Guggenheim

Alyson Shotz-ek Arte Ederretako Masterra egin zuen University of Washington-en (Seattle), eta Arte Ederretan lizentziatu zen, pinturako espezialitatean, Rhode Island School of Design eskolan, 1987an, denboraldi labur batez Coloradoko Unibertsitatean Geologia ikasten aritu ondoren. Garai hartatik, artistari asko interesatzen zaio espazioaren izaerarekin erlazionatutako ikerketa zientifikoa. 1990eko hamarkadaren erdialdean lehenengo eskultura-lanak sortu zituenetik, Alyson Shotzek askotariko materialak erabiltzen ditu bere obran (sintetikoak, ehunezkoak eta metalezkoak), eta, haien bidez, hauek aztertzen ditu: espazioa hautemateko ditugun moduak, esperientziaren mugak eta oinarrizko fenomeno fisikoak (besteak beste, grabitatea, tentsioa eta mugimendua). Duela gutxi, aurkikuntza zientifiko jakinen inguruan aritu zen artista; haien arabera, materia espazioan dagoen masaren % 4 baino ez da. “Nire lana espazioari buruzko galdera batekin hasi zen: zer da? Zerez eginda dago? Nola osatzen du inguruan ikusten dugun guztia? Espazioaren substantziak ihes egiten digu. Nire lanaren zati handi batek espazio huts hori ikusarazi nahi du, eta grabitatea eta argia irudikatu. Nire ustez, naturako indar horiek eskultore batek balia ditzakeen material nagusiak dira”.

Gogoeta-objektua (Object for Reflection, 2017) altzairuzko uztaien bidez kateatutako aluminio zulatuko pieza txiki ugariz osatuta dago; pieza txiki horiei argiak ematen dienean, pantaila bateko pixelak bezalakoak dira, eta dar-dara etengabe eta sotila egiten dute. Dirdira metalikoenak dira atzeko itzalak; atzealdean, iluntasunak metalaren gainean uzten dituen askotariko xehetasunak ikus daitezke. Gogoeta-objektua tamaina handiko eskultura gisa sortu zen, eta haren bertikaltasuna, nola arkitektonikoa hala ehunezkoa, elkarrizketa batean murgiltzen da Guggenheim Bilbao Museoaren arkitektura ikonikoarekin. Era berean, obrak bizitasunez erantzuten die argi-testuinguruari eta haren inguruan dabiltzan ikusleen mugimenduari. Hori lortzeko, Alyson Shotzek, bolumen solidoa erabili ordez, material malgu baten toles apetatsu batzuk erabiltzen ditu; pisuaren ordez, grabitaterik eza; gogortasunaren ordez, malgutasuna; eta, opakutasunaren ordez, erdigardentasun aldakorra. Artistak berak erakusketa ikusgai zegoela adierazi bezala, obrak eskultura monumental modernista hartzen du abiapuntu gisa, material metalikoekin egina, haren rol tradizionala eta haren balioa birformulatzeko. Pisuaren agintea txikitu ahala, haren konplexutasuna izugarri handitzen da.