Guggenheim
Default image for educational_guide
Sarrera

Holandarrak giza-inurriak dira: lurreko txoko guztietara hedatzen dira; aurkitzen duten guztia, eskasa, erabilgarria eta baliotsua dena, biltzen dute. [...] Herrialde hartan noranahi zoazela, artea naturarekin borrokan ikusiko duzu, eta beti irabazle.20

Natura hila terminoa XVII. mendean erabili zen lehen aldiz Herbehereetan21. Holandarrek interes goiztiarra izan zuten objektuetan eta haien indar sinbolikoan, moralean eta espiritualean bereziki. Hortaz, logikoa da natura hilen generoa erlijio-eszenetan hastea, horietan irudikatzen baitzituzten margolanean nagusituko ziren objektu sinbolikoak. Iparraldeko Probintzia Batuetan alde batera utzi zituzten kontakizunak pintura horietan22.

Natura hilen garapena nabarmena izan zen XVII. mendean. Hasieran naturaren xehetasun zehatzetan jarri ohi zuten arreta eta horien eskariak natura-zientzien bildumagileek, lorezainek eta Holandako nahiz atzerriko aleetan interes zientifikoa zutenek egiten zituzten batzuetan. Gai herrikoienek ere holandarren identitate arrakastatsua irudikatzen zuten maiz: arraina eta itsaskiak, esaterako, sarri agertzen ziren herrialdeak itsasoarekin zuen lotura estua zela eta. Loreak, orokorrean aintzat hartzen zirenak, modan izan ziren eta gaitzat loreak zituzten pinturak prezio altuan saltzen ziren23.

1640ko hamarkadan luxuzko objektuak gero eta gogokoago zituztela erakusteko, pinturak fruitu eta objektu apaingarriekin, hala nola, urrutiko herrialdeetatik ekarritako gai exotikoekin, bete zituzten. Nahiz eta artistek aldaketa horiek sartu, ez zituzten kendu ikusleei haien fede protestantea gogorarazten zizkieten elementuak. Merkataritzari esker oso aberastu ziren arren, munduaren eta espirituaren arduren arteko oreka mantendu nahi zuten holandarrek24. Bizitzaren iheskortasuna irudikatzen dituzten natura hilak vanitas deitzen dira. Pintura mota honen agerpena eta Probintzia Batuen eta Espainiaren arteko Hamabi Urteko Tregoaren amaiera batera gertatu ziren, baita izurriteak sortutako hondamendia ere25. Gerra eta gaixotasunak berriz jasateko beldurrak izan ziren ziurrenik vanitasen sinboloen iturri, adibidez, ordularia, burezurra, kea darion lanpara, isuri den edalontzi hutsa eta limoien azal zatiak zintzilik.

Gosarien natura hiletan jakiak irudikatzen dira apaingarrien edo naturako elementuen ordez. Pintura hauetan jateko tresnak eta amaitu gabe dagoen janaria agertzen da sarritan; hala, bazkari informal baten itxura hartzen du irudiak26. Jacob van Es (1596-1666) mota horretako lanak margotzeagatik zen ezagun. Natura hila sukaldeko mahai baten gainean dauden arrainekin (ca. 1635-40) lanean, esaterako, arrainak eta itsaskiak era desberdinetan jarrita ikus ditzakegu. Luzeran bi metro baino gehiago dituen pinturaren antolaerak ez die objektu guztiei garrantzi berdina ematen; hainbat gai diagonalean kokatu zuen eta batzuk besteen gainean ipintzen dira, arrain-sortak osatzen dituzte, erditik moztuta edo mahaitik zintzilik, sakontasun irudipena areagotzearren. Oraintsu hildako arrainen begiak begiratzera behartuta, bizitzaren iragankortasuna gogoratzen dugu.

Oharrak:
20 Denis Diderot, 1772an Holandara egindako bidaiaren berri ematen ("Voyage en Hollande", Supplément aux Oeuvres de Diderot, 1818), honetan aipatua: Alpers, op. cit., 168-69. or.
21 Kahr, op. cit., 189. or.
22 Ibid., 190. or.
23 Ibid., 191. or.
24 Ibid., 198. or.
25 Ibid., 196. or.
26 Ibid., 194. or.

