Antoni Tàpies, Pintura handia (Gran Pintura), 1958
Saiatzen naiz ikusleak errealitatea hausnar dezan, irudi bat ikustean hausnarketa beti buruan eduki dezan; hori lortuko duten irudiak sortzen saiatzen naiz.1
Arte Informala (frantsesez, "formarik gabeko artea") gerraosteko abstrakziorako hurbilketa izan zen eta arte-tradizioarekin zeharo apurtu zuen metodo informalen, bat-batekoen eta keinuzkoen bidez. Tatxismoa ere deitu zitzaion (frantseseko tache hitzetik, "orbana"). Gerraren osteko urteetan, mugimendu hori Europan zehar hedatu zen eta Japoniara ere iritsi zen; batez ere keinuzko estiloagatik eta mihiseetan material ez-tradizionalak erabiltzeagatik berezitu zen.
Antoni Tàpies (1923-) tatxistatzat hartu zuten maiz, haren koloreen pilaketak ustekabekoak diruditelako, orbanen modukoak. Material apalak eta ezohikoak ere erabiltzen zituen, esaterako, harea, sokak, oihalkiak eta lastoa; hala, edertasuna ustekabeko eta eguneroko gauza txikietan aurki daitekeela iradokitzen zuen.
Pintura handia (1958) sortzeko, ziur asko Tàpiesek haren gaztaroan, Francoren garaian, Katalunian ikusi zituen grafitiz betetako hormetan inspiratu zen. Olio-pinturaz eta hareaz egindako mihisearen gainazal latz, hondatu, zulatu eta urratuak denborak kaltetutako horma iradokitzen du.2
1 "Antoni Tàpies. Pintura handia, 1958", Solomon R. Guggenheim Museum, Collection Online. Azken bisita: 2011ko uztailaren 1ean.
2 Ibid.
Preguntas
- Elkarrekin begiratu Antoni Tàpiesen Pintura handia lanari. Zer iruditzen zaie ikasleei? Hurrengo galderak egin ditzakete, adibidez: Zerez eginda dago? Zer nolako tamaina du? Zer sentituko litzateke lana ukitzean?
- Tàpiesen lana gerraosteko Europako Arte Informalaren mugimenduari dagokio. Izenak “formarik gabeko artea” esan nahi du. Eskatu ikasleei terminoa azal dezaten. Zein zentzutan betetzen da hori lan honetan? Tàpies tatxista ere deitzen zuten (frantseseko “orban” hitzetik eratorria), haren koloreen pilaketak ustekabekoak diruditelako. Galdetu ikasleei nola beteko litekeen terminoa lan honetan.
- Tàpies material apal, ezohikoak erabiltzeagatik bereizten zen, hala nola, klera ehoa, marmol xehatua, egunkari zatiak eta oihala.1 Elementu horiek doakoak ziren eta maiz gizakiaren hondakinak ziren. Zergatik erabil ditzake artistak material umil horiek?
- Lan hau egiteko, Tàpiesek mihisea berniz-geruza batez estali zuen. Lehortu baino lehen, marmol-hautsez, harez eta beste material eta pigmentu batzuez estali zuen. Ondoren, pintura isuri zuen eta irudi bat eratu, orban bat, agian. Azken geruzak lehortu zirenean, materiala zartatzen hasi zen.2Hausnar itzazue prozesu honen inguruan eta eztabaidatu zein efektu duen ikuslearengan. Zeren itxura du artelanak erabilitako materialen, koloreen eta erabilitako prozesuaren ondorioz? Zein aldarte adierazten du?
- Arte arduradunen arabera, lan honek Tàpiesek Francoren garaian Katalunian ikusi zituen grafitiz betetako hormen itxura du. Tàpiesek hormak honela deskribatu ditu: “geure herriak pairatutako martirioen eta sufrimendu krudelen lekukoak.”3 Eskatu ikasleei aipu hau eztabaida dezaten. Zergatik uste dute hormak “lekuko” bezala identifikatu zituela? Aipua buruan dutela, begiratu berriro Pintura handia lanari eta pentsatu zer adieraz dezakeen.
1 “Antoni Tàpies“, Museum of Modern Art, The Collection. Azken bisita: 2001eko uztailaren 1ean.
2 “Colección“, Fundació Antoni Tàpies. Azken bisita: 2001eko uztailaren 1ean.
3 “Antoni Tàpies. Pintura handia, 1958“, Solomon R. Guggenheim Museum, Collection Online. Azken bisita: 2001eko uztailaren 1ean.