril, 1992) Michel Leiris (Paris, 1901–Saint-Hilaire, 1990) ezagutu zuen Alberto Giacometti-ri (Borgonovo, Suitza, 1901–Coira, Suitza, 1966) buruzko erakusketa baten inaugurazioan, Londreseko Tate Galleryn. Leiris idazle, poeta eta etnografo frantsesa zen; Baconen adiskide mina eta miresle bihurtu zen, eta Baconek inspiratu zituen haren bizitzako azken idazkiak. Haien adiskidetasuna haien antzeko zaletasun intelektualetan oinarritzen zen, baita naturaz gaindikoari eta giza arimaren anbiguotasun ulergaitzari buruz zuten erakarmenean ere [2]. Leiris izan zen Baconen obraren aztertzaile nagusietako bat, eta hark egiten zituen interpretazioak margolariak onartu egiten zituen, bakarrenetakoak [3].

Bere ibilbide artistikoko lehen urteetan, Bacon askotariko estiloak aztertzeari eman zion, baita bere-berea zuen estilo bat sortzeari ere. 1960ko hamarkada aldera, erretratuetan zentratu zen gero eta gehiago, batez ere hurbileko adiskideenak; batzuetan, haiei John Deakin-ek (Wirral penintsula, Erresuma Batua, 1912–Brighton, Erresuma Batua, 1972) ateratzen zizkien argazkiak, artistaren mandatuz. Deakinen irudiak, fotomatoi-tirak eta artistak berak ateratako argazkiak laguntza-elementuak izan ziren bere bilakaeran: giza gorputzaren irudikapen orokorretik pertsona jakinen erretratura lerratu zen [4]. Baconek nahiago zuen argazkiak erabiltzen lan egitea; izan ere, libreago sentitzen zen pertsona modeloak bere tailerrean bertan ez zituenean [5]. Erreprodukzioen arabera lan egiteari ematen zion lehentasuna, eta hori agerian geratzen da Velázquezek 1650ean egindako Inozentzio X.a aita santuaren erretratuarekin zuen obsesio etengabean. Baconek margolan hori erreprodukzioen bitartez ezagutu zuen bakarrik, Italiako hiriburura, Erromara 1954an egindako bisitan Doria Pamphilj galerian zuzenean ikusteko aukera izan zuen arren: nahiago izan zuen kopiekin aritu, eta ez jatorrizkoarekin, motibo horri buruz egindako 50etik gora margolanetan.

Arte edo zientzia mediko edo antropologiari buruzko liburu batzuk ere Baconen inspirazio-iturri izan ziren, baita egunkari eta aldizkarietako ebakinek ere: bere estudioko txoko guztietan ageri ziren, metatuta, utzikeriaz eta elkarren gainean toki guztietatik. Bere pinturetan, ordea, ez dago bere modeloen albait antzekoen izateko asmorik. Aldiz, berariaz, Baconek pertsona horien keinuak eta ezaugarriak aldatzen ditu, giza kondizioaren ezaugarri orokorrak erakustearren [6]. Bere irudikapenek ez dute bilatzen modeloaren gorputz-ezaugarrien antzekoak izatea, haren gogoaren egoera adieraztea baizik [7].

1970eko hamarkadaren erdialdera, Baconek Leirisen erretratu bat egin zuen. Haren aurpegia desitxuratu arren, Leirisen aurpegia ezaguna da bere nortasuna erakusten duen mozorro horren atzean [8]. Idazlearen aurpegia oso garrantzitsua da artelan horretan, Leirisen jardueraren benetako funtsa adierazten baitu, eta hura bere buruan zegoen, bere pentsamenduan. Baconek aurpegiko ezaugarriak nabarmentzen ditu, normala baino handiagoak eginez. Era horretan, nabarmendu egiten du nolako garrantzia duen zentzumenez hautemateak mundua aztertu eta ezagutzak ikasten direnean. Begia eta sudurra neurrigabeak dira, ezpainak erraldoiak, eta askotariko posizioetan erakusten dira: bada, idazlearen lanbideari egiten diote erreferentzia. Irudi horretan, Baconek erretratuaren generoa urrats bat harago eramaten zuen. Gorputz-ezaugarriak desitxuratzearen arrazoia ez da estetika, ez baitago mugimendua irudikatzeko edo une iheskor bat atzemateko asmorik. Aldiz, aurpegi zatien desitxurak pertsonaren nortasuna azaltzeko balio du. Bere asmoa zen modeloaren traza desitxuratzea haren benetako egiara heltzeko.

Galderak

Begiratu arretaz Leirisen erretratuari. Zerk deitu dizu arreta? Zertan bereizten da erretratu hau lehenago ikusi dituzun beste batzuetatik?

Deskribatu irudian ikusten diren gorputz-ezaugarriak. Nolakoak dira bere begiak? Nolakoa du ahoa? Nolako forma eta tamaina du sudurrak? Nolako arropa darama jantzita?

