Guggenheim
Sarrera

Pierre-Christophe Gam
Taali M-en erreinua (The Kingdom of Taali M), 2013
Webgunea, Taali M kongotar-frantziar abeslariarena
© Pierre-Christophe Gam

“Zerbait berezia, emozioz betea sortzea erabaki nuen [Taali M-entzako webgune bat]. Modernotasun kutsua behar zuen, baina abeslariaren jatorri afrikarra ere adierazi behar zuen. Etxean moduan sentiarazi nahi nion, beraren musika, bideoak eta albisteak eta amets eta helburuak partekatzeko leku bat behar zuen”. —Pierre-Christophe Gam(1)

 

SARRERA

Taali M Parisen jaio zen, 1983an. Abeslaria eta letragilea da, kongotar, txadar eta egiptoar jatorrikoa. Frantzian jaio arren, txikitatik gurasoekin bidaiatu zuen, eta Kongo, Burkina Faso eta Paris artean hazi zen. Brazzavilleko (Kongoko Errepublikako hiriburuko) eta Uagaduguko (Burkina Fasoko hiriburuko) kaleetan reggae musikari aktibistak ezagutu zituen, baita afrobeats erritmo indartsuak eta AEBko abeslari handiak(2). Aberastasun hori ezagutu zuenez, Taali Men musikan askotariko eraginak antzeman daitezke: 1980ko hamarkadaren amaierako popa, rock-and-rolla, reggaea eta Afrikako usadiozko kantu eta erritmoak. Gizartearekiko ardura erakusten duten artistak oinarri hartuta, Taali Mek musika baliatzen du haren pentsamoldea, ardurak eta mundua hobea izango delako esperantza azaltzeko(3).

Taali M eta arte-zuzendari Pierre-Christophe Gam (Chantilly, Frantzia, 1983) 2011n ezagutu ziren. Taali M Parisen ari zen kontzertuak ematen eta lantaldeak Gami proposatu zion haiekin arte-zuzendari gisa lan egiteko. Taali Mek webgunea egiteko diseinatzaile baten bila zegoen; webguneak etxean sentiarazi behar zuen, musika, bideoak eta berriak, bai eta ametsak eta helburuak, partekatzeko lekua behar zuen.

Gam Londresen lan egiten duen artista, arte-zuzendaria eta kultur ekintzailea da. Chantillyn, Frantzian, jaio zen, baina familiaren jatorriak eragin handi du haren lanean: aita Kamerungo diplomatua zen eta amak egiptoar eta txadar jatorria zuen. Haurra zenean, udan, urtero, Afrikako herrialde batera bidaiatzen zuten; horrek kontinenteko arteak, kulturak eta tradizioak aintzat hartzen lagundu zion(4). Barnealdeko arkitektura ikasi zuen, baina diseinu grafikoan, argazkigintzan, modan eta salgaien diseinuan berezitu zen. AFRO-POLIS kultur plataformaren sortzailea eta zuzendaria da; plataforma horrek gaur egungo Afrikako kultur giroa aztertzen du. Gacha Fundazioaren Garapen eta Estrategiarako Zuzendaria da; fundazio hori gobernuz kanpoko Kamerungo erakunde bat da, eta landa inguruko komunitateak ahalduntzeko antzinako artisautza sustatzen eta gordetzen laguntzen du.

Bi artistak elkarrekin lanean aritu ziren 2012an, webgune bat egiteko eta bertan Taali Men musika esperientzia bisual indartsu bihurtzeko. Sei hilabeteren buruan lana amaitu zuten: Photoshop, elektro-pop eta Afrikako ondarea eta artea uztartzen dituen soinuz eta irudi ahalmentsuz betetako erreinua da(5). Antzinako Afrikako erreinu baterako gonbidapena da webgunea, Kongoko, Dahomeyko zein Maliko erreinua izan zitekeen, XIII. eta XIV. mendearen artean. Bertan agertzen da Taali M: mundu horretan sartzera gonbidatzen gaitu eta erreinua gordetzen duen emakume apaiza, gerlari amazona eta abeslaria bera da aldi berean(6).

Galderak

Ikertu Taali Mren webgunea: www.taali-m.com. Deskribatu harrerako irudia. Zer ikusten duzue lehen? Zer irudi ezagutzen dituzue? Deskribatu koloreak. Zer aldarte iradokitzen dute?

Taali Mek Pierre-Christophe Gamekin elkarlanean aritu zen webgunearen diseinuan. Pantailaren bi aldeetan ikus dezakezue. Begiratu webgunean nola erretratatu duten. Nola irudikatu dute? Making Africa erakusketako katalogoan zera esan dute: “abeslaria gidari bihurtzen da, irudi sinbolikoa, antzinako emakume apaiza edo erregina gogoratzen duena”(7). Ados al zaudete baieztapen horrekin? Zergatik ematen du irudi hori Taali Mek?

