Chillida Lo profundo es el aire

Sakona airea da

“Espazioa bolumen plastikoari dagokionez ulertu behar da […] Hortik datorkio bere egitura formari. Eta hau espazio horren premietatik eratorria da zuzenean, animaliek beren oskola aukeratzen duten modu berean eraikitzen baitu bere bizitokia. Animalia honen modura, ni ere hutsaren arkitektoa naiz.” 1

 

Eduardo Chillida, Sakona airea da, 1996
Alabastroa, 94 x 122 x 124 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

 

 

Sarrera

Eduardo Chillidak (Donostia, 1924–Donostia, 2002) arkitektura ikasketak egin zituen Madrilen pinturaren munduan jardun aurretik, eta geroago, Parisera lekualdatu eta eskulturari ekin zion. Arkitekturari buruz hastapenean ikasitakoa agerian geratzen da bere artelanen azpian diharduten egituretan, materialen gainean jarritako arretan eta bere eskulturen espazio-harremanen plangintza zainduan. Chillidak, berez, arkitekturarekin lotuta ulertzen zuen eskultura, eta leku publikoetan espezifikoki kokatzeko eskultura erraldoien ondarea utzi zuen, bai eta neurri ohikoagoa zuten lanak ere.

Material ugari landu zituen eskultoreak, hala nola, burdina, altzairua, zura, igeltsua eta harria, eta solidoa hutsarekin eta barrualdea kanpoaldearekin nola erlazionatzen ziren ikertu zuen Chillidak. Bere inguruak eta bidaiek eragin handia izan zuten materialak hautatzerakoan. Parisen egindako hasierako eskulturak harria eta igeltsua erabiliz egin zituen; material horiek oso egokiak ziren gizakien irudian eta forma naturaletan oinarrituta Louvren ikusitako artelan arkaikoak aztertzeko. 1951n itzuli zen Euskal Herrira eta espazioaren bolumenaren definizio abstraktua arakatzen hasi zen, burdinaren aldeko hautua eginez. Geroago, zura eta altzairua erabiltzen hasi zen, horiek baitziren industriaren, arkitekturaren eta nekazaritzaren euskal tradizioa adierazten zuten materialak, eta bere eskualdeko paisaia eta artistak haren “argi iluna” izendatutakoa gogora ekartzen baitzizkioten.

1960ko hamarkadan Greziara, Italiako Erroma, Umbria eta Toscanara eta Frantziako Provenzara egindako bidaiek arkitekturaren eta argiaren arteko erlazioarekiko interesa piztu zioten, eta interes horrek bizirik iraun zuen bere bizitza guztian. Louvreko artelanetan ikusitako argi mota jakin bat harrapatzeko bilaketari ekin zion. Horrela, alabastroa erabiltzen hasi zen, itxura argitsua bezain lausoa zuelako, eta aukera eskaintzen zuelako euskal paisaiaren distira ilunaren, atmosferikoaren eta lainotsuaren antzeko zerbait erakusteko, eta, aldi berean, ezkutatzeko. Alabastroa inguru horretan ohiko materiala ez bada ere, tradizio handia izan du eskulturaren historian.

Chillidak hutsaren inguruan adierazitako interesa askoz ere nabarmenagoa da, agian, alabastroz egindako lanetan; “leiho” zizelkatuzko forma sendoak ziren, eta leiho horietatik argi-izpiak sartzen ziren. Hustasun horretan sartzen den argi lausoak arreta zizelkatutako espaziora bideratzen du, eta inguratzen duen formaren sendotasunarekiko kontraste ageria eragiten du.

Lehen alabastroak 1965–69 urte bitartean landu arren, Chillidak material hau berrerabiltzeari ekin zion 1976an, eta baita bi hamarkada geroago ere, Sakona airea da (Lo profundo es el aire, 1996) artelanean. Artelan honetan zakarki zizelkatutako kanpoalde naturala, erabat leundutako barrualde arkitektonikoarekin konbinatzen da. Artelan honek Chillidak 1982an Valladolid hiriarentzat sortutako eskultura publiko bat gogora ekartzen du: Sakona airea da: Jorge Guillénen omenez (Lo profundo es el aire: Homenaje a Jorge Guillén). Tituluak Jorge Guillén idazleari egiten dio erreferentzia eta eskultoreak espazioarekiko eta airearekiko duen jarrera agerian uzten du, harentzat harria edo zura bezain ezinbesteko materialak direla nabarmenduz.

1. Eduardo Chillidaren aipamena, Chillida, 1948–1998. Erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, 1998, 390 or.

Preguntas

Behatu eskultura arreta handiz, zer ikusten duzue? Zein hitz erabiliko zenituzkete eskultura deskribatzeko? Ideia-jasa egin eta artelanak iradokitzen dizkizueten hitzen zerrenda osatu. Eskatu ikasleei norberaren zerrendak gainerako ikaskideen zerrendekin alderatu ditzatela. Antzeko zerrendak dira edo elkarren artean oso desberdinak? Mintza zaitezte norberak hautatutako hitzen inguruan.

Eskatu ikasleei artelanaren materiala (alabastroa) deskribatzeko. Ahal bada, marmol edo alabastro zati bat erakutsi, ukitzen utzi eta materialaren ezaugarriak deskribatzeko eskatu. Chillidak material eta gainazal ugari baliatu zituen bere eskulturetan. Zergatik uste duzue alabastroarekiko interesa agertu zuela aztertzeko material gisa hautatuz? Urratsez urrats deskribatu, zuen ustez, Chillidak eskultura hori nola sortu zuen.

Bere eskulturetako askotan, Chillidak laztasunaren eta leuntasunaren arteko kontrastea azpimarratzen zuen. Zer esan dezakete ikasleek Chillidak alabastroa erabiltzeko moduari buruz?

Artistak solidoa eta hutsa erlazionatzeko moduaren inguruan ikertu zuen. Nola definituko zenukete “hutsa”? Nola txertatu zuen Chillidak hutsa bere eskulturan?

Chillidaren eskulturetako batzuk berariaz kanpoaldean kokatzeko sortuak dira. Pentsa ezazue artelan hau zuek bizi zareten herriari edo hiriari opari egin zaiola. Zein izango litzateke obra kokatzeko leku egokiena? Zergatik? Eskatu ikasleei haiek aukeratutako lekuak ikaskideek aukeratutako gainerako lekuekin alderatzeko.