Une honetan ikusgai (Urmaela)

Su-iturria

1961Sua
Kokapen zehatzeko neurriak

Gazte hil zen Yves Klein, 1962an, baina ordu arteko zazpi urteko ibilbide artistiko laburrean, lan-multzo heterogeneoa eta, ikuspegi kritikotik, konplexua ondu zuen, baita hurrengo hamarkadetako artearen zati handi bat iragarri ere —arte kontzeptualetik hasi eta performancearen arteraino—. Mihise kolorebakarrak 1950eko hamarkadaren erdialdera sortzen hasi zen arren, pinturari lotutakoaren espezifikotasuna alde batera utzi zuen, artea edozein baliabide edo teknika jakinetik at dagoen zerbait gisa hartu baitzuen. Hala, Klein artista postmodernoa izan zen eta garaikideei aurrea hartu zien; bada, artea ikusezintzat jotzen zuen: Sinfonia Monotonoa Isilunea (Symphonie Monoton Silence) konposatu zuen, "airearen arkitektura bat" imajinatu zuen, bere ekintzak jendaurrean aurkezten zituen, argazkigintzara pasatu zen eta bere lan iragankorren aztarna gordetzeko horiek "dokumenta" zitezen agindu zuen. Bere egitarauaren arabera, bigarren mailan uztekoa zen artista batek eduki lezakeen trebetasun jakin bat eta pisu handiagoa zuen, ordea, edozein motako lanak sortzen dituen izate mitikoa piztezko artistak duen abileziak: "Pintoreak maisulan bakarra sortu besterik ez dauka: bera. Bateria atomiko moduko bat bihurtu behar da: etengabeko erradiazioa igortzen duen sorgailu moduko bat ingurunea artistaren izate piktorikoaz zipriztin dadin; izate horrek, gainera, bertan iraungo du artista joan ondoren ere"[1].

Su-iturria (Fire Fountain, 1961) artistak bizi artean amaitzeko aukera izan ez zuen proiektu baten burutzea da. Sorbonan 1959an emandako hitzaldi batean, Kleinek aspaldiko proiektu baten gainean hitz egin zuen: "plaza publiko bat, ur-geruza bat eta horren gainean, ur-zurrustak beharrean, su-zurrustak dantzan"[2]. Artistaren arabera, ideia hori izan zuen La Granja de San Ildefonso errege-jauregian, hots, Madril ondoko Espainiako Monarkiaren udako egoitza zaharrean zela, XVIII. mendeko estilo frantseseko lorategien iturriak eta zurrustak bisitatu ondoren: "Bertan imajinatu nuen nola izango litzateke urmael horietako ur lasaien gainazalean ur-zurrusta dotore horiek su-zurrusten truke ordezkatzea. Su-eskulturak uraren gainean. Zergatik ez?"[3]. Zirriborro batzuek aditzera ematen dutenez, 1958–59rako su-eskultura bat sortzeko interesa zuen, eta artistak eskatutako lehenengo "asmatze-patente"etako batek "urmael batean ura eta sua konbinatzen zuten zurrustei" egiten die erreferentzia". 1961ean, hil aurreko urtean, Krefeld-eko Museum Haus Lang-en erakutsi zen atzera begirakoan, Kleinek bere egitasmoa zati batean burutzea lortu zuen: Mies van der Rohe-k diseinatutako etxearen belardi batean "su-horma" bat altxa zuen berrogeita hamar Bunsen erregailu baliatuz eta aldi berean, ingurumarian, sugar bizi (edo "su-iturri") bat lurretik aterarazi zuen.

Bilbon erakusten den Su-iturria lana Klein hil ondoren egin zen: bost su-iturri lerrokatu ziren Frank Gehryren erakinaren kanpoaldean dagoen urmaelean eta ondorioz, lerro batean atondutako sugarrak urmael lasaian islatzen dira. Lan honek artistari suak, hau da, aspaldiko tradizioaren arabera "lau elementu"etako batek, nolako lilura pizten zion erakusten du. Izan ere, lehen aipatutako lan horiek ez ezik, Kleinek Su-margolanak (Fire Paintings) lan-multzoa ere sortu zuen 1961ean eta horietan kimikoki tratatutako gainazalen gainean soldagailu bat baliatzen zuen. Sua (biziaren hazi eta zibilizazioaren eragile, hainbat onura eta erosotasunen hornitzaile eta, gainera, indar suntsitzaile, betiereko mehatxu) memoriari eta hildakoen gurtzari lotuta dago. Harrokeria erakusten ez duela, Su-iturriak, beraz, zibilizazioaren sorburura eramaten gaitu zeharka, baita munduaren hastapenera ere. 1959an, suari buruzko edozein egitasmo hezurmamitu aurretik, artistak honakoa adierazi zuen: "sua iragana ahaztu ez duen geroa da niretzat"[4].

Oharrak:
1. Yves Klein: "Quelques extraits de mon journal en 1957", in Klein, Le dépassement de la problématique de l'art, Éditions Montbliart, La Louvière, Belgika, 1959, 43–44 or.

2. Yves Klein: "L'évolution de l'art vers l'immatériel", in Klein, Vers l'immatériel, Dilecta, Paris, 2006, 67, 132–33. or.; eta Klein, Le dépassement de la problématique de l'art et autres écrits, Marie-Anne Sichère eta Dider Semin (arg.), École Nationale Supérieure des Beaux-Arts, Paris, 2003, 140 or.

3. Ibid.

4. Ibid.

Iturriak:
Denys Riout: "Yves Klein", in Colección del Museo Guggenheim Bilbao, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo; TF Editores, Madril, 2009.

Nancy Spector: "Yves Klein", in Spector (arg.), Guggenheim Museum Collection: A to Z, 3. argt., Solomon R. Guggenheim Museum, New York, 2009.

Jatorrizko izenburua

Fire Fountain

Data

1961

Teknika / Materialak

Sua

Neurriak

Kokapen zehatzeko neurriak

Kreditua

Guggenheim Bilbao Museoa

Ordutegia aldatu egiten da urteak aurrera egin ahala dagoen eguzki-argiaren arabera. Egunean ordubetez pizten da, hamabost minutuz behin, eta minutu batez egoten da piztuta:

Azaroa–otsaila: 18:30etik 19:30era.
Martxoa: 19:30etik 20:30era.
Apirila: 20:30etik 21:30era.
Maiatza–uztaila: 21:00etatik 22:00etara.
Abuztua–iraila: 20:30etik 21:30era.
Urria: 19:30etik 20:30era.