Modulo rojo e1519385854853 1024x741

Proiektu espazialak saila, 1990 (Serie Proyectos espaciales, 1990)

Proiektu espazialak saila, 1990 (Serie Proyectos espaciales, 1990)
Liho-hari gorria
Neurri aldagarriak
Artistaren eskaintza
© Esther Ferrer, VEGAP, Bilbo, 2018

“Hauetako proiektu askori ‘proiektu espazial’ deitzen diet, hain zuzen ere, proiektuok egiten ditudanean, espazioa delako erabiltzen dudan ‘lehengaia’ […].Instalazioak zein performanceak funtsezko hiru elementu dituzte nire ustez: denbora, espazioa eta presentzia. Ezberdin hauteman ditzakegun arren, berdinak dira [...]" [1]

Esther Ferrer artistak (Donostia, 1937) Proiektu espazialak izenburua jarri dio arte minimalistaren eta arte kontzeptualaren eragina duen instalazio-sail bati. Instalazio horietako gehienetan, espazioaren eraikuntzari buruzko hausnarketa egiten du artistak, estetika sinple, hauskor eta zehatz baten bitartez. Lan horietan, eguneroko elementu minimoak eta hutsalak erabiltzen ditu Ferrerrek, hala nola hariak, iltzeak, kableak, goma elastikoak edo sokak; elementu horiek berrerabili, birkokatu eta esanahi berriak ematen dizkie. Era horretan, material kopuru txikienarekin hutsunea marrazten du Ferrerrek, materialotan esku hartuz, manipulatuz eta horiei ezaugarri berriak emanez eta, horrela, hutsunearen eta hutsune horren balizko okupazioaren inguruko hausnarketa egiten du.

Bere Proiektu espazial gehienak kartoiz edo luma-kartoiz egindako maketetatik edo eskala txikiko modeloetatik abiatuta egin ditu, eta ikuslearen pertzepzioa aldatzen duten espazioak irudikatzen dituzte. Artistak ez du bere proiektuak tamaina handiko leku erreal fisiko batean egiteko interes berezirik, bere ustez sorkuntza-proiektua baita interesgarriena. Horrela, maketak funtzionatzen badu, Ferrerrentzat lana amaituta dago [2]. Bere Proiektu espazial delakoetako batzuk maketak izan dira orain arte eta, orain, lehendabiziko aldiz, eskala handian egin eta jendaurrean jarriko dira, Bilboko Guggenheim Museoak antolatutako erakusketa honi esker.

Proiektu espazialen saileko pieza honetan, bere lehentasunak nabarmentzen ditu Ferrerrek: espazioa garden mantentzea, ikuslearen ikuspena mugatuko duen batere lodierarik, opakutasunik eta bolumen errealik gabe [3]. Horretarako, haria aukeratu du proiektu hori sortzeko oinarrizko material gisa, bere arintasunagatik, malgutasunagatik eta egunerokotasuneko materiala delako. Horri esker, alde batetik, alteritatea eta denboran zeharreko errepikapena nabarmentzen ditu eta, bestetik, erakusten du posible dela espazioa asko aldatzea elementu oso gutxirekin. [4]

Proiektu espazialen sorkuntza-prozesuan, maketaren plano ezberdinetan finkatzen ditu hariak artistak —hau da, hormetan, sabaian eta zoruan—, horien euste-puntuen arteko distantzia erregularrak neurtuta, horiek jartzerakoan, eskema geometrikoei jarraituz espazioa zeharkatzen duten lerroen itxura har dezaten. Lan horretan, horman zehar paraleloan doaz lerroak, angeluan mozten direlarik; horrela, erritmo bat eta espazio birtual bat sortzen dute.

Lan honi buruz hitz egiterakoan, Ferrerrek dio modu metodikoan jarri duela materiala, sistema matematiko bat sortzeko. Bere piezetan zorroztasun matematiko hori erabiltzeari esker, sail bererako hainbat lan ekoitz ditzake, horietako bakoitzean xehetasun ezberdinak arakatuz. Xehetasun txiki batzuk aldatze hutsarekin —hala nola hari kopurua edo haien arteko distantzia— artistak erabat aldatzen du instalazio bakoitzaren oinarrian dagoen planteamendu matematikoa. Era horretan, emaitza ezberdin ugari lortzen du, eta espazioaren pertzepzioa eta espazio horretan zeharreko zirkulazioa aldatzen dituzten erritmo eta norabide ezberdinak sortzen ditu.

