Gauzak: bitxikerien kabinetea
Bizitza azaltzen saiatzearen ausardiak erakartzen [gaitu], mikrokosmosa irudikatzen duen eta dakiguna zergatik dakigun azaltzen duen artelana eratzearen ausardiak1.
Jaiotzaren eta heriotzaren artean dagoen "bitarte argitsu" honetan, sortzeko eta konposatzeko borrokatzen gara. Baina zer esanahi dakar borroka horrek, eta nola sortzen da? Zein eginkizun du mundu materialak esanahien sorrera horretan? Zer ekar diezaioke munduari objektuen bilduma batek (edo teoria ezberdinen frogaketak)? Sarritan, osotasunean begiratzen direnean, bildumek ideia garrantzitsuagoei egin diezaiekete erreferentzia. Dimitris Daskalopoulos-ek adierazi duenez, "Bilduma bat osatzea osotasun bat sortzea da, eta osotasun horretan artelanek elkarrizketak pizten dituzte; era horretan, bakoitzak bere kasa adierazten duena baino zerbait gehiago aditzera eman dezakete". "Bilduma" berba, Daskalopoulosek gogorarazi digu, grezierazko "hitz egin" eta "elkarrekin" hitzetatik dator2.
Daskalopoulosen bildumako artista batzuek objektu fisikoetatik abiatuta esanahiak nola eratzen ditugun aztertzen dute. Mark Dion-ek (New Bedford, Massachusetts, AEB, 1961) eta Robert Williams-ek (Liverpool, Erresuma Batua, 1960) elkarlanean dihardute gizakiak mundu natural konplexu eta kaotikoa egituratzeko eta antolatzeko dituen moduak aztertzen dituen lan bat egiteko. Dionek bere lana honela deskribatzen du: "Esanahia sortzea helburu, gauzak antolatzeko modu ezberdinen metodologien entziklopedia"3. Theatrum Mundi: Armarium (2001) lana Cambridgeko Unibertsitateko aditu eta zientzialariekin lankidetzan oinarritzen da eta artistek bi beira-arasa ia berdinak bete zituzten Ramon Llull (Palma, 1232-Palma, 1315) eta Robert Fludd (Kent, 1574-Londres, 1637) kosmologoen (unibertsoa bere osotasunean ikertzen duen zientzialaria) sinesmenak erakusten dituzten objektuekin. Pentsa liteke arasa bakoitza kosmologo baten irudikapena dela eta apal bakoitzak haren teoriaren kategoria desberdinak irudikatzen dituela. Goiko bi apalak hutsik utzi zituzten Llullen eta Fludden Jaungoikoarenganako sinesmena sinbolizatzeko. Arasak hirugarren bitrina bati daude lotuta; horretan giza hezurdura bat duen apal bakar bat dago. Hezurdurak gizakiak unibertsoa ulertzeko duen gaitasun mugatua adierazten du. Artistek "bizitza azaltzen saiatzearen ausardia"4 miresten dute, baina, era berean, saiatze hori antropozentrikoa eta eskasa dela aitortzen dute.
Oharrak
1Mark Dion, honetan aipatua: El intervalo luminoso: D.Daskalopoulos Collection, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta The Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 2011, 77. or.
2Dimitris Daskalopoulos, honetan aipatua: "Organizando una galería en mi mente: Dimitris Daskalopoulos con Nancy Spector", in El intervalo luminoso, op. cit., 20. or.
3Mark Dion, honetan aipatua: El intervalo luminoso, op. cit., 77. or.
4Ibid.
Preguntas
- Mark Dion-en eta Robert Williams-en lanari erreparatu aurretik, esan izenburua ikasleei: Theatrum Mundi: Armarium (2001). Eskatu tituluaren esanahiari buruz eztabaidatzeko. Latinezko esaldia honela itzultzen da: “Munduaren antzerkia: armairua”. Zer datorkie burura horrelako titulua daraman lanari buruz?
- Ondoren, erakutsi lana ikasleei eta galdetu zer ikusten duten. Apaletako objektuak deskriba ditzaten eskatu. Badute inolako zerikusirik apal berean dauden objektuek? Nola erlaziona ditzakete objektuak eta horiek erakusteko metodoa tituluarekin?
- Utzi ikasleei une batez hausnartzen artistek euren lana erakusteko hautatu duten moduari buruz. Imajinatu Dionek eta Williamsek objektu horiek erakusteko hautatu ahal izango zituzten beste era batzuk. Lanaren esanahia edo mezua aldatuko litzateke objektuak beste modu batean erakustean?
- Azaldu ikasleei arasa bakoitza bi kosmologok —hain zuzen, Ramon Llull-ek (XIII. eta XIV. mendeak) eta Robert Fludd-ek (XVI. eta XVII. mendeak)— unibertsoari buruz zituzten teoria ezberdinei dagokiela. Arasetako apalen antolaketak kosmologo horien teorien mailak edo kategoriak azaltzen dituzte. Eskatu ikasleei teoria horiek zeintzuk ziren asmatzeko, apaletako objektuetan oinarrituz. Objektuak ezagutzen ez badituzte , azaldu eskuineko arasan landareak eta animalia disekatuak daudela [naturako objektuak] eta ezkerrekoan erlijio-elementuak, musika-tresnak eta liburuak [kultura-objektuak].
- Llullek naturaren inguruan antolatu zuen bere sinesmen-sistema; Fluddek, ostera, kultura-gaietan oinarritu zituen bere teoriak. Goiko apala hutsik dago bi zientzialariek Jaungoikoarengan sinesten zutela sinbolizatzeko. Zergatik uste dute ikasleek artistek giza hezurdura bat kokatu dutela bi arasen artean?
- Artistek honela deskribatu dute lan hau: “Museo unibertsal baten asmo zintzoen baina ezinezkoen inguruko hausnarketa eta, beharbada, horiei eskainitako omenaldia”1. Zer esan nahi dute Dionek eta Williamsek horrekin?
- Lan honetan, Dionek eta Williamsek erreferentzia egiten diote museoen eta bildumak erakustearen historian aitzindari izan zen, Wunderkammer edo bitxikerien kabineteari (mirarien ganbera). Errenazimentuko errege eta zientzialari europarrek bitxikerien kabinete horiek erabiltzen zituzten haien munduaren kontrolaren sinbolo gisa eta ezagutzaren alorrean betetzen zuten paper garrantzitsua aditzera emateko. Kabinete horiek munduko leku askotatik ekarritako objektuak zituzten, baita zientzia-gaietako objektuak ere. Zer pentsatuko lukete ikasleek egun bitxikerien kabinete bat egongo balitz?Oharra
1Mark Dion, honetan aipatua: El intervalo luminoso: D.Daskalopoulos Collection, erak. kat., Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbo, eta The Solomon R. Guggenheim Foundation, New York, 2011, 77. or.