eduardo chillida e1515058594246

Aholkua espazioari V

Eduardo Chillida
Aholkua espazioari V (Consejo al espacio V)
Altzairua
305 x 350 x 350 cm
Guggenheim Bilbao Museoa

“Eraikitzea espazioan sortzea da. Horretan datza eskultura eta, oro har, eskultura eta arkitektura” [1].

Eduardo Chillidak (Donostia, 1924─2002) Arkitektura ikasketak egin zituen Madrilen margogintza lantzeari ekin aurretik, eta Parisera joan eta eskulturaren munduan sartu aurretik. Arkitekturaren arloko bere hasierako prestakuntza islatuta dago bere lanen egituran, materialei eskaintzen dien arretan eta bere eskulturen berezko ezaugarri diren espazio-harremanen plangintza zainduan. Hain zuzen ere, arkitekturarekin lotuta ulertzen zuen Chillidak eskultura, eta berariazko kokalekua duten eskultura itzelen ondarea utzi zuen espazio publikoetan, bai eta tamaina txikiagoko beste pieza batzuk ere.

Oso ondo ezagutzen zituen materialak —hala nola, burdina, altzairua, egurra, igeltsua eta harria—, eta solidoa den hori hutsunearekin, eta barnealdea kanpoaldearekin nola erlazionatzen den ikertu zuen. Inguruneak eta bere bidaiek eragin handia izaten zuten bere materialen aukeraketan. Bere lehenengo eskulturetarako —Parisen egin zituen— harria eta igeltsua aukeratu zituen, Louvre museoko antzinako lanei buruzko bere ikerketetarako material egokiak baitziren, eta gizakiaren irudian eta naturaren formetan inspiratu zen. Euskal Herrira itzuli zenean, 1951n, burdina erabiltzen hasi zen eta, beranduago, baita egurra eta altzairua ere; material horiek euskal tradizioak irudikatzen dituzte, industriarekin, arkitekturarekin eta nekazaritzarekin lotutakoak, eta ohiko euskal paisaia eta Chillidak bere “argi iluna” bezala deskribatzen duen hori gogorarazten dituzte.

Martin Heidegger alemaniar filosofoak Eduardo Chillida eskulturagilearen obra ezagutu izanaren ondorioz, 1968an, harreman intelektual sakona sortu zen bien artean, beren interesekoa zen gai baten inguruan: espazioaren inguruan, hain zuzen ere. Chillidaren lanak artearen eta espazioaren kontzeptuen arteko harremanaren inguruan hausnartzera eta bere ondorioak saiakera batean idaztera bultzatu zuten filosofoa. Urte bat beranduago, 1969an, Artea eta espazioa (Die Kunst und der Rau,) liburua argitaratu zen, bien arteko lankidetzaren fruitu zen artista-liburua. 150 ale editatu ziren, eta Heideggerren saiakera eta Chillidak saiakera hori ilustratzeko egindako zazpi litocollageak jasotzen zituen. Gainera, Heideggerrek eskuz grabatu zuen saiakera hainbat harriren gainean, euskal eskulturagileak hala eskatuta. Erakusketan, harri litografiko horiek aurrez aurre ageri dira Chillidaren lauzen aurrean; lauza horien arrakalek ere nolabaiteko idazketa ekartzen digute gogora. Artista-liburu hori, pentsamendu eta produkzio artistikoaren arteko harreman hori, da erakusketaren abiapuntua; erakusketaren izenburua ere horixe delarik, Artea eta espazioa.

Aholkua espazioari V (Consejo al espacio V, 1993) deritzon eskulturak irekitzen du erakusketa. Chillidak 1987an egin zituen eskultura horren lehenengo azterketak, Municheko Neue Pinakothek pinakotekaren aurrealdean jartzeko asmoz, nahiz eta azkenean proiektu hori bertan behera geratu zen. Altzairuzko xafla itzelekin eraikitako dago lan hori, eta ezaugarri organiko eta arintasun benetan bakanak bateratzen ditu; horixe da, hain zuzen ere, Chillidaren altzairuzko lanen ezaugarri bereizgarria. Lan honek artearen eta naturaren arteko lotura islatzen du, Besarkada XI (1996) lanak bezalaxe; azken hori ere Bilboko Guggenheim Museoaren Bildumakoa da, eta erakusketa honetan dago. Aholkua espazioari V lanak tximinia bat ekar diezaguke gogora, sua eta berotasuna gordetzen dituen hutsune bat, inguratzen duen espaziora energia bizia isurtzen duena. Espazioaren esperientzia eta interpretazioa ikertu zituen Chillida eskultura honekin.

1. Eduardo Chillida, Mario Teresekin elkarrizketa, Christa Lichtensteinen, Chillida und die Musik. Baumeister von Zeit und Klang, Wienand, Colonia, 1997, 73.or.; Chillida, 1948–1998 aipatua, erak. kat., Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madril, 1998, 62. or.

Iturria(k): Kosme de Barañano, “Eduardo Chillida”, Bilboko Guggenheim Museoko Bilduman, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbao eta TF Editores, Madril, 2009.

Preguntas

Beha ezazue arretaz eskultura hau. Zer ikusten duzue? Zer hitz erabiliko zenituzkete deskribatzeko? Egin ezazue ideia-jasa bat lan honek gogora ekartzen dizkizuen hitzen zerrenda bat eskuratzeko. Ondoren, aldera ezazue norberaren zerrenda beste kide batzuenekin. Antzerakoak edo oso ezberdinak dira? Hitz egin ezazue bakoitzak aukeratu dituen hitzen inguruan.

Deskriba ezazue lanaren materiala. Ahal bada, irakasleak altzairu zati bat erakutsiko du eta ikasleei zati hori ukitzeko aukera emango die, materialaren ezaugarriak deskriba ditzaten. Chillidak askotariko material eta gainazalekin esperimentatzen du bere eskulturetan. Zergatik uste duzue interesatu zitzaiola altzairua bere lanetarako material gisa? Deskriba ezazue urratsez urrats nola sortu ahal izan zuen Chillidak eskultura hau.

Chillidaren eskulturetako batzuk kanpoaldean jartzeko sortuak izan ziren. Imajina ezazue lan hau zuek bizi zareten herriari edo hiriari oparitu zaiola. Zein izango litzateke lan hori jartzeko espaziorik egokiena? Zergatik? Aldera itzazue guztion artean, aukeratutako leku ezberdinak.