Guggenheim
Sarrera

Jean-Michel Basquiat.
Titulurik gabea (Untitled), 1982.
Akrilikoa eta olio-pintura liho gainean
193 x 239 cm
Museum Boijmans Van Beuningen, Roterdam
© The Estate of Jean-Michel Basquiat / Artestar-en lizentziaz, New York
Argazkia: Studio Tromp, Roterdam

“Hamazazpi urte nituenetik, izar bat izango nintzela uste nuen. Nire heroi guztiei buruz pentsatzen nuen: Charlie Parker, Jimi Hendrix… Jendea ospetsu bihurtzeko moduari buruzko irudipen erromantikoa nuen”. —Jean-Michel Basquiat (1)


Sarrera

Bere ibilbide artistikoaren hastapenetik, Jean-Michel Basquiatek (New York, 1960–1988) erabaki zuen gizon beltza izango zela bere artelanetako gai erabakigarri bat.(2) Aita haitiarra eta ama puertorricoar etorkikoa, oso jabetzen zen arrazen arteko desberdintasunez New York hiriko eguneroko bizitzan. Afrikar-amerikar historiari buruzko interesa agertu eta, horrenbestez, kolonialismoari eta esklabotasunari buruzko gaiak arakatu zituen bere artelanetan.

Basquiat etengabe ohartzen zen kirolaren, musikaren eta literaturaren munduko pertsonalitate beltzak historian ahaztuta geratzen zirela. Basquiaten irudiko, ordea, guztiak ere heroi handiak ziren, anonimo edo ospetsu izan, eta beharrezkoa zen historiak ukatutako ohore hori berreskuratzea. (3) Bere burua ere errealitate horretan ikusten zuen: margolari ospetsu eta dirutsua zen, bai; hargatik, zaila zen beretzat, adibidez, New York hirian hain eguneroko kontua den taxi bat hartzea. (4)

Heroi ahaztuei ohore egiteko eta artearen historian afrikar diasporari presentzia emateko, Basquiatek musikari eta kirolari beltzen erretratuak egin zituen, adibidez, boxeolarienak. Titulurik gabea artelanak (1982) boxeolari anonimo bat aurkezten du gizon zuri baten gaineko garaipena ospatzen. Koadroko pertsonaiak besoak altxatzen ditu garaipenaren erakusgarri. Basquiaten baitan, boxeo-lehia ringetik haraindi zihoan, beltz eta zurien arteko arraza-gerraren sinbolo bihurtuta. (5)

Artelan honetako boxeolariaren burua argi-koroa batez jantzita dago, santutasuna adieraziz beharbada. Aurpegia katamalo batez estalia du, gasaren aurkako maskara edo rapero baten txanoa dirudiela. Basquiatek egindako pertsonaiak komikoak irudi dezakete lehenengo begiratu batean, baina astiroago erreparatuz gero, ikusiko dugu heroi horiek askotariko formak hartzen dituztela; hartara, arauak eta ohiko jokabidea baztertzen dute. Basquiat saiatzen da horrelako irudien bidez gizaki beltza omentzen eta, aldi berean, errepresioa, esplotazioa, merkataritza eta esklabotasun modernoa salatzen. (6)
1. Jean-Michel Basquiat. Cathleen McGuigan, “New Art, New money: The marketing of an American artist.” The New York Times Magazine. February 10, 1985, 29. or.

2. Richard D. Marshall, “Jean-Michel Basquiat and His Subjects”, in Jean-Michel Basquiat, Enrico Navarra, ed., Paris: Galerie Enrico Navarra, 1996, 44. or.

3. Magdalyn Asimakis, hormako testuak, hemen: Now’s the Time, Art Gallery of Ontario.

4. Dieter Buchhart, ed., Ahora es el momento, erak. kat. Toronto: Art Gallery of Ontario; Munich, Londres eta New York: DelMonico Books, Prestel Publications; Guggenheim Bilbao Museoa, 2015, 15. or.

5. Ibid.

6. Ibid, 15–16. or.

Galderak

Begiratu ondo Titulurik gabea artelana (1982), eta eskatu ikasleei zer ikusten duten deskribatzeko.

Eskatu ikasleei koadroan agertzen den pertsonaia deskribatzeko. Nor izan daiteke? Nola deskribatuko lukete bere aurpegia? Zer esan janzkeraz?

Esan ondo begiratu eta deskribatzeko pertsonaiaren inguruko objektuak eta pintzelkadak. Zer adierazten ote dute?

