Ez dago ikusgai

Gauerdiko malkoak

2023Akrilikoa mihise gainean
240,5 x 220 cm

Yoshitomo Nara (Hirosaki, Aomoriko Prefektura, Japonia, 1959) Japonian haren belaunaldiko artistarik ezagunenetako bat da. Haur-irudien erretratu bereizgarriak, mehatxagarriak, desafiatzaileak eta lotsagabeak ere bai batzuetan, baina baita malenkoniatsuak eta zalantzatiak ere, ikono miretsi bihurtu dira eta, egile honen jardueran hasieratik ezaugarri diren aktibismoa eta kezkak islatuz, zenbait manifestazio eta protestatan ere erabili dira. Yoshitomo Narak arte tradizionala sortu zuen, haurtzaroan eta historia pertsonalean nahiz musikan, literaturan, zineman, naturan eta Europako eta Japoniako artearen historian inspiratua.

Nara 1959. urtean jaio zen Hirosakiko komunitate erdi landatarrean, Japoniako iparraldean, eta Japoniako mirari ekonomiko gisa ezagutzen den garaian hazi zen. Ordu luzeetan egoten zen bakarrik, animaliez inguratuta, naturan murgilduta eta berak haurra zela eraikitako irrati bat lagun zuela; irrati horri esker bere unibertsoa zabaldu ahal izan zuen.

1987an, Arte Ederretako eta Musikako masterra lortu zuen Aichi Prefekturako Unibertsitatean, eta, ondoren, Alemaniara joan zen, Düsseldorf-eko Kunstakademie-n ikasteko asmoarekin. Etapa hori garrantzitsua izan zen haren obra  bultzatzeko. Pixkanaka, marrazkigintzan egindako lana pinturara eraman zuen, konposizioa sinplifikatuz eta itxuraz konplexutasun emozionalarekin araztutako lan bat sortuz. Horren berezitasuna medio, laster aintzatetsi zuten eszena artistikoan.

2000an, Japoniara itzultzea erabaki zuen, eta, handik urtebetera, Yokohamako Arte Museoan funtsezko monografikoa egin zen; bertan, haren pinturak ez ezik, haren marrazkiak, eskulturak eta lehen ekintza kolektiboa ere erakutsi ziren. Erakusketa horrekin haren herrialdeko artista nabarmenetako bat izatera iritsi zen.

Gauerdiko malkoak (Midnight Tears, 2023) obra Narak bere ikerketan ikuspegi berri bat hartzen duen unekoa da bere ibilbidearen barnean. Pintzelkada soltea erabiliz sortzen duen sentsazio lausoak, denboran zehar gertatzen ari diren hainbat gertakariren ondorioz, gizartearen egoera emozionalean gertatzen den aldaketa islatzen du. Gertakari horien artean daude Japonia ekialdean 2011n gertatutako lurrikara handia, horren ondorioz izandako tsunamia eta Fukushima Daiichiko zentralaren istripu nuklearra eta 2019an koronabirusaren gaixotasunak eragindako pandemia.

Sentsazio diluitu hori ez dator bat aurreko etapetako lanetan agertzen diren kolore-eremu solidoekin eta ondorengo ekoizpenean nagusi diren gainazalekin. Gainazal horiek koloretako geruza eta pintzelkada ugariekin eginda daude, kohesioz enpastatuta eta pintura oso gertutik ikustean bakarrik nabarmenduz. Modu horretan, Gauerdiko malkoak lanaren azal zurbilak distantzia batera eskaintzen duen itxura monolitikoaren aurrean, hurbiltzerakoan tonuak gainjarrita sortzen den unibertso nakaratua ikus daiteke. Unibertso horretan nabarmena da aurpegi lau angeluarra, ile irisatuak markatua, pintzelkada nabarietan sotilki desintegratzen dena, soinekoak lepoarekin bat egiten duen eremuan; ahoak, gorri laranja kolorekoa eta espresiorik gabea, kontrapuntua du begi adierazgarrietan  —hain enblematikoak Nararen obran—, eta horietan malkoak, begi-azalean eutsiz, gainezka egitear daude.

Jatorrizko izenburua

Midnight Tears

Data

2023

Teknika / Materialak

Akrilikoa mihise gainean

Neurriak

240,5 x 220 cm