Guggenheim
otras miradas eusk

Guggenheim Bilbao Museoak “Bestelako begiradak” aurkezten du, Olafur Eliassonen artea ilustrazioen bidez interpretatzen duen bilduma

Ane Pikaza, Leyre Urbeltz, Alberto Muriel, Concha Pasamar, Higi Vandis, Yolanda Mosquera, Myriam Cameros eta Janire Orduna dira “Bestelako begiradak” ekimenean parte hartu duten zortzi ilustratzaileak. Guggenheim Bilbao Museoak botatako erronkari helduz, ilustrazioen bidez agertu dute Olafur Eliassonen lanekiko bizi izan duten esperientzia.

Iberdrolak babesten duen Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketak Museoko bigarren solairu osoa hartzen du. Haren lanak eta instalazioak esperientziak eragiteko pentsatuta daude, eta bisitariak horien partaide bihurtzen dira.

“Bestelako begiradak” delakoan parte hartzeko aukeratutako ilustratzaileak Euskal Irudigileak elkarteko kideak dira, zeina Museoarekin batera lanean jardun baita ekimena koordinatzen. Zortzi irudigileek erakusketari buruzko beren ikuspegi propioa txertatu dute egin dituzten piezetan, eta hainbat teknika eta estilo librea erabili dituzte aukeratu dituzten artelanetan atentzioa eman dien zera hura adierazteko.

Aurkeztutako ilustrazioek modu iradokitzaile eta pertsonalean jaso dute Olafur Eliasson: bizitza errealean erakusketan bizitakoa: artelanek ikuslea haien baitan murgiltzeko duten modua; naturaren presentzia indartsua lainoa, likena edo glaziarren moduko elementuen bidez; eta inguruko mundua hautemateko, sentitzeko eta hari forma emateko moduari buruzko etengabeko hausnarketa nola egiten duen argia, kolorea, mugimendua eta figura geometrikoak baliatuz.

Erronkari erantzunez sortutako ilustrazio eder hauek, egileen gaitasuna erakusteaz gain, bakoitzaren ikuspuntu pertsonalak artea, eta orokorrean mundua, nola bizi dugun baldintzatzen duela erakusten dute. Ezbairik gabe, uda honetako erakusketa erakargarrienetako batean askatasun osoz eta sormena pizteko prest murgiltzeko gonbidapen erakargarria egiten digute.

 

Ilustratzaileak eta aukeratutako artelanak

Myriam Cameros (Tutera)
Aukeratutako artelana: Absentziaren presentziaren pabiloia (The presence of absence pavilion), 2019
“Artelan honetan sartzerakoan, dagoeneko ez denaren, ez dagoenaren hutsunea biziki hautematen duzu. Ilustrazioan, iraun ez duen baina agian noizbait berreskuratu daitekeen horren presentzia aztoragarria sakondu dut”.

Higinia Garay (Higi Vandis) (Bilbo)
Aukeratutako artelana: Zure kolore-atlas atmosferikoa (Your atmospheric colour atlas), 2009
“Zentzumenekin naturan barna egindako bidaia da. Bertan geundela, espazioa eta bere baitako formak argi eta kolorez osatutako izpietan desagertzen ikusi genituen. Eta hura esploratzerakoan dimentsio piktoriko berri horren biztanle bihurtu ginen”.

Yolanda Mosquera (Amurrio)
Aukeratutako artelana: Maketa-gela (Model room), 2003
“Txango mikroskopiko batean aurkituko zenituzkeen sekretu guztiak gordetzen dituen berotegi magikoa dirudi”.

Alberto Muriel (Bilbo)
Aukeratutako artelana: Glaziarren urtzearen seriea 1999/2019 (The Glacier Melt series 1999/2019)
“Olafur Eliassonek elementu honen desagertzea dokumentatzen du, bizitoki dugun planeta honen biziegokitasunerako seinale txarra den urtzea.”

Concha Pasamar (Iruña)
Aukeratutako artelana: Edertasuna (Beauty), 1993
“Ostadarraren barnera planteatzen duen bidaiak dimentsio sentsorial oparo —ikusteko, entzuteko eta ukitzeko modukoa— eta ludikoa du, baina baita karga sinboliko ezin bereziagoa ere”.

Ane Pikaza (Bilbo)
Aukeratutako artelana: Kolore batentzako gela (Room for one color), 1997
Kolore batentzako gela  artelanean sartzerakoan halabeharrez hasten gara galdu ditugun koloreen bila; hurrengoa galera onartzea da, eta ñabarduren bila aritzea bihurtzen da hor bizi dugun errealitate berriaren ardatza”.

Janire Orduna (Bilbo)
Aukeratutako artelana: Likenezko horma (Moss wall), 1994
“Oso erakargarria iruditzen zait Olafur Eliassonek nola lortzen duen naturak norberaren espazio fisikoa hartzea; instalazioa xaloa izan arren, dei egiten dizu eta, aldi berean, likenaren formen konplexutasunak babestuta sentiarazten zaitu”.

Leyre Urbeltz (Iruña)
Aukeratutako artelana: Zure zalantzazko itzala (kolorea) [Your uncertain shadow (Colour)], 2010
“Lan honek nire izaeraren aniztasunarekiko jolasa iradokitzen dit. Norberaren gorputzaren mugimenduarekiko kontzientzia pizten duen metafora sinestesikoa da, eta hirurogeiko hamarkada amaierako poster psikodelikoen bilduma amaigabea osatzeko tramankulu magikoa izan zitekeen espektro bisuala sortzen du”.

Euskal Irudigileak

Euskal Irudigileak (APIE-EIEP)-Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionala da, 2003az geroztik, beren eskubide profesionalak defendatu nahi dituzten ilustratzaileak biltzen dituen kolektiboa. Ilustrazioan profesionalki diharduten edo jardun nahi duten 120 irudi egile eta sortzailetik gora dira elkarteko kideak, sektoreko edozein arlotara biltzen direnak: liburuak, testu-liburuak, komikiak, publizitatea, packaging-a, prentsa, txartelak (greeting), animazioa, multimedia edizioa, online edizioa, infografiak, kartelgintza, estanpazioa, karikaturak, jolas didaktikoak, muralgintza, gidoi ilustratuak (storyboard), zirriborroak (layout), ilustrazio zientifikoa…

ERAKUSKETARI BURUZKO GEHIAGO