Baconen iritziz, bere artelanen bitartez, bere modeloen nortasuna eta aldartea adieraztea oso garrantzitsua zen. Zure iritziz, nolakoa zen Leirisen nortasuna? Bere nortasunaren zein ezaugarri uste duzu agertzen direla pinturan? Zer transmititzen dizu pertsona honi buruz bere aurpegierak?

Bilatu Leirisen argazki bat eta erreparatu irudi horren eta pinturaren artean dauden aldeei eta antzekotasunei. Haren aurpegiaren zein aspektu aldatu ditu Baconek? Zure ustez, artistak zergatik puztu edo desitxuratzen du Leirisen gorputz-itxura? Zure ustez, zergatik puztu ditu alderdi horiek eta ez beste batzuk?

Deskribatu artelan honen koloreak. Zure ustez, nola aldatuko litzateke pintura hau ikusteko modua Baconek erretratua koloretsuagoa egin izan balu? Begiratu arretaz Baconek pintzelkadak nola erabiltzen dituen, eta saiatu erretratuaren lerro garrantzitsuenak marrazten (airean ere egin ditzakezu, irudimenezko pintzelak erabiliz). Nola deskribatuko zenituzke lerro horiek?

Jarduerak

Sortu erretratu bat

Aukeratu ondo ezagutzen duzu norbait, eta egin pertsona horren erretratu bat edo gehiago, eta transmititu haren nortasuna, gorputz-itxurarekin bat ez badator ere.

Hasteko, ekarri etxetik zure modeloaren argazki bat edo gehiago. Gero, pentsatu aukeratutako pertsonaren izaeraren ezaugarri nabarmenenak eta, aldi berean, egin gogoeta pertsona horri buruz zer kontatu nahi duzun. Egin haren zaletasunen, nolakotasunen eta nortasunaz garrantzitsua iruditzen zaizun guztiaren zerrenda bat.

Zerrenda hori behin amaituta, lapitzaz eta paperaz haren erretratuaren zirriborro bat egiten has zaitezke. Argazkia lagungarri izan dakizuke, baina ez da beharrezkoa itxura berdintsua daukan erretratu bat egiten saiatzea. Gogoan izan erretratatzen ari zaren pertsonaren gorputz-itxura puztu edo desitxura dezakezula, ezaugarri batzuei besteei baino garrantzi gehiago emanez.

Aukeratu zure zirriborroetan gehien atsegin duzuna, eta egizu orain pinturaz, koloretako lapitzez edo nahiago duzun materialaz. Pentsatu zein kolorek adieraz dezaketen hobekien haren nortasuna.

Bukatzen duzunean, ikasgelan erakusketa bat antola dezakezue eta, bertan, ikasle bakoitzak egin duen margolana esplika dezake, baita bere asmoa zein izan den ere.

Modeloa eta artista

Baconen erretratuetan, aurpegiak desitxuratuta agertzen dira eta, errealitatearen antzeko izaten baino, aldarte bat edo nortasun bat irudikatu nahi dute. Bere ibilbide luzean, Francis Baconek bere adiskide eta amorante ugari erretratatu zituen.

Lehenik eta behin, bilatu ondorengo pertsonei buruz Baconek egindako erretratuak: Lucian Freud, Peter Beard, Muriel Belcher, George Dyer, Henrietta Moraes, Isabel Rawsthorne eta John Edwards. Aukeratu arreta gehien deitzen dizuna, eta asmatu erretratuko pertsona zein den eta Baconekin nolako harremana izan zuen. Gero, bilatu pertsona horren argazki bat eta konpara ezazu margolanarekin.

HITZ-ZERRENDA:

Erretratua: aurpegiari eta aurpegierari garrantzia eman ohi dion pertsona baten irudikapen artistikoa; gehienetan, haren gorputz-itxura, nortasuna edo aldartea adierazi nahi da.

Estekak:
Thyssen Bornemisza Museoa. Francis Baconen biografia.
Tate Gallery. Francis Bacon. Ikasle eta irakasleentzako oharrak.
Centre Pompidou. Txosten pedagogikoa.
Museo del Pradoko Francis Bacon erakusketa.

OHARRAK

[1] David Sylvester, The Brutality of Fact: Interviews with Francis Bacon, (Londres: Thames & Hudson, 1987), 10
[2] http://mediation.centrepompidou.fr/education/ressources/ENS-Leiris/
[3] http://www.franceculture.fr/emissions/les-regardeurs/portrait-de-michel-leiris-1976-de-francis-bacon
[4] https://www.museodelprado.es/actualidad/exposicion/francis-bacon/7349132f-7cf4-4177-bedd-eda4662302f9
[5] David Sylvester-ek Francis Baconi egindako elkarrizketa (1966)
[6] http://www.tate.org.uk/download/file/fid/4755
[7] http://www.museothyssen.org/thyssen/ficha_artista/42
[8] http://mediation.centrepompidou.fr/education/ressources/ENS-Leiris/
[9] https://www.museodelprado.es/actualidad/exposicion/francis-bacon/7349132f-7cf4-4177-bedd-eda4662302f9#

DESKARGATU INPRIMATZEKO BERTSIOA