Ezereza-Ura fasea (Phase of Nothingness-Water, 1969/2012)
Nobuo Sekine
Ezereza-Ura fasea (Phase of Nothingness—Water, 1969/2012)
Altzairu herdoilgaitza, berniza eta ura
“Egiturarik sinpleenetan ere paisaia eta pentsamendu asko adieraz daiteke.”
Nobuo Sekine, 2016[1]
Nobuo Sekine (Saitama, Japonia, 1942) Mono-ha (japonieraz, “Gauzen eskola”) taldeko funtsezko artistetako bat da; talde hori Japonian sortu zen, eta 1968tik 1975era egon zen martxan. Taldeko kideek, artelan figuratibo tradizionalak egin ordez, material natural eta industrialak esploratzen zituzten, hala nola harria, lurra, egurra, papera, kotoia, altzairuzko xaflak, alanbrea, olioa eta ura. Beren helburuetako bat zen Japoniako kontrolik gabeko industria-garapenean ikusten zuten alderdi kaltegarriarekin lotutako obrak sortzea[2]. Artista horientzako, garrantzitsua da artea irudikatzeko ideia tradizionalak haustea, mundua beraiek kontzeptualizatzen duten bezala erakusteko, era horretan erlazionatuz materialak beren ezaugarriekin, objektuak beren jatorrizko eta funtsezko itxurara ekarrita.
1968an, Fasea (Phase) seriea osatzen hasi zen Sekine; serie hori bere obrarik garrantzitsuenetakoak diren lan-sorta batek osatzen du. Bi lagun artistaren lankidetzarekin egin zuen Fasea: Ama Lurra (Phase: Mother Earth, 1968) lana, eskultura garaikideen Kobe hiriko aire zabaleko lehenengo erakusketarako. Proiektuaren helburua zen 2,7 metroko sakonerako eta 2,2 metroko diametroko zuloa egitea lurrean eta, ondoren, hondeaketan ateratako lurra trinkotuta, zehatz-mehatz dimentsio berak izango zituen zilindro bat sortzea. Fasea: Ama Lurra lanaren aurkezpena une kritikoa izan zen Mono-ha korrontearen garapenerako, eta jarduera biziko denboraldi bati ekin zioten Nobuo Sekinek eta mugimenduan sartutako artistek[3].
Kobeko erakusketa egin eta urtebetera, Ezereza-Ura fasea (Phase of Nothingness-Water, 1969) lana egin zuen Sekinek: altzairuzko bi edukiontzi eraiki zituen artistak (zilindrikoa bata eta errektangularra bestea) eta urez bete zituen. Edukiontzi baten altuera 110 cm-koa zen eta bestearena 30 cm-koa, eta laka beltzez margotuta zeuden urak ikusezina zirudielarik; baina, ikusleek obra ukitzeko aukera dutenez, behin ukitzen dutenean, sortzen diren uhinek ikusarazten dute likidoa dagoela.
Ezereza-Ura fasea lanarekin, Fasea: Ama Lurra lanarekin bezala, topologiaren arlo tematikoa esploratzen hasi zen artista. Topologia geometria espazialaren adar bat da, non espazioa eta materialak oso malgutzat jotzen baitira eta egoera (edo fase) batetik bestera askotan eralda baitaitezke, jatorrizko materialak formari batu edo kendu gabe; hortik dator lan horien izenburuak Fase (phase) hitza hartzea. Sekinek, bere lana modu horretan kontzebitzen duenez, infinituki malgutzat ulertzen ditu forma, materia eta espazioa.
Ezerezaren-Ura fasea lanean, Sekinek bi edukiontziak bata bestearen ondoan jarriz esploratzen du topologia; edukiontziek forma ezberdinak dituzte (kanpoaldetik), baina baliokideak dira, (barnealdean) ur-bolumen bera baitute, nahiz eta begiratu batean ez dirudien tanga errektangularrak eta tanga zilindrikoak likido kopuru bera gorde behar dutenik. Lan honek simetriaren eta orekaren zentzu bat erakusten du, formaren eta materialaren jarraitutasunean gauzatutakoa, Fasea: Ama Lurra lanekoaren antzerakoa dena. Obra osatzen duten bi piezak material berarekin eginda daude, eta ur-kopuru bera dute. Ez daude forma kontrajarri gisa ikusteko pentsatuta, forma baliokide gisa baizik.
Preguntas
Beha ezazue arretaz eskultura hau. Zer ikusten duzue? Nola deskribatuko zenukete? Zer forma geometriko ikusten duzue obra honetan? Adieraz ezazue nola uste duzuen egin duela artistak obra hau, urratsez urrats. Zer sentsazio eragingo lizueke pieza hau ukitzeak? Zergatik? Obra hau beste leku batean jarrita egongo balitz, eta ez Museo barruan, non jarriko zenukete? Zergatik?
Ezereza-Ura fasea lana altzairu herdoilgaitzez, berniz beltzez eta urez eginda dago. Zuen ustez, zein dira material horietako bakoitzaren ezaugarriak? Zer bertute ekartzen dizkizuete gogora? Zer lotzen duzue altzairuarekin? Eta urarekin eta lakarekin? Zergatik erabaki ote du Sekinek eskulturaren barnealdea berniz beltzez margotzea? Zer efektu uste duzue sortzen duela horrek? Berdina izango al litzateke beste kolore batez margotuta egongo balitz?
Gelditasuna eta aldaketa, industriala eta naturala nola erlazionatzen diren ikertzen du Sekinek. Nola ikusten dituzue islatuta erlazio horiek obra honetan? Nola uste duzue lortu duela artistak hori bere piezan proiektatzea? Zer nolako erlazioa aurkitzen duzue obraren materialen eta artistaren ideien artean?
Edukiontzi biek ur kopuru bera dutela uste duzue? Arrazoitu zuen erantzuna. Nola eragiten dio piezen formak guk haiekiko dugun pertzepzioari?
Ezereza-Ura fasea lanean, topologiaren alorra esploratzen du Sekinek. Iker ezazue zer den eta zertan datzan topologia. Zuen ustez, nola erlazionatzen du obra matematiken adar horrekin?