Trauma eta makurra dena
Nire ardura ez da errealitatea antzematea, nik neuk sortzea baizik 1.
Argazkigintzak historia ulertzeko moduari gogor eragiteaz gain, gure oroimen pertsonalak antzemateko modua eraldatu du, hots, familiaren, haurtzaroaren eta norberaren inguruko ideiak sortzeko modua. Kamerari esker familiaren historia konta dezakegu eta familiarteko oroimenak betikotu ditzakegu. Beste errealitate bat sortzen du eta makur bihur daiteke. Artista asko efektu horretaz baliatzen dira: ekoizten dituzten agertokietan bizipen pertsonalen mina eta atsegina era asaldagarrian itzuli egiten da argazkien bidez.
Gure haurtzaroko eta nerabezaroko esperientziek gure oroitzapen sakonenen eta pertsonalenen oinarria osatzen dute, baita identitate psikologikoarena ere. Hala, Moffatt-en argazki eta bideo ugaritan familiarteko bizitza mehatxari azaltzen da, eta trauma zelatan dago, itzalpean, maiz ondorio gisa. Argazki batzuetan irudikatzen dena benetako gertakariak diren arren, besteetan fikziozkoak dira guztiz eta benetako sentipenak sortzen dituzte asmatutako egoerek. Irudi bakoitzak iragana dakar gogora eta denbora aurrera doan arren, oroitzapen indartsuak burura ekar ditzake.
Tracey Moffatt Brisbane-n (Australia) jaio zen eta hasieran film-zuzendari izateko ikasketak egin zituen. Itxuraz bere lanek une labur bat islatzen dute, baina arretaz eraikitako istorioak dira. Bizi osorako arrastoa Moffatten sail ezagunenetakoa da eta bertan hiri bateko aldirietan dauden haurren eta nerabeen bederatzi irudi ikus ditzakegu. Irudi bakoitzak gurasoek edo anai-arreba nagusiek sortutako traumak —irainak eta indarkeria fisikoa— jasotzen ditu. Irudikatutako pertsonak artistak berak aukeratutako eta itxuraldatutako aktoreak dira, eta talde osoa fotolitografia bat da benetako istorioak oinarri dituzten deskribapen laburrekin. Irudiek 1960ko hamarkadako Life aldizkariko orrialdeen antza dute. Taxutze horrek, baina, ez du adierazkortasunik eta kazetaritzako moldea du; gainera, sarritan intimoa eta mingarria den gai nagusiaren oso bestelakoa da. Era berean, 1956-1977 urteen arteko irudiok itxura informala dute, bat-batean familiaren argazki albumetik atera izan balitu bezala. Orokorrean, Bizi guztirako arrastoa lanak haurtzaroko zauriek bizitza osoan gurekin dirautela iradokitzen du.
Oharra
1 Honetan aipatua: Inside Art Express.com.au (azken bisita 2010eko uztailaren 11n).
Preguntas
- Erakutsi: Gauzaeza, 1974.
- Begiratu arretaz argazki hau. Zerrenda bat egin ikusten dituzuen gauza guztiekin.
- Zein ezaugarri iradokitzen dizkizue irudian dagoen pertsonaiak? Deskribatu haren ezaugarriak testu labur batean: ustezko adina, asmoak eta bizitzako egoera. Zerk eraman zaituzte hori ondorioztatzera?
- Argazkiaren azpian dagoen testuak honakoa dio: “aitak gauzaeza ezizenaz deitzen zion”. Azaldu nola uztartzen diren testua eta irudia esangura sortzeko. Nola erakusten ditu familiarteko harremanak?
- Moffattek argazkien azpian jartzen dituen testuak benetako istorioetan oinarritzen dira. Lan honetarako beste testu batzuk idazten saiatu. Nola eragiten dio lanari informazio hori aldatzeak?
- Irudikatutako pertsonarekin elkarrizketa bat izango bazenute, zer esango zeniokete elkarri?
- Gauzaeza, 1974 Bizi osorako arrastoa saileko argazkia da. Bertan, Moffattek arreta jartzen du senitartekoen artean ematen diren gertaera kaltegarri eta mingarrietan. Ados al zaudete haurtzaroko gertakariek helduaroan gurekin dirautela ideiarekin. Zergatik?