112 4 1

Pintura 2. zk./Konposizioa VII. zk.

Piet Mondrian
Pintura 2. zk./Konposizioa VII. zk. (Tableau No. 2/Composition No. VII), 1913
Olio-pintura mihise gainean
104,4 x 113,6 cm
Solomon R. Guggenheim Museoa, New York
Solomon R. Guggenheim Sortze Bilduma 49.1228
© 2016 Mondrian/Holtzman Trust c/o HCR International Virginia

“Naturan gauzen azala ederra da, eta haren imitazioa, berriz, bizigabea. Objektuek dena ematen digute, baina haien irudikapenak, berriz, ez digu ezer ematen”. [1]

Arte-eskolan graduatu ondoren, hamarkada batez baino luzaroago, Piet Mondrianek (Amersfoort, Herbehereak, 1872–New York, AEB, 1944) paisaiei eta naturari buruzko marrazkiak eta margolanak sortu zituen. 1911n, Mondrianek Georges Braque eta Pablo Picassoren pintura kubistaren inguruko erakusketa bat bisitatu zuen Amsterdamen, eta horrek Parisera joateko gogoa piztu zion. Han, estilo abstraktu independente bat garatzen hasi zen. Ikusten zuenaren erritmoak zehaztea bilatuz, Mondrian bere bizilekuaren ingurua marrazten hasi zen. Lan eta egokitzapen askoren ondoren, hasierako konposizio horiek bilakaera bat izan zuten: ez zituzten gehiago objektuak erakusten, elkar ehundutako laukizuzenen plano lauak baizik. Mondrianen iturriak mundu naturalean existitzen diren arren, bere irudiak funtsera murrizten dira.

Pintura 2. zk./Konposizioa VII. zk. 1912an iritsi osteko urtean pintatu zuen, eta Mondrianen ikuspegi berriaren eredu peto-petoa da. Mondrianek zatikatu egin zuen bere gaia, elkar ehuntzen duten lerro beltzetan eta kolore-planoetan. Bere kolore-sorta ere mugatu zuen, koadro kubistak gogora ekartzen dituzten okre eta arre lausoak baliatuz.

Mondrianek Pariseko kubisten abstrakzioa gainditu zuen: askoz abstraktuagoak dira berak irudikatutakoak. Gaiak zailagoak dira identifikatzen, bolumena iradokitzen duen ezer saihestu zuelako, neurri batean. Gainera, kubistek konposizioak koadroen behealdean oinarritzen zituzten (gai nagusiaren grabitatea iradokitzeko); kontrako aldean, Mondrianen aldamio-egitura higatu egiten da margolanaren ertzetara hurbildu ahala. Konposizioa VIII. zk. artelana, adibidez, Parisko eraikin-fatxaden azterketan oinarritu zen, baina Mondrianek ez zuen bolumenik aditzera eman ezta fatxadak irudikatuko lukeen ezer ere.

Bizitza osoan, Mondrianek abstrakzio handia lantzen segitu zuen. Bere helburua zen munduaren azpiko egitura bat adieraztea, eta horretarako albait elementu sinple gutxien erabiltzen zituen. Anabasa guztia kendu nahi zuen, funtsezkoa ez den guztitik biluztuz [2] eta, azkenean, lerro diagonalak ere baztertuz. Abstrakzioaren aitzindari askoren artean bezala, Mondrianen kemena espirituala zen neurri handi batean. Mundu erreala iragazi nahi zuen, bere funts garbira eraman, eta betiereko tentsioan diren unibertsoko dikotomiak irudikatu. Horretarako, egonkortasuna, unibertsaltasuna eta espiritualitatea nabarmendu zituen, pintzelkada horizontalen eta bertikalen orekaren bitartez.

Preguntas

Erakutsi: Pintura 2. zk./Konposizioa VII. zk., 1913.

Deskribatu pintura hau ahal duzuen xehetasun handienaz. Ez ahaztu koloreak, lerroak, formak, konposizioa eta pinturaren aplikazioa zuen deskribapenetan.

Pintura hau Mondrianen zuhaitz baten azterketatik sortu zen. Pintura honek ba ote ditu jatorrizko gaiari erreferentzia egiten dioten ezaugarriak, edo desagertu dira iturriaren aztarna guztiak? Esplikatu zure erantzuna.