Galderak
  • Azaldu ikasleei XVII. mendean Herbehereetan natura hila izeneko pintura mota garatu zela. Natura hiletan gauzaki bizigabeak, frutak, loreak eta ontzi exotikoak, adibidez, irudikatzen dira. Aztertu taldean zergatik nahiko lukeen norbaitek horrelako pintura bat margotu. Galdetu ikasleei zein objektu margotuko luketen haiek edo zein objekturen irudikapena eduki nahiko luketen.
  • Begiratu Natura hila sukaldeko mahai baten gainean dauden arrainekin. Inbentarioa egiten ari diren saltzaileen moduan, objektuak sailkatzen saiatu. Zenbat daude? Nolako tamaina dute? Zein motakoak dira? Galdetu orain zeintzuk gailentzen diren. Nola egin zuen artistak horiei garrantzi handiagoa emateko? Argia, kokapena, tokia erabili al zituen? Galdetu zeintzuk diren hunkigarrienak. Zer sentimendu sortzen diete?
  • Natura hilen hainbat pintore holandarrek gosarien natura hilak landu zituzten. Horietan bazkari informal batean hartzen ziren jakiak dira ardatza. Van Es pintore horietako bat zen eta sarri gazta, fruta eta tresneria exotikoa irudikatu zituen. Lan honetako arrainak norbaiten hamaiketakoa izango dira aurki, baina nahiko ziur esan daiteke haien sinbolismoarengatik aukeratu zituela artistak. Galdetu ikasleei arrain horiek zer esangura duten erlijioa, geografia, ekonomia, espiritualtasuna eta gizartea aintzat hartuz. Galdera hori erantzuteko Zazpi Herbehere Batuen Errepublikaren garaiko geografia, ekonomia eta erlijioa iker dezakete.
  • Artistek lurreko bizitzaren iragankortasunaren ikur ziren objektuak gehitzen zituzten haien lanetan, hori erlijioan oso kontzeptu garrantzitsua baitzen. Nola eman zuen aditzera Van Esek?
Jarduerak

Norberaren gosarien natura hila

  • Galdetu ikasleei gosariek nolako informazioa ematen duten haien familiari, herrialdeari eta garaiari buruz. Bazkari informalen pintura holandarrek geografiaren, merkataritza bideen, gizarte mailaren eta erlijioaren alderdiak aditzera ematen zituzten. Ikusi beste natura hil batzuk eta honen inguruan hausnartu: antolaerak eta sinbolismoak artistei lagundu zien ezkutuko esanahiak adierazteko. Natura hilen adibideak aurkituko dituzue Louvre Museoaren webgunean. Era berean, egungo natura hilak begira ditzakezue, esaterako Tom Wesselmann-en Natura hila 30. zk. (Still Life #30, 1963) Museum of Modern Art -en.
  • Proiektu honetarako ikasleek pentsatu behar dute haien buruaren, familiaren, herrialdearen edo garaiaren inguruan zer adierazi nahi duten eta janariak ideia horiek nola irudika ditzakeen. Ondoren, horretarako objektuak aukeratu behar dituzte. Baxerak, markak eta kantitateak, baita kontsumoa ere hartu beharko dituzte kontuan. Zeintzuk dira nabarmendu nahi dituzten objektuak? Objektu horiexek lehen planoan jarri beharko dituzte eta ongi argitu. Adibidez, haien lurraldeko janariaz harro daudela adierazi nahi badute, bertako gutiziak lehen planoan eta argiztatuta ipiniko dituzte eta atzealdean, itzalean, Coca-Cola bezalako atzerriko markak.
  • Proiektu hau pintura gisa egin dezakete ikasleek. Irudikatu nahi dituzten objektuak ongi antolatu behar dituzte eta argi iturri hainbatekin saiatu kontrasteak sortzeko. Teknologia eskura badute, collage bat egin dezakete PhotoShop-ekin edo antzeko beste edozein programarekin; hala, Interneten aurkitutako edo eskanerretik pasatutako irudiak gehi ditzakete.

Objektuen sinbolismoa

  • Natura hilen artean vanitasak garrantzitsuak izan ziren horietan artistek bizitzaren iheskortasuna aditzera ematen baitzuten. Ordulari bat, burezur bat, erori den lore hosto bat edo isuri den edalontzi huts bat mundu materialaren natura iragankortzat har zitezkeen. Holandako pintoreek haien garaiko objektuak baliatu zituzten; animatu ikasleak egungo vanitasak sortzera (pintura, marrazkia, argazkiak edo eskulturak izan daitezke).