Emakumea perikitoarekin

Emakumea loroarekin (La Femme à la perruche), 1871

“Eskutitz honekin batera, bi koadroen argazkiak itzultzen ditut. Emakumea loroarekin beranduenera 1871. urtean margotua izango da, data harez geroztik koadro honetarako posatu zuen emakumearen arrastoa galdu bainuen. Edozein moduz, ez dute ezer balio, batez ere Emakumea txori batekin [sic] lanak. Mesedez, ez ezazu gogoa gehiegi berotu zirriborro hauekin” [1]

Pierre Auguste Renoir (1841–1919) Limoges-en jaio zen, Frantzian, 1841eko otsailaren 25ean. 14 urterekin portzelana-      -pinturako tailer batean sartu zen ikastun, eta txinatar motiboak bikain margotzen ikasi zuen. Renoirren obra goiztiarrak bi artista frantsesen eragina jaso zuen: Claude Monet-ena, argiaren tratamenduan, eta Eugène Delacroix margolari erromantikoarena, koloreari dagokionez.

Renoirrek Parisen jarri zituen ikusgai bere margolanak lehen aldiz 1864. urtean; hala ere, ez zuen onarpenik jaso 1874. urtera arte, hau da, eskola inpresionista berriaren lehen margolari-erakusketan parte hartu zuen arte. Renoir Inpresionismoko kide nagusietako bat bilakatu zen, eta mugimendu honetako kideek bezala, argiak koloreen eta formen gain duen eragin iragankorra bereganatzeko interesa izan zuen. Paisaia arretagune izan zuten zenbait margolari inpresionistak ez bezala, Renoirrek bakarkako irudiak edota familia-             -erretratuak margotzeko interesa ere izan zuen. Bere iritziz, konposizioa eta forma argiaren efektuak bezain garrantzitsuak ziren. Renoirrek Parisko Areto ofizialaren alternatiba gisa antolatzen ziren erakusketa independenteetan jarri zituen ikusgai bere artelanak inpresionistekin batera 1870eko hamarkadan, eta bere ospea 1883. urtean sendotu zen behin betiko Parisko Durand-Ruel galerian bakarka egin zuen erakusketa baten bidez.

Bere bizitzako azken hogei urteetan artritisa izan zuen eta, eskuetako trebetasuna galdu arren besoari lotutako pintzel baten bidez jarraitu zuen margotzen. Renoir Cagnes-en hil zen, Frantzia hegoaldeko herri batean, 1919ko abenduaren 3an.

Koadro honetan loroa eusten duen emakumea Renoirren adiskide eta lagun izan zen sei urtez. Lise Tréhot da, eta honen aurpegiera gaztea, artistak 1867. eta 1872. urteen artean margotu zituen beste hamasei mihiseetan aurki daiteke gutxienez. Dama etxeko animalia baten ondoan ageri da erretratuan. Animalia hau, garai hartan, oso preziatua eta ezaguna zen, baita exotikoa ere. Damaren tafeta beltzezko soinekoak, eskumutur zuriak eta begizta gorria dituenak, emakumearen ile beltza eta azal zuria nabarmentzen ditu; hormaren kolore berde ilunak eta landareek, berriz, formala eta oso apaindurikoa dela esan daitekeen barnealdea ematen dute aditzera.

Pintzelkada arina da eta testura efektu oparoak sortzen ditu, eta zera iradokitzen duela dirudi: artistak emakume burges maitagarri eta gaztea aisialdi-une batean irudikatu duela. Aitzitik, koadroko tonu ilunei, emakumearen espresio anbibalenteari eta berau kokaturiko espazio klaustrofobikoari erreparatuz gero, irudia azaleko denbora-pasa hutsa ez dela ohartuko gara. Landareetako hosto puntazorrotzek modeloaren gorputzarekin egiten dute talka, honen zein txoriaren espazioa murriztuz. Soinean daraman soineko apainduak, parpailez eta begizta gorriz horniturikoak, zein bere itxura pentsakorrak, emakumearen irudia kaiolan sartutako txoriaren metaforarekin bat etor daitekeela pentsarazten du. Koadro hau Renoirrek “koloreen errege” izendatu zuen kolore beltzaren ospakizun gisa ere deskribatu izan da.

Preguntas

Erakus ezazu 1871. urteko Emakumea loroarekin artelana eta eska iezaiezu ikasleei honakoa:

Zer ari da gertatzen irudi honetan? Nola dago jantzita emakume hau? Non dago? Zer du inguruan?

Irudi honek bat-batean bizia hartuko balu, zer gertatuko litzateke? Zein soinu entzungo lirateke? Zer gertatuko litzateke ondoren?

Jar zaitezte koadroko emakumearen jarrera berean. Deskriba ezazue zer sentitzen den.

Deskriba ezazue bere bizitzako egun bat. Zein ordutan jaikitzen da? Zer gosaltzen du? Zein gauza-mota egin ditzake egun arrunt batean?

Koadroko zein xehetasunek berresten dituzte zuen ideiak? Zein antzekotasun edo ezberdintasun ditu, zuen ustez, emakume honen bizitzak zuenarekin? Egun batez bere bizitza bizitzea gustatuko al litzaizueke? Zergatik?

Deskriba ezazue koadroak aditzera ematen duen ingurua. Zein garaikoa da? Zergatik atera duzue ondorio hori?

Artelan hau “beltzaren ospakizun gisa” deskribatu izan da, Renoirren ustez koloreen errege beltza baitzen. Zergatik pentsatuko ote zuen hori? Zer deritzozue baieztapen horri buruz?

Lise Tréhot-en (1848–1922) erretratua da, artistak pertsonalki ezagutu zuen emakume batena. 23 urte zituen koadro honetarako posatu zuenean. Ahal izango bazenute, zer galdetuko zeniokete?