SEINALE ONA

Amaña Ikastetxeko 6. mailako 23 ikasle, Eibar 
Irakaslea: Iosune Arratibel
Artista: Manu Muniategiandikoetxea

Artistak komunikazioaren kontzeptua planteatu du artearen ikuspuntutik, eta azaldu du prozesu artistikoa, oinarrian, komunikazio prozesua ere badela, artelana ikusgai ipini eta ikusleak jasotzen duenean gauzatzen dena.

Komunikazioaren oinarrizko elementuen ikaskuntzatik abiatuta —igorlea, hartzailea, kanalak…—, ikasleek euren sen kritikoa garatu dute, inguratzen dituzten seinaleen analisiaren bidez. Ikasleek eskuragarri dituzten komunikazio-sistema anitzak esploratu dituzte: ahozko hizkuntza, trafiko seinaleak, kode nautikoa, zeinu-hizkuntza…; eta horiek guztiak bezain eraginkorrak diren informazioa igortzeko beste erak asmatzeko aukera planteatzera iritsi dira.

Inguruari, kartelei, seinaleei eta oso bestelakoak diren kodeei argazkiak atera dizkiete. Horrela, tipologiak identifikatu eta komunikazio kode berriak eta dibertigarriak asmatu dituzte, aurretik existitzen diren elementuak berrantolatuta.

“Proiektu honetarako bost taldetan zatitu gara. Hasieran, hitzak aparrez sortu genituen. Ondoren, lehenengo taldeak margotu zituen spray pinturarekin. Bigarrenak letrekin kode bat sortu zuen. Hirugarren taldeak seinaleak marraztu zituen aparrez. Laugarrenak hiri-izenak idatzi zituen eta azkenak, berriz, itsas seinale anitz asmatu zituen”.

— Amaña ikastetxeko haurrek