1972ko udan, John Cage musikari eta konposatzaile esperimental estatubatuarra eta Zaj kolektiboa (Esther Ferrer, Walter Marchetti, Ramon Barce eta Juan Hidalgo artistek osatutakoa) Iruñeko Topaketetan ezagutu ziren; nazioarteko artearen jaialdia izan zen hura, 350 artista baino gehiago bildu zituena, hainbat diziplinatakoak: hala nola, arte elektronikoa, performancea, bideoartea, poesia, margolaritza, eskultura, zinema eta musika esperimentala. Espainiar kolektiboaren proposamen hausle eta aldarrikatzaileekin harrituta, Trena: galdutako isiltasunaren bila (El tren: a la búsqueda del silencio perdido) proiektuan parte hartzera gonbidatu zituen Cage musikariak; Boloniatik (Italia) egunero helmuga ezberdin batera irteten zen tren baten barruan garatu zen happening edo performance hori, hiru egunez. Bere kideak proiektuaren soinuaz arduratu ziren bitartean, Ferrerrek bagoiaren espazioa eraldatu zuen, altzarien puntu ezberdinetan eutsitako hari-sare batez; sare horrek bidaiarien joan-etorria oztopatzen zuen eta, horrela, bere esku-hartzean inplikatzen zituen.

[1] http://afasiaarchzine.com/2016/04/esther-ferrer-4/

[2] http://angelsbarcelona.com/files/10_esther_ferrer_expo_dossier.pdf

[3] Esther Ferrer. Elkarri lotutako guneak erakusketako entzuteko gida, Guggenheim Bilbao Museoa.

[4] Esther Ferrer. Elkarri lotutako guneak erakusketako entzuteko gida, Guggenheim Bilbao Museoa.

 

Preguntas

Beha ezazue arretaz instalazio hau. Zer ikusten duzue? Nola deskribatuko zenukete obra? Zer nabarmenduko zenukete? Ikusi al duzue inoiz antzerako zerbait? Zer sentsazio eragiten dizue? Obraren izenburua da Proiektu espazialak; zergatik uste duzue jarriko ziola izenburu hori artistak? Izenburua aldatzeko aukerarik izango bazenute, nola deituko zeniokete? Egiturari soinuren bat gehitzeko aukerarik izango bazenute, zer entzun genezake zuen ustez, egitura hori zeharkatzerakoan?

Nola uste duzue egin duela obra artistak? Ikusi al dituzue material horiek beste inon? Non? Nola definituko zenituzkete? Deskriba ezazue urratsez urrats nola imajinatzen duzuen. Instalazio honi buruz hitz egiterakoan, Ferrerrek dio modu metodikoan eta ordenatuan jarri duela materiala —kasu honetan, haria—, sistema matematiko bat sortzeko. Nola lotuko zenukete bere obra matematikekin? Zer iradokitzen dizuete osatzen dituen marrek? Zergatik uste duzue erabaki zuela altuera horretan jartzea eta forma hori ematea? Zer nola aldatuko litzateke obrarekiko zuen pertzepzioa, hariak beste kolore batekoak izango balira edo beste modu batera jarrita egongo balira? Nola ordenatuko zenituzkete zuek?

Ikuslea Museoko instalazio honetan sar daiteke, baina obra ez hondatzeko kontu handiz. Zergatik uste duzue nahi duela Ferrerrek bere obran zehar ibil gaitezen? Zuen ustez, zer sentsazio izango zenukete obra ukitzerakoan? Ferrerrentzako garrantzitsua da bere obrek ikusle bakoitzak espazioarekiko duen pertzepzioa aldatzea; nola uste duzue lortzen duela hori? Zuen kasuan, nola aldatu du espazioarekiko zuen pertzepzioa?

Bere sorkuntza-prozesuaren barruan, Ferrerrek bere instalazioen maketak egiten ditu. Gehienak ez dira hau bezalako espazio handietan garatzera iristen. Gai horri buruz, zera adierazi zuen artistak: “Inoiz ez dut izan nire proiektuak eskala handiko espazio erreal batean egiteko interes handirik; egiten dudan maketak funtzionatzen badu, lana egintzat jotzen dut. Espazio erreal batean egiteko aukerarik baldin badut, oso ondo; baina, bestela, ez da ezer gertatzen. Niretzat, artea prozesu bat da.”[1] Zer iritzi duzue bere hausnarketari buruz? Maketaren fasean geratzen den obra bat amaitutzat jo daitekeela uste duzue? Arrazoitu zuen erantzuna. Zer iritzi duzue artea prozesu bat delako ideiari buruz? Zein neurritan baloratzen dugu gehiago edozein arte-prozesuren emaitza, prozesua bera baino gehiago? Zergatik jo dezakegu bidezkotzat edo ez bidezkotzat obrak baloratzeko modu hori?