Joan abeslariaren musika orrialdera: www.taali-m.com/music.html. Entzun hainbat abesti. Nola deskribatuko zenukete musika? Zer musika mota ekartzen dizue gogora?

Webgunea egitean helburu zuten modernotasuna eta Taali Mren afrikar jatorria uztartzea. Lortu dute? Azaldu erantzuna.

Gamek webgunea deskribatzean esan du erabiltzailea XIII. zein XIV. mendeko Afrikako erreinu batean —Kongoko, Dahomeyko (gaur egun, Benin) zein Maliko erreinuan— murgiltzen dela. Erakutsi ikasleei hiru erreinu horietako argazkiak (joan Baliabideak atalera). Zer antzekotasun dituzte irudiok Taali Men webgunearekin? Zergatik aukeratu zituzten horrelako irudiak Gamek eta Taali Mek? Eskatu ikasleei webgunearen oinarrian dagoen sinbolismoan pentsatzeko.


7. Making Africa — Un continente de diseño contemporáneo, erak. kat., Bilbo, Guggenheim Bilbao Museoa, 267 or. (gaztelaniaz)

Jarduerak

Bilduma digitala eta multimedia galeria

Taali Mek Gami eskatu zion beraren musika eta nortasuna aditzera emateko webgune bat sortzeko. Eskatu ikasleei haien nortasunaren berri emateko bilduma digital bat sortzeko, musika, liburuak eta nahi duten edozein objektu partekatu ditzakete. Argazkiak zein bideoak egin, sarean bilatu (irudiak, webguneak), musika igo eta oharrak idatz ditzakete, besteak beste.

Eskatu ikasleei https://padlet.com webgunera sartzeko edo aplikazioa deskargatzeko. Padlet horma birtual bat da eta bertan edozein eduki (irudiak, bideoak, dokumentuak, testuak) bildu eta parteka ditzakete. Edozein gailutik sar daitezke bertara; edukiak pribatuak zein talde batean partekatuak izan daitezke. Igotzen dutena ordenatzera eta multimedia galeria bat antolatzera animatu. Ikasgelarekin partekatu behar dituzte hormak.

Proiektua errazteko ikastetxera eraman ditzakete hainbat irudi eta bildumaren collage bat egin.

 

Usadiozko pop jantzia

Taali Mek usadiozko afrikar jantziak erabiltzen ditu kontzertuetan, haren nortasuna indartzeko. Eskatu ikasleei familiaren jatorria eta ondarea aztertzeko eta haien kulturako jantziak bilatzeko (ikus Baliabideak). Eskolara eraman behar dute aurkitutako informazioa.

Gelan, ikasleek elkarri argazkiak aterako dizkiete: ikasle bakoitzaren gorputz osoko erretratuak izan behar dira. Ordenagailura eraman argazkiak, eta editatzeko programa baten bidez eraldatu, esaterako, Microsoft Paint edo Adobe Photoshop. Taali Mek haren webgunerako egin zuen antzera, helburua da haien jatorria eta gustuko duten gauzak elkartzen dituen jantzi bat egitea, usadiozko pop jantzi bat. Ikasleek digitalki marraztuko dituzte jantziak argazkian, edo argazkiak inprimatu eta margotu ditzakete.

Azken emaitza ikaskideei aurkeztu.

 

HIZTEGIA

Afrobeats: Ghanako musika tradizionalaren, beste hainbat musika generoren, perkusioaren eta kantuen nahasketa, 1970eko hamarkadan Afrikatik zabaldu zena.

Elektro-popa: pop kutsuko musika elektronikoa; batez ere audio sintetizatzaileak eta musika-tresna elektronikoak erabiltzen dira.

Photoshop: irudi digitalak sortzeko eta eraldatzeko programa.

Popa: Estatu Batuetan sortutako musika generoa, rock-and-rollean jatorria duena; gaur egungo forma hartu zuen 1950eko eta 1960ko hamarkadetan.

Reggae musika: Jamaikan 1960ko hamarkadaren amaieran sortutako musika generoa.

Rock-and-rolla: A genre of popular music that originated and evolved in the United States during the late 1940s and early 1950s.

 

BALIABIDEAK

AFRO-POLIS, gaur egungo Afrikako kultur giroa aztertzen duen plataforma
www.afro-polis.com

Euskal jantizak
https://es.wikipedia.org/wiki/Indumentaria_tradicional_del_Pa%C3%ADs_Vasco

Jon Daniel, “Four Corners—An interview with Pierre-Christophe”, Design Week, 2014ko apirilaren 1a.
http://www.designweek.co.uk/four-corners-an-interview-with-pierre-christophe

Pierre-Christophe Gam-en webgunea
http://pierre-christophe.com/#web_taalim.html

Madrilgo Museo del Traje
http://museodeltraje.mcu.es/index.jsp?id=47&ruta=4,17

 

Irudiak

Dahomey

Mali

Kongo