Naturaleza muerta | Obras | Guggenheim Bilbao Museoa

Natura hila (Natura morta), 1920

“Nire ikasbide bakarra beti izan da iraganeko artisten eta artista garaikideen obrak aztertzea, gure galderei erantzun baitiezaiekete, baldin eta galdera egokiak egiten baditugu”.[1]

Giorgio Morandik (Bolonia, Italia, 1890–1964) ibilbide artistiko luzea izan zuen, berrogei urtetik gorakoa. Nerabea zela, denboraldi labur batez aitak lan egiten zuen enpresa berean jardun ondoren, Boloniako Arte Ederren Akademian hasi zen ikasten. Ikasle-garai haietan, Florentziara bidaiatu zuen, eta han Errenazimentu goiztiarreko margolarien obrak ikusi ahal izan zituen (besteak beste, Giotto-renak eta Masaccio-renak); artelan haien soiltasunak eragin handia izan zuen Morandirengan. Hasieran, artista futuristen jarraitzaile izan zen, baina, handik gutxira, haren obran Giorgio de Chirico-ren eragina igartzen hasi zen, argi eta garbi. Chirico pintura metafisikoaren sortzailea izan zen, eta objektu arrunten imajinatutako barne-bizitza gauzatu nahi izan zuen. Horretarako, testuingurutik kanpo eta itxuraz elkarren artean inolako loturarik gabe irudikatu ohi zituen: hain zuzen ere ideia hori erabili zuen Morandik Natura hila (1920) obran. Artistak bi ezaugarri hartu zituen pintura metafisikotik: eguneroko gauzen soiltasuna, izakiaren egoera garbi eta ezkutuago batera iristeko modu gisa ulertua; eta tokien lasaitasuna (itxuraz kontrolatuta eta mugatuta egon arren, nolabaiteko misterioz inguratuta daude).

Bi alderdirengatik nabarmentzen da Natura hila: margolariak ohol gainean egin zituen obra gutxietako bat da, eta halakoetan oso ezohikoa den forma angeluzuzena du. Natura hil honetan lau objektu daude, gainazal lau batean kontuz lerrokatuta, eta horrek lasaitasuna eta harmonia sorrarazten ditu. Gainera, eskuinaldetik sartzen den argi ahul eta lausoak oso itzal ilunak sortzen ditu, konposizioko lau objektuen presentzia eta bolumena areagotzen dutenak. Koloreari dagokionez, obra honek, nahiz eta monokromatikoa iruditu, kolore gama zabala du, krema-koloretik marroi ilunera. Tonu guztiak opakuak eta trinkoak dira, eta margolariak lodi-lodi aplikatzen ditu, figurei gorputza (ia bolumena) emateraino.

Etxebizitza gisa ere erabiltzen zuen estudioan, Morandik behin eta berriro antolatzen zituen eguneroko objektuak, konposizio desberdinak osatuz, eta etxeko gauza hutsal horiek irudikatzeko aukera amaigabeak aurkitu zituen. Sukaldeko tresnak (adibidez, edalontziak, botilak eta kaikuak) funtsezkoak izan ziren beti haren ikonografian, eta haren margolanen protagonista bihurtu ziren.

1920an, Natura hila margotu zuen urte berean, Valori plastici [2] izeneko mugimendu estetiko eta ideologikoak antolatu zituen zenbait erakusketatan hartu zuen parte Morandik. Mugimendu hark hizkuntza klasizista bat eraiki nahi zuen, alderdi tradizionala eta modernoa elkartuta. Talde hark, nagusiki, naturalismoaren tradizio klasikora itzuli nahi zuen, eta balio nazionalak berreskuratu; horretaz gain, Europako abangoardiako mugimenduak kritikatu zituen, hain zuzen ere tradizio hari bizkar ematen ziotelako. Horren haritik, natura hil honetako formen irudikapen plastikoak leialki islatzen du taldearen poetika, planoan kontu handiz banatutako lau objektuk itxura geometriko oso sendoa hartzen baitute, eta gu aurreko garaietara eramaten. Horretaz gain, Valori plastici izen bereko aldizkari bati lotuta zegoen, eta haren babesa jaso zuen. “Ordenara itzultzeko” mugimenduak artearen norabidea aldatu zuen: alde batera utzi zuen muturreko abangoardismoa, eta arte tradizionalean oinarritu zen; iturri figuratibo klasikoetara itzuli nahi zuen, argi eta garbi.

Morandik sakon aztertu zuen artearen historia; bereziki, Espainiako pintura eta XVII. mendeko natura hilaren tradizioa interesatu zitzaizkion. Tradizio horretakoa izan zen Francisco de Zurbarán, argi-ilunak eta formak ezin hobeki irudikatzen zituelako bereziki ezaguna. Morandik alderdi horiek islatu nahi izan zituen bere obretan.

 

Preguntas

Behatu Giorgio Morandiren Natura hila arretaz eta aipatu banan-banan han agertzen diren lau objektuak. Zuen ustez, zertan datoz bat? Zergatik aukeratuko zuen objektu horiek margotzea? Zertarako erabiliko zenukete objektu horietako bakoitza? Eta zertarako guztiak batera?

Ikusiko duzuenez, tarte bat dago objektu batetik bestera. Zergatik? Egia esan, elkarrekin daude eta eszena bat osatzen dute, baina, aldi berean, argi bereizita daude. Ikusiko duzuenez, objektu garaienak erdian daude, eta txikienak, berriz, alboetan. Bururatzen zaizue zergatik jarriko zituen horrela? Zer forma geometrikok inguratu ahal izango luke konposizio osoa?

Margolanaren kromatismoari dagokionez, zuen ustez, zergatik erabili du kolore gama hori? Zerekin lotzen dituzue kolore horiek? Nola aldatuko litzateke konposizioa beste kolore batzuk erabili izan balitu (adibidez, berdeen edo gorrien gama)? Saiatu natural hil bera imajinatzen, baina kolore elektrikoz edo fluoreszentez margotua; nola aldatuko litzateke zuen ikuspegia?

Orain, behatu objektuek sortzen duten itzala; zuen ustez, nondik dator argia? Argi naturala edo artifiziala izango da? Espazioari dagokionez, zuen ustez, non daude objektu horiek? Arrazoitu erantzunak.

Margolari metafisikoei jarraituz, Morandi “eguneroko objektuen imajinatutako barne-bizitza” aztertzen saiatzen zen; areago, protagonismoa ematen dio elementu horietako bakoitzari, elkarrengandik bereiz irudikatuta eta batak bestearekin duen elkarrizketa sekretuaz amestuta. Margolan zehatz honen kasuan, zuen ustez, zer ari zaizkio esaten elkarri? Objektu horietako bakoitzari nortasun bat jarri beharko bazeniote, nola definituko zenituzkete?

Giorgio de Chirico margolari italiarrak esan zuen “objektu arruntenen metafisika”[3] zirela Morandiren garai hartako obrak. Kontuan izanda pintura metafisikoa idealizazioan, ametsetan, ezinezko tokietan, elkarren ondoan jarritako objektuetan, mundu irudikorretan eta itxuraz inkontzientetik zuzenean atera diren eta errealitate fisikoaz harago doazen eszenetan ardazten zela, Morandiren Natura hila lanari begiratuta, zuen ustez, zergatik esan zuen hori?

Ikusten dugunez, lasaitasuna eta iluntasuna margolan honen protagonistak dira. Eszena honekin musika edo soinuren bat lotu beharko bazenute, zein izango litzateke? Nola entzungo litzateke?