AEBKO FEDERAL ART PROJECT (FAP)
AEBKO FEDERAL ART PROJECT (FAP)

New Yorkeko burtsak 1929an porrot egin ostean, Franklin D. Roosevelt presidenteak hainbat neurri hartu zituen Depresio Handiari aurre egiteko eta AEBko ekonomia berreraikitzeko. Horren harira sortu zuen Works Progress Administration (WPA) agentzia 1935ean, langabezian zeuden milioika lagunek herrialde osoko obra publikoetan lan egin zezaten. Urte horretan, halaber, WPA agentziaren menpeko Federal Art Project (FAP) ekimena jarri zuten abian: “estatubatuar espiritua” delakoa sustatzen zituzten proiektuak babestu zituzten horrela, hots, lana, komunitatea eta baikortasuna bultzatzen zutenak.

Babestutako proiektuetako batek Mexikoko gobernuaren plan bat zuen oinarri: urte batzuk lehenago bertako agintariek David Alfaro Siqueiros, José Clemente Orozco, Diego de Rivera eta beste artista batzuk kontratatu zituen, iraultzaren historia eta idealak herrialdeko eraikin eta gune publikoetan jaso zitzaten. Horma-irudi handiak egin zituzten artistok, hiri eta herri guztietan zehar. Horma-irudi horietatik edan zuten FAP ekimenean lan egin zuten milaka artistek —programa bertan behera geratu zen 1943an—, besteren artean, Willem de Kooning, Arshile Gorky, Philip Guston, Lee Krasner, Jackson Pollock eta Mark Rothko. Sortzaile horiek ere horma-irudiak egin zituzten, posta bulego, estatuetako bulego zein egoitza federal, eskola, liburutegi eta aireportuetarako; oraindik ere, horietako batzuk ikus daitezke New Yorken, Chicagon, San Frantziskon eta Bostonen.

WPA agentzia sortu baino lehenago ere mexikar muralgileek eragina zuten AEBn. 1933an Nelson Rockefeller-ek Diego de Riverari eskatu zion eraiki berri zuen Manhattango Rockefeller Center-en atondorako horma-irudi bat egiteko. Kontratua sinatu ondoren, artistak hainbat alditan aldatu zuen jatorrizko ideia eta, azkenik, Gizona bidegurutzean lana aurkeztu zuen, komunismoari egindako erreferentziaz beteta (bandera gorriak, manifestazioak, Lenin-en erretratu bat eta abar). Hori dela eta ez zuten inoiz ere artelana erakutsi —Riverak ordainsariak osorik jaso bazituen ere— eta 1934an suntsitu zuten.

“Odolberoak” izeneko artista abstraktuen taldea: Willem de Kooning; Jackson Pollock; Adolph Gottlieb; Ad Reinhardt; Robert Motherwell; Clyfford Still; James C.Brooks; Hedda Sterne; Jimmy Ernst; Bradley Walker Tomlin; Richard Pousette-Dart; Barnett Newman; Theodoros Stamos; William Baziotes; Mark Rothko, 1950ko azaroa

Argazkia: Nina Leen. Getty Images