Guggenheim
Sarrera

DESKARGATU INPRIMATZEKO BERTSIOA 

Pablo Picasso
Gizon baten burua (Tête d’homme), 1908
Olio-pintura ohol gainean
27 x 21 cm
Hermann und Margrit Rupf-Stiftung, Kunstmuseum Bern
© Sucesión Pablo Picasso, VEGAP, Madril, 2016.

Nire ustez, bilatzeak ez du garrantzirik pinturan. Aurkitzea da kontua”, Pablo Picasso [1]

XX. mendearen hasieran, Pablo Picasso (Malaga, 1881—Mougins, 1973) betiko geratu zen Frantzian bizitzen, Bartzelonan eta Parisen denboraldiak eman ondoren. 1907ko udan, Daniel-Henry Kahnweiler (1880–1962) ezagutu zuen, bere arte-merkatari handiena izango zena. Garai hartan, Picasso eta Georges Braque (Argenteuil-sur-Seine, 1882—Paris, 1963) errepresentazio-modu desberdinak esperimentatzen aritu ziren. Picassoren lanak liluratuta, Kahnweilerrek bere lagun eta bildumagile Hermann Rupf (1880–1962) eraman zuen artistaren estudiora. Lehendabiziko elkarraldi hartan, bi gouache eskuratzea erabaki zuen Rupfek, eta hala egin zen Picassoren obraren aurrenetako bildumagilea [2].

Harrez geroztik, estutzen joan zen Pablo Picassoren eta Georges Braqueren arteko harremana. Bi artistek nork bere estudioan lan egiten bazuten ere, sarritan elkartu ohi ziren euren lanaren aurrerapenak komentatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Elkarrekin, Kubismo izenez ezagutzen dugun estiloa landu zuten: hiru dimentsioak irudikatzeko modu tradizionalak —besteak beste, perspektiba konikoa eta eskortzoa— baztertzen dituen estiloa, eta arteak natura imitatzeko balio behar duela defendatzen zuten garaiko teoria nagusiei kontra egiten diena [3]. Pintura kubistetan, plano piktorikoaren dimentsio biko gainazal laua nabarmentzen da, eta plano geometrikoen bidez adierazten dira objektuak, euren formak desegin eta zatitzeko erabiltzen direnak, objektuen alderdi desberdinak aldi berean erakustearren [4].

Picassoren aurrenetako lan kubistetako bat Gizon baten burua (Tête d’homme, 1908) izan zen. Lan horretan, forma geometrikoak erabiliz pintatu zuen Picassok aurpegia, espresio leun baten irudia sortu beharrean. Bolumenak eratzeko, gainjartzen doazen kolore-plano desberdinak erabili zituen.

Avignongo andereñoak (Demoiselles d’Avignon, 1907) pinturarekin batera, Gizon baten burua funtsezkoa izan zen Picassoren ibilbidean, bi pinturek erakusten baitigute bere hasierako figuraziotik abstrakzio kubistara joateko egin zuen bidea. Avignongo andereñoak artelanak apurtu egiten ditu erabat pinturaren konposizio tradizionala eta perspektiba, kubismoaren sorrera erakusteaz gainera.

Gizon baten buruak Mendebaldekoak ez diren kulturen osagaiak ere erabil daitezkeela erakusten digu: marroien eta grisen paleta eta gizonaren aurpegi sinplifikatua ikusita, zurezko Afrikako maskarak datozkigu gogora, Picassok Parisen, Trocaderoko Etnografia Museoan deskubritu zituenak [5]. Sudur zapalak, begi handiek eta ahoaren formak 1906 eta 1909 urte bitartean Picassok landu zuen “aldi afrikarra” aditzera ematen digute [6].

Galderak

Begiratu arretaz Picassok egin zuen erretratua. Deskribatu irudiaren ezaugarri fisikoak: Nolakoa da burua? Zein jarreratan dago? Nolakoak dira begiak? Irekitzen edo ixten ari ote dira? Nolakoak dira sudurraren forma eta tamaina? Nola deskribatuko zenuke ahoa? Zertan bereizten da erretratu hau ezagutzen dituzun beste batzuetatik?

1906 eta 1909 urte bitartean Picassok sortutako lanetan, Parisko Trocaderoko Etnografia Museoan artistak behatu ahal izan zituen Afrikako maskaren eragina antzeman daiteke. Konparatu Gizon baten burua pintura eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Mbangu maskara, Tervuren-eko Afrikar Museoan dagoena. Zertan dira antzekoak? Zertan dira desberdinak? Hemen aurkitu ahal izango duzu maskararen argazkia: http://www.africamuseum.be/home/treasures/Mbangu-oct2011/image/image_view_fullscreen

Orain, konparatu Picassoren pintura eta Emakume baten burua (1909), bere lagun George Braquek sortua, Picassorekin batera kubismoa sortu zuenak. Zertan dira antzekoak? Zertan dira desberdinak? Idatzi bi zerrenda antzekotasunak eta desberdintasunak adieraziz. Zer ondorio atera duzu zure bi zerrenda horiek berriro irakurri eta gero? Hemen aurkitu ahal izango duzu irudia: http://www.mam.paris.fr/en/online-collections#/artwork/180000000000415?layout=grid&page=0&filters=authors:BRAQUE+Georges%E2%86%B9BRAQUE+Georges

