Serie Viviendo | Obras | Guggenheim Bilbao Museoa

Bizitzen saila: inoren hatsa ikustea harrigarri gerta liteke

“Ez nuen nahi jendea zutik egon behar izatea errotulu elektronikoetako nire testuak irakurtzeko. Haiek eroso egotea eta behaketarako astia hartzea nahi nuenez, banku batzuk jartzea pentsatu nuen, eta haien gainean testuak jar nitzakeela bururatu zitzaidan, eta bankuek harrizkoak izan behar zutela”. — Jenny Holzer

Berrogei urtetik gorako ibilbidean, Jenny Holzerrek (Ohio, AEB, 1950) espazio publikoetan eta nazioarteko erakusketetan aurkeztu ditu bere ideia, argudio eta nahigabe garratzak. Idatzizko hitza erabiltzen du, elastikoetan, metalezko xafletan edo LED argidun idazkunetan, eta alderdi publikoa funtsezkoa da haren lanaren intentzionalitatean. Holzerren praktikak ezjakintasunari eta indarkeriari egin die aurre umorez, maitasunez eta ausardiaz; haren hastapenetan, 1970eko hamarkadan, New Yorkeko kaleetan itsatsi zituen karteletatik, duela gutxi paisaia eta eraikinetan egindako proiekzioetaraino.

1980ko hamarkadaren erdialdera, artista parke edo kanposantuetan ikusten direnen moduko harrizko bankuak egiten hasi zen. Holzerrek hau esan du harrizko bere obrari buruz: “Oso gustuko dut galkorra eta immateriala dena, eta harekin fidatzen naiz, baita harri trinkoarekin ere (…) Hitzak harrian zizelkatzen direnean, ukitu egin daitezke, eskuarekin irakur daitezke; paperean ez bezala antzeman daitezke. Marmolak eta granitoak denbora harrapatzen dute; errotulu elektronikoek, aldiz, beste modu bateko zeinuak igortzen dituzte. Banku-lerroek itxarongelak, auzi gelak, ospitaleak eta elizak irudikatzera eraman dezakete jendea, onerako edo txarrerako”.

Holzerrek jende guztia gonbidatzen du aulkietan esertzera; horrela, oroimenari eskainitako esperientzia komunitarioa sortuko da, eta kontenplaziorako edo eztabaidarako toki bat eskainiko. Museoetan erakusten diren artelan gehienak ez bezala, obra hauek funtzionalak dira; erabiltzeko pentsatuta daude. Holzerrek mota askotako harriekin egiten du lan eta arreta handiz hautatzen ditu bere testuak grabatzeko egokienak diren materialak.

Banku horietako inskripzioak bi testu-corpusetatik datoz:

Survival [Biziraupena], Holzerrek 1983 eta 1985 artean idatzi zuen testua, serie ohartarazle gisa; bertako esaldi guztiek jarraibideak ematen dituzte, informatu egiten dute, edo zalantzan jartzen dute norbanakoek beren ingurune politikoei, sozialei, fisikoei, psikologikoei eta pertsonalei erantzuteko duten modua. Esaldiak laburrak eta zorrotzak dira, eta bertatik pasatzen direnek erraz ulertzeko sortu dira. “BABES NAZAZU NAHI DUDAN HORRETATIK” funtsezko testua da serie honetan.

Living [Bizitzen] sailean (1980–82), mezuen tonua ez da horren larria. Hemen, Holzerrek behaketa, jarraibide eta oharpen zuhurragoak egiten ditu. Testuak modu objektiboan idatzita daude, kazetari estiloa baliatuta, eta eguneroko bizitzaren deskribapenetara egokitzen dira. Norbanakoak paisaiak, pertsonak, arauak, itxaropenak, desirak, beldurrak, beste gorputzak eta norbere burua kudeatzeko duen moduaren gaineko iritzia ematen dute..

 

Preguntas

Begiratu obrari arretaz. Nola deskribatuko zenuke? Zer elementu egiten zaizu deigarria? Lagun bati azaldu beharko bazenio, nola azalduko zenioke? Zer nabarmenduko zenuke? Aurretik ikusi duzu antzeko obrarik? Non?

Zer materialez eginda zegoen? Zer ezaugarri ditu material honek? Zer ezaugarri fisiko edo emozional iradokitzen dizkizu? Non aurki ditzakezu material bera erabiliz egindako gauzak? Zer gogorarazten dizu? Zure ustez, zergatik interesatzen zaio zehatz-mehatz material hori artistari?

Ikuslea obra ikustera eta behatzera gonbidatzeaz gain, Holzerren piezek funtzio bat dute eta erabiltzeko pentsatuta daude. Eser zaitez bankuetako batean. Nola sentitzen zara? Zer sentsazio sortzen zaizkizu artelan baten gainean esertzean? Zer zentzumen pizten zaizkizu piezarekin elkarrekintzan aritzean? Inoiz aritu zara elkarrekintzan, hemen bezala, artelan batekin? Zer antzekotasun eta alde daude artelan honen eta Museoko gainerakoen artean? Nola aldatuko litzateke obraz duzun pertzepzioa erakusten den tokiaren arabera? Zer gertatuko litzateke obra hau kalean ikusiko bazenu, eta ez museo batean?

Irakurri bankuan idatzita dagoen testua. Holzerrek esan du harria erabiltzearen helburua “ahots baimendu bat, sistemaren ahotsa” izatea zela. Zure ustez, lortu du? Nola? Holzerrentzat, hitzak harrian grabatuta daudenean, “ukitu egin daitezke, eskuarekin irakur daitezke; paperean ez bezala antzeman daitezke”. 1. Ados zaude baieztapen horrekin?

Alderatu Bizitzen saila: inoren hatsa ikustea harrigarri gerta liteke… (Living: It can be startling to see someone’s breath…, 1989) eta Biziraupena saila: utziozu eskuari noraezean ibiltzen… (Survival: Let your hand wander…, 1989). Zer antzekotasun dute? Zer alde dute? Badago alderik bankuetan grabatutako mezuen artean? Arrazoitu erantzunak.