Artistaren ibilbidea
“ Eskultura egiteak bizitza osorako konpromisoa esan nahi du, horixe esan nahi du, bai. Nik neuk zabaldu nuen obraren norabideari jarraitzea eta bere barruan proposamenik abstraktuenak egitea esan nahi du. Nire obra garatzea eta behar dena barneratzea irekia eta bizia izaten jarrai dezan”.(1)
Richard Serra
Mary Ellen Clark
Sarrera
Denboraren materia erakusketari buruzko sarrera 2005eko ekainetik aurrera, Guggenheim Bilbao Museoak iraunkorki aurkeztuko du Richard Serra (San Francisco, AEB, 1939) eskultorearen instalazioa, Denboraren materia izenburua duena. Artista honek berariazko kokaleku baterako zazpi eskultura monumental sortu ditu Guggenheim Bilbao Museoak bere Bilduma Iraunkorrerako eskatuta. Frank Gehryk diseinatutako eraikinaren aretorik handienean instalatuta, Serrari eskatutako zazpi eskulturak artistak sortutako Sugea (Snake, 1994–97) obrari gehitu zaizkio, historia modernoan aurrekaririk ez duen eskala eta hedadura duen instalazioa osatzeko. Zortzi eskulturak batera esperientzia jakin bat sorrarazteko asmatu dira, kokatuta dauden erakusketa-espazio izugarria ere tartean dela.
Bere ibilbide artistikoaren hasieran, hirurogeiko hamarkadaren hasieran hain zuzen, Serrak sorkuntza artistikoaren izaera aldarazten lagundu zuen. Bere belaunaldiko minimalistekin batera, obrak egiteko material industrialez eta ohi kanpokoez baliatu zen eta material horien ezaugarri fisikoei garrantzia ematen hasi zen. Eskulturak, bere funtzio sinbolikotik aske, oinarri edo idulki tradizionala alde batera utzita, eta ikuslearen espazio errealean murgilduta, beste era bateko harremana sortu zuen ikuslearekin, eta hark objektuarekin zuen esperientzia fenomenologikoa bere esanahia ulertzeko funtsezko bihurtu zuen. Minimalistak bezala, Serra material industrialez baliatu zen obrak sortzeko, ordura arte eskulturan batere ohikoak ez zirenak; hala, beira–zuntzezko, gomazko, neoizko eta kautxuzko obrak sortu zituen. Gerrikoak eskulturan goma bulkanizatuzko uhal–nahaspilak, neoizko tutu kurbatuek argitutakoak, kako batzuetatik zintzilik agertzen dira pareta batean. Zintzilikatzean, artistak hiri eta industri izaerako material horien malgutasuna aztertzen du, baita euren gainean grabitateak duen eragina ere. Materialen ezaugarri fisikoei ematen zien garrantzi handiak ondoren egin dituen obra guztien ezaugarri izaten jarraitu du.
1967an eta 1968an artistak infinitibo zerrenda bat garatu zuen, besteak beste “sakabanatu”, “bildu”, “eutsi”, “moztu” eta “tolestu” aditzena, bere eskuez nahiz fabrikazio industrialaren metodoez baliatuz bere ibilbidean zehar erabili izan dituen prozesuetako asko deskribatzen dituzten aditzak. Eskulturetan gauzatutako ekintzak dira. Hala, ehun bat eskultura sortu zituen berunez, Zipriztina (Splashing), 1969 obraren antzekoak. Obra hori New Yorken egin zuen, Leo Castelliren galeriaren biltegian, berun urtua paretaren eta zoruaren kontra isuriz —eratzen duten angelua hartuta—, metala solidotu aurretik. Serrak garrantzi berezia eman zien materialen eraketa prozesuari eta material horiek kanpoko baldintzekin, esate baterako grabitatearekin edo tenperaturarekin erreakzionatzen duten moduari.
