
Parisko Musée d’Art Moderne (MAM) eta Guggenheim Bilbao museoek funtsezko hainbat artistaren 70 maisulan inguruko aukeraketa bat aurkezten dute. Sorta horrek MAMen bildumaren historia irudikatzen du, XX. mendeko hastapenetan Parisen sorturiko abangoardia-mugimenduen ikuspegi panoramikoa eskaintzeko xedearekin.
MAM museoa 1937ko Exposition internationale historikoaren haritik eraiki zen, Paris hiriak zituen arte modernoko funtsak biltzeko. Funts horiek handituz joan ziren hurrengo urteetan, Parisko arte-eszenako artista ospetsuenen lanak erosi baitzituzten, eta, 1961. urtean, MAM museo bilakatu zen modu ofizialean. Mezenasek funtsezko papera jokatu zuten proiektuaren garapenean, Maurice Girardin doktoreak bereziki; izan ere, azken horrek 1953an museoari utzi zion legatua bilakatu zen artista fauvista eta kubisten lanak, bai eta Parisko Eskolaren ordezkarienak batzen dituen maisu modernoen bildumaren muina.