image

Victor Vasarely, Lacerta, 1955-79

Pintura abstraktuak, asto-pinturatik jaio zenak, errepikapenerantz jotzen du [...] Bi dimentsioko soluzioen garaia pixkanaka amaitzen ari da1.

Arte Optikoak, Europan batez ere garatu zen gerraosteko joera abstraktuak, gai zientifiko, objektibo eta interaktiboetan jarri zuen arreta. Artista optikoek lan ez-figuratiboak sortzen zituzten marrak, formak eta koloreak erabiliz eta mugimendu-, espazio- eta argi-ilusioak eratu zituzten. Lan horietako asko geometrikoak ziren eta ikuslearen pertzepzioan eta eraldaketa optikoetan zentratzen ziren objektu zehatz batean baino.

Victor Vasarely (Hungaria, 1908-1997) Arte Optikoaren buruetako bat izan zen Europan. Hogei urte zituela, medikuntzako ikasketak utzi zituen arteari ekiteko. Parisera joan zen eta bertan arrakasta izan zuen diseinugile grafiko gisa, pinturan lan egin baino lehen. 1950eko hamarkadaren hasieran, pintura abstraktuak irudi geometrikoz bete zituen; horiek egiteko, lauzak, naturako formak eta paisaia-elementuak izan zituen iturri. Halere, hamarkadaren erdialdean natura alde batera utzi zuen eta abstrakzio puruari ekin zion, geometrian, koloreen arteko erlazioan, matematika-sistemetan eta Gestalt-en -pertzepzioaren egungo ikasketaren oinarriak ezarri zituen psikologia-eskola- psikologian oinarrituz2. Era berean, Vasarely Arte Zinetikoaren ideiak bultzatzeagatik ere da ezagun; horrek mugimendu-sentsazioak bilatu zituen azalera lauko ilusio optikoen bidez. Haren lanek jolas-optikoak sortzen dituzte; horietako batzuek ikusleari traba egiten diote edo zorabioa eragiten diote.

Vasarelyk 1955etik 1979ra lan egin zuen Lacerta egiteko; garai horretan, haren estiloa eta interesak aldatu ziren. Lanaren ezaugarri optikoek 1968an egin zituen lanen itxura dute; konposizio-elementuak antolatzen zituen moduagatik, irudiak pinturaren planotik ateratzen zirela ematen zuen, hiru dimentsioko bolumenak baitziruditen3.

1 Gaston Diehl, Vasarely, Eileen B. Hennessy-k ingelesera itzulia (New York, Crown Publishers, Inc., 1979), 41. or.
2
"Guggenheim Education Resource", National Gallery of Victoria. Azken bisita: 2011ko uztailaren 1ean.
3
"Victor Vasarely: Works and Biography", Peggy Guggenheim Collection. Azken bisita: 2011ko uztailaren 1ean.

Preguntas

  • Galdetu ikasleei zer esan nahi duen “ilusio optiko” terminoak eta saiatu guztion artean definizio bat ematen. Azaldu ikasleei artista batzuek ilusio optikoak erabiltzen dituztela euren lanetan. Galdetu ilusio optikoen inguruan zer iruditzen zaien interesgarria, nahasgarria edo zirraragarria.
  • Begiratu Vasarelyren Lacerta lanari. Galdetu ikasleei zer hautematen duten. Eskatu pintura deskribatzeko matematika-terminoak erabiliz, hala nola, simetria, esfera, hiru dimentsioak eta ardatza.
  • Lana lau koadrantetan antolatuta dago. Eskatu ikasleei koadrante bakoitzaren eta osotasunaren arteko erlazioa deskribatzeko. Zertan dira berdinak? Zertan desberdinak?
  • Arte Optikoak objektu bat hiru dimentsiotan edo mugimenduan ikusteko ilusioa sor dezake. Nabaritzen al dute ikasleek ilusio hori lanari begiratzean? Hala bada, eskatu efektu deskribatzeko eta Vasarelyk gainazal lau batean ilusio hori nola eratu zuen identifikatzeko.
  • Galdetu ikasleei zein izen emango lioketen lanari eta zergatik. Ondoren, eman izenburua: Lacerta. Konstelazio txiki baten izena da eta latinez “musker” esan nahi du. Nola lotuko lituzkete pinturaren izenburua eta itxura?
  • 1954an, Vasarelyk esan zuen bere konposizioak “pintura bat baino gehiago” zirela. Nahiz eta formek eta koloreek pintura-planoan bolumenik ez izan, “planotik haratago eta planoaren barruan” antzeman zitezkeen efektuak sortzen zituzten1. Eskatu ikasleei adierazpen hori artelanarekin erlazionatzeko. Zein zentzutan dira konposizio hauek pinturak baino gehiago? Nola sortzen dituzte pintura-planoaz haratagoko efektuak?1 Gaston Diehl, Vasarely, Eileen B. Hennessy-k ingelesera itzulia (New York, Crown Publishers, Inc., 1979), 31. or.