Amaren ametsa
Amaren ametsa (astelehena, 19:45; asteartea, 19:45; asteazkena, 19:45; osteguna, 19:45) [My Mother's Dream (7:45 pm Monday; 7:45 pm Tuesday; 7:45 pm Wednesday; 7:45 pm Thursday)], 1998
Olio-pintura liho gainean, 320 x 868,7 cm
Artistaren eskaintza
© VEGAP, Bilbao, 2015
“ 1990eko hamarkadan paisaia handiak egiten hasi nintzen berriro ere, baina giro-paisaiak egitea otu zitzaidan. Paisaia gehienak urrunetik ikustekoak dira, eta horregatik izan nuen pintura inguratzaile bat, paisaian murgiltzen zaituen margolan bat, egiteko ideia” (1)
SARRERA
Alex Katz Brooklyn-en, New Yorken jaio zen, 1927an, Depresio Handiaren hasieran. Gurasoak errusiarrak zituen, eta, krisi ekonomikoa zela eta, Queens-eko St. Albans auzora alde egin zuten; jatorri anitzetako jendea bizi zen han, Estatu Batuetako gerra zibilaren eta Lehen Mundu Gerraren artean hazitako auzoa baitzen. Ama antzezlea izandakoa zen eta olerkigintza zalea; aitari ere, negozio-gizona zen arren, arteek interesa pizten zioten. Bigarren Hezkuntza berezia izan zuen Katzek: goizetan ohiko curriculum gaiak lantzen zituzten eta arratsaldeetan arteak jorratzen zituzten ikastetxean. 1946an Manhattangon The Cooper Union goi-mailako arte, arkitektura eta ingeniaritza eskolan eman zuen izena. Garai horretan sortu zitzaion paisaiarekiko lilura. Lizentziatu zenean, Skowhegan School of Painting and Sculpture eskolan udan ikasteko beka jaso zuen; Maine estatuko landa inguruan zegoen eskola eta bertan margotu zuen lehenbiziko aldiz naturatik, aire zabalean, en plen air. Katzek adierazi duenez “bizitza pinturari emateko arrazoi bat” izan zen esperientzia hura (2). Bertan ohartu zen argia, kolorea eta mugimendua aldi berean hautemateak aukera ematen ziola ia oharkabean margotzeko eta naturak eragindakoaren erantzuna berehala irudi batean jasotzeko (3).
Paisaia handiagoak egiten joan zen 1980ko hamarkadaren amaieran, eta irudi handi horiek “giro-paisaia” izendatu zituen artistak. Lan horietan, ikusleak eszena urrundik behatu beharrean, bere burua irudiaz, naturaz, inguratuta ikusten du. Katzen helburua zen ikuslea paisaiaren barruan murgilaraztea, behatzaile hutsa baino gehiago izatea.
Amaren ametsa (astelehena, 19:45; asteartea, 19:45; asteazkena, 19:45; osteguna, 19:45) [My Mother's Dream (7:45 pm Monday; 7:45 pm Tuesday; 7:45 pm Wednesday; 7:45 pm Thursday), 1998] lana Katzen giro-paisaia handienetako bat da. Lau panel handik osatzen dute, eta panel bakoitzak paisaia bera irudikatzen du, arratsaldeko ordu berean, baina hainbat egunetan. Ezberdinak dira, ez baitziren bata bestearen ondoren margotu; beraz multzo osoan denborak atzera eta aurrera egiten duela ematen du, olerkietan eta musika-lanetan bezala, zeinetan konposizioan zati bat errepikatzen den (4).
Horrelako paisaietan Katz “igarotzen diren gauza arinak” jasotzen saiatzen da: denboraren joana eta argi iheskorra paisaian. Artistak esan duenez azken xede du “orainaldia” margotzea, ikustearen eta hautematearen aldiberekotasuna jasotzea. Katzen ustez, une hori irudia fokuratu baino lehen gertatzen da, eta argi-leherketa baten modukoa da (5).
Helburu hori lortzeko, gauzen itxuraren inguruko informazio guztia kentzen du margolanetik, xehetasunak are gutxitzen ditu koadroetako irudiak margo orban bihurtzen direla ia. Estilo horri esker pintatutako irudien formaren garrantzia bera dute argiak, denborak eta inguruak. Katzek esan du beharrezkoa ez den objektuen egituren gaineko informazioa kentzen duela eta denboraren igarotzea jasotzen duela (6).
Preguntas
Erakutsi ikasleei Amaren ametsa (1998): Eskatu margolanean barrura sartzen direla pentsa dezatela. Non daude? Nola dakite? Zer eguraldi dago? Zer usain, entzun eta senti dezakete?
Nola erabiltzen ditu Katzek koloreak, argia eta itzalak? Nolakoak dira?
Eskatu ikasleei pintura honek sorrarazten dien sentimenduak deskribatzeko. Zer osagai eta teknika baliatzen ditu Katzek sentsazio horiek sorrarazteko?
Amaren ametsa (1998) Katzen giro-paisaia handienetako bat da. Horrelako margolanek ikuslea pintura barrura eraman nahi dute, urrunetik behatzen duen ikusle hutsa izateari uzteko. Nola lortzen du artistak hori?
Hitz egin pinturaren tamainaz (1). Beste modu bateko erreakzioa eragingo lizueke askoz txikiagoa balitz ala beste itxura bat balu?
Eskatu ikasleei naturaz inguratuta egon diren une batean pentsatzeko. Zein ziren paisaiaren ezaugarri interesgarrienak? Zer izan daiteke zaila margolan batean islatzen?
Lanaren izenburu osoa Amaren ametsa (astelehena, 19:45; asteartea, 19:45; asteazkena, 19:45; osteguna, 19:45) da. Zergatik gehitu zizkion orduak Katzek? Ikasleen aburuz, posible al da pintura batean une bat jasotzea? Zer alde dago argazki batekin?
1. Artelanaren tamaina argi izateko, begiratu argazki-oineko neurriei eta alderatu ikasle baten altuerarekin. Lanaren time lapse bat dago sarean, hemen: https://vimeo.com/60789330.