Irrika

209 aretoa

Takka-Takka

“Urte eroen” muina gaueko dantzetan dago: estasizko dantzak, sentsualtasunez beteak, Montmartre eta Montparnassekoak, Parisen, edo Moka Efti aretokoak, Berlinen. Erakusketak bizimodu emantzipatu eta sentsual horren adierazpen txundigarri horretan barrena jarraitzen du. Bizitzeko modu horren eredu ospetsuena Josephine Baker dantzaria izan zen, ikuskizunetako izar bihurtu zen lehen pertsona beltza, Europan arrakastatsu, baina ez sorterrian Ameriketako Estatu Batuetan, herrialde horretako segregazioa eta “lege lehorra” zela eta.

Josephine Bakerri egotzi izan zaio charleston dantza Europan sartu eta arrakastara eraman izana. Hala, nabarmentzekoa da dantzariak Parisko emakumeengan izan zuen berealdiko eragina: azal zuria bereizgarri zuten emakume haiek intxaur-kremak erabiltzen hasi ziren larruazala ilundu eta ‘ebanozko jainkosa’ izenez ezagun zen dantzari gailenaren antza hartzeko. Haren nortasun karismatikoari, talentuari eta eszenatokian gorputzaren eta arimaren adierazpenaskatasuna inolako trabarik gabe erakusten zuen moduari esker, bere gaizki-esaleak desarmatu eta arrakasta itzela lortu zuen Bakerrek.

Areto honetan, bisitariek erakusketaren esperientzia osagarriez goza dezakete, aldi berean adimena —kabaret literarioak gogora ekartzen dituen giro batez— eta emozioak pizten dituen eszenografiri esker, garai hartako kolore, lurrin, film eta musikaren bitartez. Hala, jazzaren, charlestonaren edo garaiko chansons direlakoen erritmoan dantzatu daiteke, edo musika dodekafonikoaren sortzaile klasikoen konposizioak entzun.

Erotismoa, antzinako grekoen artean Eros jainkoak haragitzen zuena, pasiozko amodioa izendatzeko erabili ohi den hitza da, eta hestu-hestu lotzen zaie sentsualitateari, sexualitateari eta gizakien arteko erakarpen-ahalmenari. Hala ere, amodio erotikoa eta amodio erromantikoa ez dira erabat elkarren aurkakoak; izan ere, sentsualitatea sublimatzen duen amodioa erromantizismoari atxiki ohi zaio.

Areto honetan giro intimoa duen kabinete txiki bat dago, eta bertan hainbat filmetako zatiak aurkituko dituzu garai hartako erotismoaren mundu anitzean murgiltzeko.

Schall und Rauch (“Zarata eta kea”) alemanez argitaratzen zen aldizkari baten izena zen, baita 1901ean Max Reinhardtek Berlinen inauguratu zuen kabaret literario batena ere. Izen hori aukeratu zuen ideia hoberik otu ez zitzaiolako eta Goetheren Fausto laneko pasarte bat gogora ekartzen ziolako; bertan esaten da ez zarata eta ez kea ez direla iraunkorrak. Aldizkariaren editore zen Hans von Wolzogenek kabareta ere zuzendu zuen 1920. urtean. Bere aldetik, Richard Huelsenbeckek Dada Almanach aldizkaria sortu zuen, eta berak eraman zituen Berlinera 1916an Zurichen jaiotako mugimendu dadaistaren ideiak. Berlinen Lehenengo Nazioarteko Dada Azoka egin zenerako, kalapita mediatiko handiaren erdian egin ere, Dadaismoa oso ezaguna zen jendearen artean oro har. Alemaniako hiriburuan, azken joerak ugaltzen ari ziren, eta Schall und Rauch aldizkariaren zenbaki honetan aipatzen den bezala, “Ezin jakin inoiz Berlinen zer gertatzen ari den! Irmo eutsi behar zaio, eta edozein gauzatarako prest egon”.

Hugo Ball eta Emmy Hennings bikoteak Cabaret Voltaire delakoa sortu zuen Zurichen 1916ko otsailaren 5ean. Literaturari eta politikari lotutako gaiak lantzeko xedearekin jarri zuten martxan kabaret hura, non tendentzia berriak esperimentatuko baitziren. Bertan biltzen ziren artistak poesia irakutzeko, edozertaz solasean aritzeko, oihuak botatzeko edo dantza egiteko —erritmoa jarraitzeko trebezia handirik gabe batzuk—, denen artean sekulako iskanbila sortuz. Halako batean, Hugo Ballek jakinarazi zuen Dada izeneko aldizkari txikia argitaratu behar zuela. Tristan Tzara txundituta geratu zen izenarekin eta lelo horren pean esanahirik gabeko poesiak idazten hasi zen: horrela sortu zen Dadaismoa. Lehenengo Nazioarteko Dada Azoka Berlinen antolatu zuten 1920an George Grosz, John Heartfield eta Raoul Hausmannek. Berlingo Dadaismoaren ekitaldi entzutetsuena izan zen hura eta ia 200 artelan bildu zituen, Hans Arp, Max Ernst, Hannah Höch, Francis Picabia edo Rudolf Schlichter bezalako artistek egindakoak, baita Grosz eta Hausmannen lan gailenak ere. 1921ean, Parisko Galerie Montaignek Salon Dada erakusketa hartu zuen. Aipatu bi ekitaldi horiek bizitza laburrekoak izan ziren, Dada mugimendua bera bezala.