sunlight on water

Eguzkiaren isla uretan (Sunlight on Water), 1943

Harry Callahan (1912–1999)
Eguzkiaren isla uretan (Sunlight on Water), 1943
Zilar-gelatinazko kopia zaharra
8,3 x 11,1 cm
Hauen eskaintza: The Estate of Harry Callahan eta Pace/MacGill Gallery, New York

Harry Morey Callahan (Detroit, Michigan, AEB, 1912–Atlanta, Georgia, AEB, 1999) Ansel Adams-en argazkilaritza-lantegi batera joan zen 1949an eta txundituta geratu zen: Adamsek zuri-beltzezko paisaiak egiteko teknika bikaina zuen eta argazkilaritza bera arte-modu bat zelako uste osoa zuen [1]. Horren ondoren artista izatea erabaki zuen Callahanek eta adierazpidetzat argazkiak erabiltzea. Adamsek, halaber, helarazi zion ez zela beharrezkoa bidaian joatea inspirazioa biltzeko, are gure oinatzak ere interesgarriak izan daitezkeela. Horrela hasi zen Callahan xehetasunenetan, lehen planoetan eta inguruan zituen hiriko espazioetan arreta ipintzen eta argitasun eta iluntasun ñabardurak jasotzeari erreparatzen, ez soilik objektuak jasotzeari.

Ia goizero, Callahan etxetik irten eta hiritik ibiltzen zen argazkiak ateratzen. Arratsaldeetan esperimentazio-saioak egiten zituen eguneko negatibo onenekin haren errebelatzeko gela ilunean. Gogokoen zituen gaiak hiriko kaleetako xehetasunak ziren: landareak, telefono-kableak, etxe orratzak… Gai bat aukeratzean askotariko moduetan ateratzen zion argazkia eta behin eta berriro itzultzen zen hura lantzera. Callahanen lana eta bizitza estuki lotuta zeuden. Hamabost urtez emazte Eleanorri argazkiak atera zizkion, kokaleku eta testuinguru askotan: etxean, hiriko kaleetan, paisaian; bakarrik, alabarekin; zuri-beltzean, koloretan; biluzik, jantzita; gertutik, urrunetik.

Haren eszenetan kameraren mugimendua eta argiztapen berezia ikus daitezke, baita marrak eta formak ere, argia eta iluntasuna, jasotzeko sen handia[2]. Argazki batzuk egiteko negatiboa argitan ipintzen zuen hainbat aldiz Callahanek; gainera, kamera mugitzen zuen argizko marrak eta formak sortzeko, harekin marraztuko balu bezala. Beste argazki batzuek muturreko kontrasteak dituzte: irudia ia osorik da zuria edo beltza; horren adibide dugu Eguzkiaren isla uretan (Sunlight on Water, 1943). Ia guztiz beltza da hondoa eta marra zuri batzuek baino ez dute uraren testura ikusten uzten. Ur lasaian islatzen diren eguzki-izpien islei argazkia ateratzean, irudi fina lortu zuen artistak, argazkilaritzaren eremutik harago joan eta pinturaren eta marrazketaren eremura hurbiltzen dela ematen duena. Sinpletasunak, eguneroko objektu eta eszenek erakartzen zuten artista; horiek marra eta erritmo bihurtzen zituen. Haren lanen bidez erakutsi zigun Callahanek argazkiek ere irudi figuratiborik jaso gabe emozioak iradoki eta istorioak konta ditzaketela. Ezaugarri plastikoak direla eta oso erakargarria den errealitate zati bat aukeratu zuen artistak Eguzkiaren isla uretan obran —eguzki-izpien isla uretan— eta testuingururik gabe jaso zuen; horrek irudiaren interpretazioa zailtzen du. Horrelako konposizioak Espresionismo Abstraktuaren barruan zeuden margolarien koadroen antzekoak dira. Biek ere, pintoreek eta Callahanek, beste modu batean begiratzen zioten errealitateari eta beste modu batean jasotzen zuten. Callahanek —Pollockek eta besteek bezala— natura marra eta kolore-eremu sinple eta poetikoetara murrizten zuen, Espresionismo Abstraktuaren ideiez baliatu zen beraz. Pintura eta argazkilaritzaren sinergia bat gertatu zen abstrakziorako bidean.

Preguntas

Arretaz aztertu argazkia, izenburuari begiratu baino lehen. Zer ezaugarri nabarmenduko zenituzke? Zer jaso du argazkian artistak, zure ustez? Egizu bururatzen zaizkizun gauzen zerrenda bat.

Callahanek naturako irudien abstrakzioak egiten zituen argazkietan. Irakurri artelanaren titulua; artelanari begiratzeko modua aldatu du argazkian dagoena zer den jakiteak? Zer antzekotasun eta zer ezberdintasun dago zuk imajinatutako gauzen eta artistak benetan argazkia atera zion horren artean? Zergatik aukeratu zuen Callahanek natura horrela irudikatzea? Eman zure iritzia.

Argazki batzuk egiteko negatiboa askotan ipintzen zuen argitan Callahanek. Horrela lortzen zuen bere eszenek muturreko kontrasteak edukitzea; batzuetan hondo ia guztiz beltza zuten argazkiok — Eguzkiaren isla uretan lanean bezala—. Zergatik aukeratu zuen horrelako argazkia egitea? Zer efektu lortu nahi zuen? Zein zen artistaren asmoa? Uste duzu asmo hori bete zuela? Zergatik? Koloretakoa balitz, zertan litzateke desberdina?

Erregela batez marraztu folio batean argazkiaren tamainako laukizuzen bat: 11,1 cm luze eta 8,3 cm zabal. Nola aldatuko litzateke hamar aldiz handiagoa balitz? Zer eragin du artelanaren tamainak hura ikusteko eta ulertzeko orduan?