Nota: este sitio web incluye un sistema de accesibilidad. Presione Control-F11 para ajustar el sitio web a las personas con discapacidad visual que están usando un lector de pantalla; Presione Control-F10 para abrir un menú de accesibilidad.

KOSMO

KOSMO proiektu digitala Guggenheim Bilbao Museoak arte modernoaren eta garaikidearen inguruko ikaskuntzarekin, dibulgazioarekin eta gozamenarekin duen konpromisoaren emaitza da. KOSMO bitartekaritza-tresna interaktiboa da, eta Museoaren Bilduman ordezkatuta dauden artisten arteko loturak ezartzen ditu modu dinamikoan eta bisualean. Interfazeak kontsulta-aukera zabala eskaintzen du, eta ezagutzeko zein ikertzeko ibilbide ugari sortzea eta esperientzia birtual paregabea eraikitzea ahalbidetzen du.

Proiektuaren abiapuntua artisten konstelazio bat da, eta konstelazio horren formak agerian jartzen ditu sortzaile horien arteko loturak. Artisten gainean klik eginez gero, haien inguruko informazio zabala eskaintzen duten baliabideak agertzen dira: biografiak, bilduman dauzkaten obrak eta Museoan izan dituzten erakusketak, bibliografiak, eurekin nolabaiteko lotura duten Bildumako gainerako artistak, eta haien sormen-lengoaiak are gehiago hurbiltzen dizkiguten bideoak eta dokumentalak. Hortik aurrera, iragazkien bidez, parametro ezberdinen arabera multzokatu daitezke, nola diren korronte edo mugimendu artistiko jakin bat, lanerako erabiltzen dituzten adierazpideak, edo jaiotza-hamarkada. Era berean, bertoko edo estatuko artistak identifikatzeko aukera ematen du tresnak, baita modu iraunkorrean ikusgai dauden obrak ezagutzekoa ere.

Proiektu digital honen helburua, beraz, Guggenheim Bilbao Museoaren funts artistikoetako sortzaileak ezagutu, ikertu, kontsultatu eta haien arteko loturak ezarri nahi dituen edonori online Bilduma hurbiltzea da.