Prentsa Eremua

5 urria 2020

Guggenheim Bilbao Museoak Olafur Eliassonen partaidetza-proiektu berria sartu du artistaren erakusketan pandemiari buruzko gogoetak partekatzeko

image

Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketak Guggenheim Bilbao Museoaren bigarren solairu osoa betetzen du eta bihartik aurrera, urriak 6, Olafur Eliassonen proiektu berri bat hartuko du bere baitan: “WeUsed.To”. Proiektu hori artistak berak, Berlingo Studio Olafur Eliasson estudioak eta Aarhusko Unibertsitateko (Danimarka) Interacting Minds Center erakundeak hasi zuten lankidetza-ekinbide gisa eta bisitariei egindako gonbidapen moduko bat da, COVID-19aren pandemiak ekarritako bizipenen inguruan egindako gogoetak partekatzeko.

Onlineko partaidetza-esperimentu bat da “WeUsed.To”, mundu osoko pertsonek ziurtasunik gabeko egoera orokor honek ohituretan eragindako aldaketei eta etorkizunari buruzko gogoetak bildu eta plazaratzeko xedea duena. Parte hartzen dutenek bidalitako testuetan pandemia aurretik bizitako egoerak, bizipenak eta pertzepzioak eta egun bizi ditugunak erkatzen dira eta interneterako sarbidea duen edozein gailu erabiliz edo weused.to webgunean partekatu ditzakete.

Proiektuak Guggenheim Bilbao Museoan ere izango du oihartzuna: pantaila batean ausaz argitaratuko dira mundu osotik etorritako ideiak eta pantaila ondoan dagoen txartel batean argibideak eta QR kode bat daude bisitariek haien ideiak partekatzera animatzeko.

Hainbat herrialdetatik bidalitako adierazpenen sortak, handituz joan ahala, COVID-19ak eragindako pandemiaren mundu-mailako eskala erakusten du. Izan ere, birusa ez da hedatzen ari den gauza bakarra; emozioak, zalantzak, egitateak eta esperientziak ere ziztu bizian ari dira zabaltzen makina bat norabidetan.

“WeUsed.To” proiektua 2020ko udaberrian garatu zen, leku asko itxialdian zeudela, eta abian den esperimentazio-ekimen handiago baten baitan dago, Experimenting, Experiencing, Reflecting (EER) delakoa, arte- eta zientzia-esparruen arteko lankidetza oinarri duena.

Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketa Iberdrolaren babesari esker gauzatu da.

Mundu osoko erabiltzaileek weused.to webgunera bidalitako testuen artean ausaz aukeratutako adibideak:

I used to feel like I had no time. Now I feel like I have too much time to manage.

Denborarik ez nuela sentitu ohi nuen. Orain denbora sobera bete behar dudala sentitzen dut.

I used to take small things for granted. Now I don't.

Gauza txiki asko ziurtzat ematen nituen. Orain ez.

I used to be annoyed by going to class everyday. Now I worry I’ll never set foot on campus again.

Egunero klasera joan beharrak gogaitzen ninduen. Orain batek daki campusa inoiz berriz ikusiko ote dudan.

I used to feel uncomfortable spending time by myself. Now I feel overwhelmed and anxious being around others.

Aurretik, ez zitzaidan gustatzen bakarrik egotea. Orain jendartean abailduta eta beldurtuta nabil.

Beste prentsa oharrak

FAQ
Nola lortu dezaket baimena Guggenheim Bilbao Museoaren barrualdean nahiz kanpoaldean argazkiak ateratzeko edo filmatzeko?

Bidali mezu bat xehetasun guztiekin helbide honetara: media@guggenheim-bilbao.eus

Mezuan informazio hau jarriko da: grabazio-mota, eguna, ordua eta iraupena, zein den grabazioaren helburua (eraikina, erakusketak), elkarrizketa behar duen edo bestelako informazio interesgarria.

Behin eskaera onartuta, Museoak taldea osatzen duten kide guztiei buruzko datuak jasoko ditu,  filmazioa egin aurretik.

Ikus-entzunezko produkzioetan Museoaren irudia erabiltzeak tarifa bat izan dezake. Eskaera bakoitza Irudi Batzordeak aztertuko du. Eskaera baten berrikuspena 3 egun baliodunetik 2 astera arte luza daiteke. Saioak aldez aurretik planifikatzea gomendatzen dugu.

Nola lor ditzaket erakusketen eta eraikinaren irudiak komunikabide batean argitaratzeko?

Irudiak lortzeko, sar zaitez hemen eta deskargatu materiala. Premiazko eskaeretarako, posta elektronikoaren bidez edo telefonoz jar zaitezke harremanetan.

Irudiak beren egilearen izenarekin erreproduzitu behar dira, distortsionatu, mutilatu edo aldatu gabe. Irudi horiei beste erabileraren bat eman behar bazaie, Museoaren berariazko baimen idatzia beharko da.

Nola lor dezaket erakusketa zehatz baten press kit bat?

Informazio guztia web orrialdeko Prentsa sailean eskura daiteke, erakusketen atalean.

Nola lor dezaket prentsa-baimen bat?

Prentsa-txartela aurkeztu behar baduzu Museoko leihatiletan, sarrera doan eskuratuko duzu. Kontuan izan kazetariei Museoa doan bisitatzeko aukera ematen zaiela, museoaren jarduerei, ekitaldiei eta erakusketei publizitatea ematearen truke.

Nola jaso dezaket Museoaren erakusketei eta gaurkotasunari buruzko informazioa?

Bidali mezu bat hedabideari eta kazetariari buruzko informazio osoarekin  media@guggenheim-bilbao.eus helbidera.