Une honetan ikusgai (undefined)

Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako

1951/2019Beirazko hodia eta neoia
280 x 1000 x 1200 cm

2021eko otsailaren 17tik aurrera, Lucio Fontanaren Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako (Struttura al neon per la IX Triennale di Milano, 1951) obra Guggenheim Bilbao Museoaren Atrioan egongo da instalatuta, eta datozen hiru urteetan egongo da ikusgai. Ezohiko erakuspen bikain hori Milango Fondazione Lucio Fontanaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren arteko lankidetzaren emaitza da.

Bere ibilbide paregabean zehar, Lucio Fontanak (Rosario, Argentina, 1899–Varese, Italia, 1968) etengabeko ikerketarako eta gogoetarako gai bihurtu zuen espazioa, eta bai testuinguru anitzetan, bai zeharo material ezberdinen bidez landu zuen. Espazialismoa izeneko mugimenduaren sorrerari bidea eman eta 1947an Italiara itzuli ondoren, abstrakzio eta esperimentazio erradikalaren norabidea hartu zuen pixkanaka. Hutsunea artelana sortzeko elementu gisa zein obraren osagai bereizgarri gisa erabiltzen aitzindaria, Fontana ezinbestekoa izan zen abangoardia-talde ugariren garapenean —besteak beste, nazioarteko Zero taldearenean—, baita erreferentea ere hurrengo belaunaldietako artista gorenentzat, hala nola Yves Klein, Jorge Oteiza edo Jesús Rafael Soto. Mundu mailan bere mihise monokromo moztu eta zulatu dirdiratsuengatik ezaguna izan arren, Fontanak eskultoretzat izan zuen beti bere burua, eta pieza bakoitza esperientzia oso bezala lantzen zuen kolore eta keinuari, denborari, sakontasunari, bolumenari, materialari eta argiari dagokienez.

Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako, beraz, marrazki bat, eskultura bat, argizko diseinu-lan bat eta airean izoztutako trazu adierazkor bat izan daiteke era berean. Halaber, XX. mendean artea eta teknologia uztartuz egindako adierazpenik biribilenetako bat da. Bere garaiko estetika-irizpideetarako harrigarria den materialez egina, pieza 1951ko Milango Trienaleko atondorako berariaz egindako enkargua izan zen. Litekeena da Pablo Picassok 1950ean Gjon Mili argazkilariarekin elkarlanean eginiko “argiaren marrazki” ospetsuei Fontanak emandako erantzuna izatea neoizko marrazki espazial hori. Argi elektrikoaren erabilera planteatuz, ohiko forma artistikoekin alderatuta ezohikoa eta berritzailea zen materiala, alegia, bere ehun metroko neoi kizkur eta kaotikoaren bidez tour de force bat proposatzen zion Fontanak garaiko industriaren ahalmenari, eta 1948ko Manifestu Espazialistaren aldarrikapenetako bat gauzatzera heldu zen hala: “Teknika modernoaren baliabideekin, lortu egingo dugu zeruan honakoak agertzea: forma artifizialak, / ortzadar zoragarria, / kartel argidunak”. Mugimendu horri buruzko bigarren manifestua idatzi zuen garaian sortu zuen Fontanak bere neoizko obra bikaina. Lanak, ustekabean, uztartu egin zituen Barrokoaren estetika —artistak gaztarotik horrenbeste miresten zuena— eta aro espazialeko programa teknologikoa.

Guggenheim Bilbao Museoaren Atrioan instalatzerakoan, Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako obraren konplexutasunak ezohiko solaskide bat aurkitu du: Frank Gehryren eraikin enblematikoa. Izan ere, arkitektoak paperean zirriborratutako bozetoek badute halako antzekotasun bat Fontanaren arabesko espazialekin. Bere argitasuna eta dimentsioak medio, neoi bikainak burla egiten die perspektibari eta distantziari, eta aukera ematen dio behatzaileari arkitektura modu biziagoan hautemateko; esperientzia Museoaren barruan ez ezik, kanpotik ere ikusteko modukoa da. Datozen urteetan obra hori kokaleku apartean erakusgai egoteak agerian uzten du Fontanaren lanak Guggenheim Museoen konstelazioan duen garrantzia, eta buru ematen dio 2019ko udaberrian Bilbon aurkeztutako Lucio Fontana. Atarian atzera-begirakoari.

Arte-arduraduna: Manuel Cirauqui

Jatorrizko izenburua

Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako

Data

1951/2019

Teknika / Materialak

Beirazko hodia eta neoia

Neurriak

280 x 1000 x 1200 cm

Kreditua

© Fondazione Lucio Fontana, Bilbao, 2021<br/ > Instalazioaren ikuspegia Guggenheim Bilbao Museoan, 2021<br/ > Irudia: © FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, argazkia: Erika Barahona Ede

Neoizko egitura

Lucio Fontanaren Neoizko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako obra Guggenheim Bilbao Museoko Atrioan instalatzeko lanen time lapse-a (kamera lasterrean)