Hamalau artelan horiek ─bildumaren ia % 10─ era askotakoak dira eta batzuk, osagai teknologikoen ezaugarriak direla eta, oso konplexuak dira. Proiektua sistema elektronikoen arloko obra batekin hasi dugu, Jenny Holzer-en Bilborako instalazioa obrarekin, hain zuzen. Led gorri eta urdinez osaturiko bederatzi zutabe ditu, eta zutabe horietan artistaren jatorrizko testu batzuk agertzen dira, turrusta moduan. Holzer-ekin hitz egin eta piezaren kontserbazioaren gainean dituen irizpideak jaso ondoren, sistema berriz fabrikatzen ari gara partzialki: batetik, jatorrizko leden ordez RGB led berri batzuk jartzen ari gara ─argiagoak dira, kolore gehiago dituzte eta energia gutxiago kontsumitzen dute─; eta bestetik, hardware-, software- eta kable-sistema berriak instalatzen ari gara.
Kategoria elektroniko horren baitan, eguneratuko dugun bigarren obra Daniel Burenen Arcos rojos/Arku gorriak da, barne- eta kanpo-argiztatze sistema bikoitza duen panel fenolikozko egitura bat. Kasu honetan, estalkia eta argiztapena erabat berritu eta jatorrizko programazio-sekuentziak bere horretan utziko ditugu. Arlo horretan Juan Muñozen Itzala eta ahoa ere berrituko dugu; elkarrekin hizketan ari direla diruditen bi giza irudik osatzen dute lan hori.
Sistema hidraulikoak dituzten pieza nagusiak Fujiko Nakaya-ren Laino-eskultura 08025 zk. (F.O.G.) eta Jeff Koons-en Puppy dira. Lehenak ura lainoztatzen duen sistema bat du; bigarrenak ia 40.000 lore ditu eta, barruan, 114 irtenguneko ureztatze-sistema bat, eskulturari behar dituen ura eta tratamendu fitosanitarioak ematen dizkiona. Kategoria horretan dago, halaber, Sergio Pregoren Diedroen segida (Secuencia de diedros), Museoko eraikinaren errezel-horma baterako egindako obra eskultoriko-arkitektoniko bat. Obrak aluminiozko panel higikorrak ditu, eta aire-konpresore baten bitartez Museoaren kristalezko egiturarekiko perpendikular jartzeraino igotzen dira.