Pello Irazu: Panorama
2017.03.10 - 2017.06.25
Pello Irazu funtsezko artista bat da gaur egungo arte giroan: 1980ko hamarkadan hasi zen nabarmentzen, euskal eta espainiar eskulturaren berritze-mugimenduaren baitan; harrezkero, ekoizpen bereziki koherentea izan du 30 urtez.
Eskulturak —zentzu zabalean: hiru dimentsioko pieza txiki-txikiak, objektuen hibridoak eta instalazio handiak—, argazkiak, marrazkiak eta horma-pinturak sortzen ditu, txandaka, eta horrela jorratzen ditu gure gorputzen, objektuen, irudien eta espazioen arteko harremanetan piztutako arazoak.
Pello Irazu. Panorama erakusketan ehun bat artelan daude, Irazuren ibilbideko mugarri eta lan garrantzitsuak, artistak berariaz taxututako eta diseinatutako ardatz edo gune baten inguruan antolatu direnak. Hasieran, 1980ko hamarkada erdialdeko argazkiak daude, haren lehen saiakera efimeroak jasotzen dituztenak. Horietan oinarrituta egin zituen altzairuzko lehen lanak, eta horien sendotasun fisikoa zalantzan ipini zuen zati batzuk margotzean. Orduan ere ezarri zituen haren jardun osoko irizpideetako batzuk: besteak beste, beraren gaitasun fisikoa aintzat hartuz artelanen tamaina mugatzea —obra, beraz, ekintza performatibo baten ondorioa da— eta Jorge Oteiza eskultorearen eta Minimalismotik eratorritako joeren ondarea beste modu batean jorratzea.
1980ko hamarkada bukaeran, Irazuk hormaren berrazterketari ekin zion haren funtzioa eta ikusleak hautematen duen modua jorratzeko. Horretarako, zuzenean horma gainean pintatzen hasi zen eta espazioa antolatzeko saiakera ezberdinak egin zituen objektuen eta irudien kokapenarekin.
1990eko hamarkadan, New Yorken zela, etxeko gunea iradokitzen zuten lanak egiteko, material industrial arinagoak erabiltzen hasi zen artista, hala nola, kontratxapatua eta plastikoa. Garai horretan objektuak deseraiki zituen Irazuk, modu ez-jarraituan berriz ere muntatzeko, objektuen esanahiek eta eguneroko materialek arroztasuna eragin zezaten. Hamarkada horretako marrazki eta pinturak aurkitutako paperez egin zituen —gehienbat jada inprimatutakoak—: margotu egiten zituen edo zinta itsaskorra erabiltzen zuen erreferentzia-bilbe berriak sortzeko.
Bilbora itzuli ondoren, 2000. urtetik aurrera, beste aldi bat hasi zuen. Geroztik inguruko ikurrak zalantzan jartzen ditu, ikusleari iradokitzaileak zaizkion formen bidez; alabaina, erreferenteak aldendu egiten ditu, ezagunak, anbiguoak eta arrotzak direlako sentsazioa eragiteko. Espazioa bereganatzen du Irazuk, horma-irudiak eta hiru dimentsioko materialak uztartuz: usadiozko arte-kategorien muga lausoetan lan egiten du.
Pello Irazu
Lo dagoen lurra (La tierra que duerme), 1986
Altzairua eta olio-pintura
66 x 120 x 39 cm
Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madrid. Long-term loan Collection Soledad Lorenzo, 2014
© VEGAP, Bilbao, 2017
Erakusketa
Artista
Irazu, Pello
Andoain, Gipuzkoa, 1963