13105

Natura hila (Nature morte), 1922

Fernand Léger
Natura hila (Nature morte), 1922
Olio-pintura mihise gainean
65 x 50 cm
Hermann und Margrit Rupf-Stiftung, Kunstmuseum Bern
© Fernand Léger, VEGAP, Bilbo, 2016.

“Bazter guztietan ageri da edertasuna, zure sukaldeko kazolen ordenan, zure sukaldeen zuritasunean, XVIII. mendeko saloian edo museo ofizialetan baino gehiagotan beharbada.” Fernand Léger, 1924[1]

Fernand Léger (Argentan, Frantzia, 1881–Gif-sur-Yvette, Frantzia, 1955) 1897 eta 1899 urte bitartean hasi zen artearen mundura hurbiltzen Frantziako Caen hirian arkitekturako aprendiz zenean. 1890ean Parisa joan zen delineatzaile lanean aritzeko. Esperientzia hura bere pinturen estetikan nabaritu ahal izango zen gerora. Soldadutza egin ondoren (1902–1903), Dekorazio Arteetako Eskolan eta Julian Akademian sartu zen Léger, Arte Eder Eskolan plazarik lortu ez zuelako [2]. 1907 amaiera aldera, Parisko Udazkeneko Saloiko erakusketa bisitatu zuen artistak. Bertan, liluratuta utzi zuen Paul Cézanne-ren (Aix-en-Provence, 1839–Aix-en-Provence, 1906) lanak eta, izan ere, harrez geroztik eragin handia izan zuen Cézannek bere pinturan [3]. 1910 inguruan, Daniel-Henry Kahnweiler-en galerian jarri zituen bere pinturak ikusgai Légerrek, inspirazio-iturritzat hartuko zituen Pablo Picasso (Malaga, 1881–Mougins, Frantzia, 1973) eta Georges Braque (Argenteuil-sur-Seine, 1882–Paris, 1963) artisten pintura kubistekin batera. Testuinguru horretan ziurrenez ikusi zuen lehen aldiz Hermann Rupf (1880–1962) bildumagileak Légerren lana [4].

1914an Lehen Mundu Gerra hasi zenean, armada frantsesarekin borrokatzera deitu zioten Légerri, eta Verdungo guduan parte hartu zuen, besteak beste [5]. Su-frontean bizi izan zituen esperientziek zeharo jota, artistak hainbat bozeto egin zituen, soldadu, hegazkin eta artilleria-piezenak. Gerraren amaiera aldera, Léger ospitalizatuta egon zen denboraldi batez, eta bertan bere “aldi mekanikoa” deitutakoa hasi zuen, 1923ra arte iraun zuena. Aldi horretan sortu zituen irudiek eta objektuek euren forma geometrikoak —zirkuluak, elipseak, kurbak, diagonalak, laukizuzenak, etab.— dituzte ezaugarri, eta makineriako piezak gogorarazten dizkigute [6]. Forma horiek gerra garaian egindako bozetoetan oinarrituta daude, eta aldi traumatiko hartan izandako bizipenekin estu lotuta.

Gerrak artistarengan izan zuen eraginak bere pentsaera ere aldarazi zuen. Harrez geroztik, artea langile-klaseei hurbiltzen saiatu zen, eta horretarako gai sinpleagoak eta irudi errealistagoak lantzeari ekin zion [7]. Bere lana gero eta gehiago urruntzen hasi zen gerra aurreko arte abstraktutik. Horren ordez, “objektu errealak” irudikatzeari ekin zion gai klasikoagoetara joz —natura hilak eta biluziak, besteren artean— [8]. 1920ko hamarkadan alderdi hauei eman zien garrantzia: argitasuna, armonia, konposizio geometrikoa, dekorazioa eta eguneroko bizitza [9].