Jarduerak

Sortu erretratu kubista bat

Hasteko, aukeratu erretratu bat; ezagutzen duzun norbaitena edo aldizkariren batean aurkitu duzun bat izan daiteke. Fotokopiatu ezazu DIN-A4 tamainan. Kubismoaren hastapenetan, Picassok irudi geometrikoetan oinarritutako bolumenak erabiliz egiten zituen irudiak. Arkatz beltz batekin eta erregela batekin, has zaitez erretratuaren fotokopian forma geometrikoak markatzen. Adibidez, pertsonaren sudurra triangelu bat izan daiteke, ahoa obalo bat, kopeta laukizuzen bat, etab. Egin dituzun aldaketekin pozik geratu zarenean, lerroak errotulagailu beltz batekin azpimarratu ditzakezu. Forma geometrikoak irudiaren gainean markatuta dituzunean, kopiatu zure marrazkia beste orri zuri batean, fotokopia atzean utziz eta aurpegiaren transformazio geometrikoarekin bakarrik geratuz. Erakutsi 3 irudiak elkarren ondoan eta aztertu ezazu burutu duzun prozesua.

Idatzi kontakizun bat:

Asmatu kontakizun bat, Picassok irudikatutako gizonaren eta Braquek irudikatutako emakumearen artekoa: Zer harreman izango lukete? Zer esango lieke elkarri? Non biziko lirateke? Idatzi bi pertsonaiei buruzko kontakizun bat.

OHARRAK:

  1. Herschel B. Chipp, Theories of Modern Art: A Source Book by Artists and Critics, Berkeley, University of California Press, 1996, 263. or.
  2. http://www.rupf-stiftung.ch/?m=4&m2=1&lang=e&show=3&dirid=111
  3. http://education.guggenheim.org/new-york/education/school-educator-programs/teacher-resources/arts-curriculum-online?view=item&catid=740&id=166
  4. https://www.guggenheim-bilbao.es/guia-educadores/paisaje-de-ceret/
  5. http://www.metmuseum.org/art/collection/search/486755
  6. https://en.wikipedia.org/wiki/Picasso%27s_African_Period

HIZTEGIA:

Abstrakzio (arte abstraktu): artearen alorrean, identifikatu ezin dugun forma baten ideia mihise batean adierazteko joera, antzeman ditzakegun objektuak edo irudiak adierazi beharrean.

Erretratu: pertsona baten errepresentazio artistikoa, non aurpegia eta espresioa nagusitzen baitiren. Erretratatutako pertsonaren antzekotasun fisikoa, bere nortasuna edota bere gogo-aldartea irudikatzeko egiten da.

Eskortzo: pinturaren, marrazkigintzaren eta argazkilaritzaren baliabidea, sakontasun sentsazioa adierazteko erabiltzen dena; margotzen den paperaren edo mihisearen planoarekiko noranzko perpendikular edo zeiharrez zabaltzen diren irudiak perspektiba-arauen arabera moztuta agertzen dira.

Figurazio: errealitatearen errepresentazioa, imitazio bidez (mimesis) errealitatetik hartutako irudi antzemangarriak sortzeko.

Kubismo: 1907an sortutako arte-mugimendua, Georges Braque eta Pablo Picasso artistek elkarrekin batera hizkuntza bisual berezi bat garatu zutenean, objektuen formak desegin eta zatitzen dituzten plano geometrikoak erabiliz errepresentazio eta perspektiba klasikoak baztertzea helburu hartuta. Kubismo Analitikoan (1909–1912), artistak konposizioaren orekan eta formen zatiketan oinarritzen dira, eta batez ere kolore motelak —grisak eta okreak, besteak beste­— erabiltzen dituzte. Kubismo Sintetikoan (1912–1914), errealitatearekin loturak sortzeko, koadroetan objektuak barneratzen hasten dira —egunkari zatiak, papera, oihala eta metala, eta beste material batzuk— konposizioaren osagai bihurtzeraino, eta era horretan “collage” teknikari bidea eginez.

Perspektiba koniko: errepresentazio-sistema grafikoa, dimentsio biko plano baten gainean hiru dimentsioko objektu bat proiektatzen duena, puntu batetik pasatzen diren lerrozuzenen bidez irudikatuta. Giza ikusmenak puntu horretan kokatuta ikusiko lukeenaren oso antzekoa da emaitza.

BALIABIDEAK:

Bartzelonako Picasso Museoa. Pablo Picassoren kronologia
http://www.bcn.cat/museupicasso/es/picasso/crono-flash.html

Rupf Fundazioaren bilduma
http://www.rupf-stiftung.ch/?m=4&lang=e&dirid=111

Hezitzaileentzako baliabideak Picassoren Céreteko paisaia artelanari buruz
https://www.guggenheim-bilbao.es/guia-educadores/paisaje-de-ceret/

New Yorkeko Museo Metropolitanoa
http://www.metmuseum.org/art/collection/search/486755

DESKARGATU INPRIMATZEKO BERTSIOA