Paisaia, arkitektura eta denboraren joana
Zuri-beltzak oroimenarekin eta iraganarekin zuen zerikusia. Kolorea orainaldiarekin oso lotuta zegoen, koloretako telebistarekin lotzen nuen eta hori ez zen nire iraganeko zerbait. Irudiek nolakotasun historiko bat izatea nahi nuen nolabait, norbanakoarena edo gizartearena. Eta nire ustez zuri-beltzak abstrakzio gradu bat ematen die 1.
James Casebere (Lansing, Michigan, 1953) arkitektura-maketak eraikitzen eta horiei argazkiak ateratzen jardun da 1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera; hala, lortutako irudiak errealitatearen eta sortutako tresna nabari baten artean, nonbait, geratzen dira. Argazkietan ez dago xehetasunik, eta maiz ezta kolorerik ere; hala, leku baten formen fisikotasunaren ordez, leku emozional baten sentipena sortzen du. Casebereren ardura dira irudikatzen dituen guneek gogora ekartzen dituzten oroimen eta sentimenduak. Ondorioz, sortzen dituen lanak dramatikoak, surrealistak eta, harrigarriro, errealistak dira, eta horietan argazkigintzaren, arkitekturaren eta eskulturaren ezaugarriak uztartzen ditu.
Mahai gaineko maketek eraikinen (etxea, eskola, liburutegia, espetxea) edo toki arrunten (tunela, korridorea, arkupea) itxura dute, eguneroko munduko egituren irudi. Maketak, giza irudirik gabeak, egiteko material neutroak baliatzen ditu, adibidez, luma-kartoia, harri kartoia, igeltsua eta jariatutako poliestirenoa, orokortasuna lortzearren. Caseberek azal hutsalak eta barnealde soilak argitzen dituenean soilik eraldatzen dira maketak. Xehetasunak baztertuta, Caseberek argi efektu dramatikoak eta kamerak espazioa lautzeko duen ahalmena erabiltzen ditu ezagun zaizkigun etxeko guneak eraldatzeko; hala, ohiz kanpokoa egunerokoan aurkitzen dugu. Ikusleoi eskatzen digu gure oroimenarekin fidatzeko, horrek lagunduko baitigu hutsuneak betetzen, eta Casebereren irudiak ulertzeko testuingurua sortzeko.
Caseberek argazkiak prestatzen ditu egungo AEBko ikusizko kulturan oinarritzen diren errealitateak, egiaren eta alegiaren arteko mugak lausotzen dituztenak, eraikitzeko. Gainera, haren irudiek esangura psikologiko sakoneko lekuak iradokitzen dituzte eta horrek mundu honetatik haratagoko ezaugarriak ematen dizkie. Onar genezake irudikatutako guneak benetako lekuak direla, baina pertsonarik ezak geure buruari bertan zer gertatu den galdetzera bultzatzen gaitu. Ikusleak atzean utzitako leku horietan zerbait gertatu dela asma dezake. Izan ere, argazkien gai nagusia da espazio horiekin eta irudika dezaketenarekin ditugun loturak.
Oharra
1 Juarez, Roberto: "James Casebere", Bomb, 77(2001eko udazkena)
Preguntas
- Garajea, 2003, erakutsi aurretik, eskatu ikasleei horrelako izenburua duen artelan batek zer itxura izan dezakeen pentsatzeko. Idatzi zerrenda bat titulu hori duen argazki batean aurki daitezkeen gauzekin.
- Erakutsi: Garajea
- Zer antzematen duzue?
- Zer berdintasun eta desberdintasun daude benetako argazkiaren eta zuek imajinatutakoaren artean?
- Argazki honetako giroa deskribatu. Nola lortu du Caseberek giro hori azaleratzea?
Lan hau egiteko, Caseberek ez zion argazkirik atera garaje baten barnealdeari. Aitzitik, mahai gaineko maketa bat egin zuen, argiak non ipini eta zein ikuspuntu erabiliko zuen erabaki eta gero atera zion argazkia. Begiratu irudia arretaz. Arrastorik aurkitzen al duzue honakoa benetako garaje baten ordez eraikitako maketa bat dela baieztatzeko? - Zergatik erabakiko luke artista batek horrela lan egitea? Zein abantaila eta desabantaila ikusten dituzue lan egiteko modu horretan?