Natura hila (1922) izen bera duten lan-sailekoa da. Sail hau osatzen duten lanek itxuraldatutako hainbat objektu erakusten dizkigute, forma zilindrikoa dute eta elkarri lotuta daudela dirudite. Lehen Mundu Gerraren ondoren, baretu egin zuen Légerrek bere pinturaren unibertsoa: erabilitako koloreak ikusita —gorria, zuria eta urdina— bizartegietako zilindroak edo zirkuetako danborrak datozkigu gogora. Makineriaren estetikaz baliatzen da Léger, eta osagaiek forma geometrikoen itxura hartzen dute, muturreraino sinplifikatuta ageri zaizkigularik. Hain zuzen ere, horiek dira Légerren lana Futurismora hurbiltzen duten ezaugarrietako batzuk, koloreen erabilerarekin eta mihisean zehar banatzen dituen modu erritmikoarekin batera. Artistak oso tonalitate biziak eta distiratsuak erabiltzen ditu, eredu naturalarekin bat ez datozenak. Bere bizialdiaren amaiera aldera, gertaera bat etorri zitzaion gogora Légerri: liluratuta utzi zuen 75 milimetroko kanoi baten tiro-mekanismoaren metal zuriaren gainean eguzkiak isuritako argiaren magiak. Artistak zioenez, argi hark munduko edozein museok baino gehiagok erakutsi zion bere garapen plastikoan [10]..

Gerra amaitzean, Kahnweiler galeristak Frantziara itzultzea lortu zuen, gatazkaren urteak bere lagun Rupf bildumagilearekin batera Bernan (Suitza) eman ondoren. Itzuleran, lokal berri bat zabaldu zuen Parisen, Galerie Simon izenekoa. Argitasuna alde guztietatik zerien lau erakusketa-areto handi zituen eta, bi urte geroago, areto haietako batean eskuratu zuen Rupfek Fernand Légerren Natura hila (1922).

Preguntas

Begiratu ondo pintura hau eta deskribatu ahalik eta xehetasun handienaz. Zeintzuk dira ezagutzen dituzun objektuak? Zer osagai iruditzen zaizkizu anbiguoak? Zeintzuk dira elkarren artean aurkitzen dituzun loturak?

Imajinatu pintura honen barruan salto egin dezakezula: Non egongo zinateke? Nolakoa litzateke bertako giroa? Zer egongo zinateke egiten? Nora gustatuko litzaizuke joatea? Zeintzuk lirateke nabarituko zenituzkeen soinuak, usainak edo sentsazioak? Gustatzen al zaizu bertan egotea? Zergatik?

Natura hila da artelan honen izena. Natura hila pintura-genero bat da. Genero horretako lehenengo irudiak antzinateko lanetan agertzen dira, eta XVII. mendeaz geroztik oso ezaguna egin zen mendebaldeko artean. Pintura horietan, objektu bizigabeak —frutak eta loreak, ehizakiak, elikagaiak, ontziak eta beste objektu batzuk— irudikatzen dituzte artistek. Gaur egun natura hil bat pintatu behar bazenuke: Zeintzuk dira aukeratuko zenituzkeen objektuak? Bilatu XVII. mendeko natura hil bat: Zertan du antza Légerrenarekin? Eta zeuk margotu izango zenuenarekin?

Légerrek bere “aldi mekanikoan” sortu zuen artelan hau: Nola definituko zenuke estilo hau? Idatzi zer den zuretzat “aldi mekanikoa”. Ikus al ditzakezu aldi horren ezaugarriak pintura honetan irudikatuta?

Bilatu liburuetan edo Interneten, 1914aren aurretik, Lehen Mundu Gerra hasi baino lehen, Légerrek sortutako lanak. Konparatu itzazu gatazkaren ondoren sortu zituen lanekin. Zertan dira desberdinak estetikari dagokionez? Zertan dute antza formari dagokionez? Uste al duzu gerrak Légerren estilo artistikoan ez ezik, landuko zituen gaietan ere eragina izan zuela? Zein modutan? Nola aldatu zen bere pintura gerra ostean?