Lehenengo lan haiek zoru edo paretarekiko irudihondo erlazio tradizionalarekin zerikusi handia izaten jarraitzen zutela konturatu zenean, 1969an, veste norabide batean mugitzen hasi zen. Tona baten eskora (karta-gaztelua) [One-Ton Prop (House Of Cards)]berunezko lau xafla dira, beren pisuaren indarrez bertikaltasuna mantentzen dutenak, bata bestearen gainean, karta-gaztelu baten antzera. Obra honek —Eskorak izenburua duen seriekoa— eskultura osatzen duten elementuen arteko tentsioak artistari eragiten dion interesa erakusten du. Eskorak (Props) seriean,Serrak agerian utzi zituen orekaren eta grabitatearen printzipioak, baita eskulturak egitean betetzen duten funtsezko zeregina ere.
1970az geroztik, Serrak altzairua landu izan du batez ere. Gehienbat arkitekturarekin eta ingeniaritzarekin lotu ohi den materiala da, eta artistak sarritan jotzen du diziplina horietara eskulturaren jatorria ulertzeko. Altzairua material gisa erabiltzen hasi zenean, bere obren eskala handitu egin zen nabarmen. Harrezkero obrak ezin ziren objektu diskretutzat hartu; beren esanahia eta osaera ezin dira ingurunetik bereizi, ezin dira inguratu gabe esperimentatu. Horrek erabateko aldaketa sorrarazten du ikuslearen pertzepzioan, obra osotasunean ulertzeko mugimenduaren bidez begiratu behar baitu, bere inguruan ibiliz eta barruan sartuz. Bere obra asko kanpoaldean jartzen dira ikusgai, parkeetan edo hiriguneetan adibidez, jendeak piezak inguratu eta esperimentatzeko leku egokiak baitira. 2005ean Serrak altzairuzko zazpi eskultura monumental sortu ditu Guggenheim Bilbao Museoaren eskariz. Eskultura horiek Sugea (Snake, 1994–97) bere obraren ondoan ipini dira, eta guztiek batera Denboraren materia izenburua duen instalazioa osatzen dute.
Eskulturez gain, marrazki eta pelikula ugari sortu ditu. 60ko hamarkadaren bukaeran pelikula sorta bat egin zuen, besteak beste Eskua beruna harrapatzen (Hand Catching Lead) eta Eskuak lotuta (Hands Tied), kamerak sistematikoki fokatzen duen objektu bakarbatekin behin eta berriz errepikatzen diren lan sinpleak erakusten dituztenak. Marrazkiek eta pelikulek gai berberak beste hizkuntza batzuez aztertzeko aukera ematen diote eta, horietan, agerikoa da produkzio prozesuak eta zenbait alderdik, adibidez pisuak, tentsioak, orekak edo mugimenduak eragiten dioten interesa. Izan ere, Serrak bere eskultura lanekin batera eta bereizita egindako ikerketa lerro gisa hartzen ditu zinean eta bideoan egiten dituen lanak.
1. Richard Serra. Richard Serra. Eskultura 1985–1999 erak. kat. Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbao, 1999ko martxoaren 27a–urriaren 17ª, 59.or.
Preguntas
Zer da zuentzat eskultura? Saiatu guztien artean definizio bat lantzen. Zertan bereizten da eskultura pinturatik? Eta espazio arkitektonikotik? Zer ezaugarri komun dute?
Deskribatu gogoratzen duzuen eskultura bat edo orain gutxi ikusi duzuen bat. Konparatu ezazue Serraren obrekin: Zertan bereizten dira? Zertan dute antza?
Pentsatu eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun material desberdinetan. Aipatu ezazue non aurkitu daitezkeen eta zertarako erabiltzen diren. Material bat zerbaiten sinbolo izan al daiteke zuen ustez? Idatzi material zerrenda bat guztien artean, eta ondoren bakarka lotu itzazue adjektiboak material bakoitzarekin. Alderatu emaitzak. Zergatik erabakitzen dute artistek material zehatz bat erabiltzea?
Eztabaidatu nola aldatzen den artelan baten esanahia kokatzen den lekuaren arabera: Nola aldatzen da eskultura bat ikusteko modua espazio itxi batean edo aire zabalean kokatuta dagoenean? Eta ingurune natural batean edo hiri ingurune batean kokatuta badago? Zergatik aukeratu ditu Serrak kanpoaldeko kokalekuak bere eskultura ugaritarako?