cell VII 3265 CB 2 LG

Gela VII

Louise Bourgeois
Gela VII
(Cell VII), 1998
Metala, beira, ehuna, brontzea, altzairua, zura, hezurrak, argizagia eta haria, 207 x 221 x 210,8 cm
Bilduma pribatua, Hauser & Wirth-en eskaintza
Argazkia: Christopher Burke, © The Easton Foundation/VEGAP, Madril

“Nire oroitzapenek orainaldia bizitzen laguntzen didate, eta bizirauteko nahi ditut. Nire emozioen preso nago. Kontatu behar duzu zure istorioa, eta zure istorioa ahaztu. Ahazten duzu, eta barkatu. Horrek askatu egiten zaitu”. —Louise Bourgeois[1]

Louise Bourgeois (Paris, 1911–New York, 2010) ibilbide artistiko bereziki luzea izan zuen, ia mende oso bat. Bizitzako azken hogei urteetan, Bourgeoisek artelan ugari egin zituen, era guztietako objektuak, arkitekturako era askotako ezaugarriak eta gauza pertsonalak erabiliz, berrerabiliz eta birmoldatuz. Denbora horretan, kemen handia jarri zuen gela moduko espazio sorginduen serie bat sortzen.[2] Bourgeoisek Gela deitu zien instalazio horiei. Presoaldia eta monasterioetako kontenplazioa ekartzen dituzte gogora, baita giza gorputzaren atal oinarrizkoena ere: edozein izakiren zelula biologikoa.

Lehendabiziko Gela 1989n eraiki zuen eta materialen nahasketa bat zen: artistak egindako eta aurkitutako objektuak uztartu zituen eta eraitsitako eraikinetatik hartutako materialez baliatu zen, hala nola, ate zaharrez, leihoez, sare metalikoz eta beiraz. 1990 erdialderako, Bourgeoisek bere Gela artelanei ehunak gehitzen hasi zen, tartean zirela arropa zaharrak, bereak eta bere amarenak batez ere, urte luzez gordetakoak.

Bourgeoisek Gela VII sortu zuen 1998an, 87 urte zituela. Artelana logela antzeko gune bat da, zurezko ate zaharrez egindakoa. Ateetako bat zabalik dago, eta ikuslea barrura begiratzera gonbidatzen du; barruan, berriz, artistari hunkigarri egiten zaizkion gauzak daude ikusgai. Gelak “bere artelan autobiografikoena” direla esan da.[3] Bourgeoisek bildutako eta Gela VII artelanean ikusgai jarritako objektu guztiek bere haurtzaroari eta gurasoen lanari egiten diete erreferentzia: Choisy-le-Roiko (Paris hegoaldeko) etxearen maketa bat —artistak haurtzaroa herri horretan eman zuen—; amaren irudia gorpuzten duen armiarma (zoko batean dago); artistaren arropak, hezur itxura duten pertxetatik esekita; eta miniaturazko eskailera batean, itxura batez orratzek zeharkatzen duten forma arrosa bat. Bourgeoisek joskintza eta konponketetarako objektuak sartu zituen behin eta berriz Geletan. Bere gurasoak adierazten dituzte, tapizak zaharberritzeko tailer bat baitzuten; artista gazte-gaztetatik ibili zen bertan laguntzaile. Gela VIIn, Bourgeoisek bere bizitzako hainbat kontu eman zituen aditzera, eta emozio handiko espazio bat sortu zuen. Hartara, aurrez aurre begiratu nahi zion bizitakoari, eta istorio hori eraldatu.[4]

1. Jerry Gorovoy eta Pandora Tabatabai Asbaghi, arg., Louise Bourgeois, Milan: Fondazione Prada, 1997, atzealdea.
2. http://pastexhibitions.guggenheim.org/bourgeois/exhibition.html
3. https://www.a-n.co.uk/reviews/louise-bourgeois
4. http://pastexhibitions.guggenheim.org/bourgeois/exhibition.html

Preguntas

Erakutsi Gela VII (1998)

Begiratu arretaz. Zerk deitzen dizue lehendabizi atentzioa Gela VIIz? Zerrendatu deskribatzeko erabiliko zenituzketen bost hitz.

Azaldu artelanak adierazten duen aldartea. Gela VIIren zein alderdik ematen dizuete irudipen hori?

Imajinatu barrura sar zaitezketela. Nola sentituko zinatekete? Nora joango zinatekete? Objektu bat etxera eraman ahal izango bazenute, zer hartuko zenukete, eta zergatik?

Bourgeoisek izan zezakeen beste modurik objektu hauek ikusgai jartzeko? Nola aldatuko zen bere artelanaren esanahia edo sentitzeko era beste aurkezteko modu bat erabili izan balu?

Bourgeoisek esaten zuen arropek pertsonen, harremanen eta tokien oroitzapenak gordetzen dituztela.[5] Zer iruditzen zaizue adierazpen hori? Baduzue zuen bizitzan garrantzitsua den norbait edo zerbait gogorarazten dizuen arroparik? Hala balitz, non gordetzen dituzue? Erabiltzen dituzue? Zein egokieratan? Zergatik erabiltzen dituzu momentu horietan?

Irakurri Bourgeoisen aipu hau: “Nire oroitzapenek orainaldia bizitzen laguntzen didate, eta bizirauteko nahi ditut. Nire emozioen preso nago. Kontatu behar duzu zure istorioa, eta zure istorioa ahaztu. Ahazten duzu, eta barkatu. Horrek askatu egiten zaitu”.[6] Zer iritzi duzue aipu horri buruz, eta nola lotzen zaio artelan honi?

5. http://arttattler.com/archivebourgeois.html
6. Gorovoy eta Asbaghi, atzealdea.