1966an Clarkek eskumuturra apurtu zuen auto-istripu batean, eta hari sendatzen laguntzeko, bere lehenengo objektu sentsoriala sortu zuen: Harria eta airea (Pedra e ar). Airez betetako poltsa bat zen, gainean harri bat zuena eta zuzenean larruazala ukitzen zuena. Objektu hark norberaren gorputzaz jabetzen laguntzen zuen, eta garrantzia ematen zion arnasa hartzea bezalako ohiko ekintza bati. Ondoren objektu sentsorial gehiago sortu zituen, bitartekari moduan erabiltzen zirenak gorputzarekiko harremana berreskuratzeko eta berriro hartaz guztiz jabearazteko helburua zuten ekintza ezberdinetan.
1968an, Veneziako 34. Bienalean hartu zuen parte Etxea da gorputza (A Casa é o Corpo) obrarekin. Instalazio hartan, amaren umetokira itzultzea nolakoa izango litzatekeen irudikatu zuen ukimena biziagotuz.
Eguneroko objektuak erabiliz, Lygia Clarkek hainbat erlazio-objektu sortu zituen nor bere gorputzaz hobeto jabetzen laguntzeko xedez, eta objektuok artistak proposatutako ekintzetan erabiltzen ziren.
Zentzumenen maskarak (Máscaras sensoriais, 1967), adibidez, ikusmena, usaimena eta entzumena nabarmentzeko pentsatuta zeuden, eta Elkarrizketa, Betaurrekoak (Diálogo, Óculos, 1968) direlakoek, berriz, parte-hartzaileen ikus-eremua mugatzen zuten, eta elkarri zuzendutako begiradak zatikatzen. Partaideen gorputzen hurbiltasun fisikoak eta haien arteko energiak esperientzia bakoitza baldintzatzen eta pertsonalizatzen zuten.