Esan deskriba ditzatela pintura egiteko erabilitako koloreak. Zer-nolako sentsazioak pizten dituzte kolore horiek?

Esan imita dezatela koadroko pertsonaiak hartzen duen jarrera. Zertan ari ote da? Esan ikasleei irudi honen ondoren beharbada gerta daitezkeen istorioak deskribatzeko.

Basquiatek miretsi egiten zituen kirolari beltzak. Zergatik uste dute zitzaizkiola interesgarri boxeolariak?

Zein izango da buru gainean argi-koroa bat jartzearen arrazoia?

Jarduerak

Historian arakatu

Basquiatek heroi ahaztuetara jotzen zuen haien kultura eta historia ikasi eta omentzeko. Eskatu zure ikasleei beren herri, hiri edo herrialdeko historian oso ezagunak ez diren pertsonaia garrantzitsuei buruzko informazioa bilatzeko. Bilaketak egin ditzakete kirol-munduan, musikan, literaturan edo zure ikasleek interesgarri jotzen duten edozein arlotan. Esan heroi horien lorpen eta balentriei buruzko datuak bil ditzatela.

Ikasleek banaka edo taldeka lan egin dezakete. Datu-bilketa behin amaituta, eska egiezu testu bat idazteko, bertan pertsonaiaren garrantzia azal dezaten.

Esan Internet bidez aukeratutako pertsonaiaren argazki bat lortzeko eta, hura baliatuz, haren erretratu bat egiteko. Animatu ikasleak beren margolanetan erretratuan irudikatutako pertsonaiaren elementu nabarmenenak adieraztera.

Galde egiezu zein heroi aukeratu dituzten eta zergatik izan ote diren ahaztuak.


Ikastetxerako heroi bat

Sarritan, Basquiatek umeen komiki eta marrazkietako heroietara jotzen zuen, gizarteko bidegabekeriak salatu eta gainditzen lagun zezatenak.

Esan egin dezatela eskolan edo ikastetxean bizikidetza egokia kolokan jar dezaketen arazo edo elementu bidegabeen zerrenda bat.

Topatutako beharrizanak kontuan hartuz, esan guztien artean eskola hobetzen lagun dezakeen heroi baten zirriborro bat marraz dezatela. Horretarako, pertsonaiak eduki beharreko ezaugarriak zehaztu behar dituzte lehenik: izaera, trebetasunak, gorputz-itxura, etab. Esan marraz ditzatela ere heroiak aldean izango dituen objektu sinboliko, elementu miragarri edo eguneroko batzuk. Gainera, izen bat jarri beharko diote heroiari.

Margo akrilikoa edo tenperak erabil ditzakete, eta saia daitezke ere pintura zein kolorea aplikatzeko erabiltzen duten keinua, adierazi nahi dituzten sentsazioen sinbolo bihurtzen (haserrea, amorrua, amodioa, etab.).

Esan guztien artean eztabaidatzeko eskolan haiek asmatu bezalako heroirik hezurmamitzen duen inor ba ote den. Uste al dute haietako inor eskolaren heroi bihur daitekeela? Eskatu horri buruz gogoeta egiteko eta pentsatzeko zein neurritan lagun dezakeen bakoitzak eskolako bizikidetza hobetzen.


Komiki kritiko bat

Basquiat umea zenean, komiki-marrazkilaria izan nahi zuen. Gero egin zituen artelan ugarik bere komiki gogokoenetako marrazki-irudiak hartu zituzten inspirazio-iturri, eta gizarte-injustizia salatzen duten sinboloz bete zituen bere koadroak.

Artelan honek arraza desberdinen arteko liskarrei heltzen die. Esklabotasuna eta kolonialismoa arrazakeriari lotutako bi fenomeno dira. Eztabaidatu ikasleekin historian esklabotasunak eta Afrikaren gaineko kolonialismoak izandako ondorioak, baita egungo gizartean horiek nola agertzen diren ere. Esan zerrenda bat egiteko arrazakeria agertzen den eguneroko bizitzako uneak bertan adieraziz.

Zatitu ikasleak taldetan eta eska egiezu arrazakeria-eszena bat adierazten duen komiki-istorio bat ontzeko. Pertsonaiek jazotakoa nola konpondu eta gainditzen duten erakutsi behar du.

Bukatzean, elkarri esplikatuko diote komikia. Nor da istorioko heroia?


HITZ ZERRENDA

Arrazakeria: ideologia honek arraza bat beste bat baino hobea dela defendatzen du, baita arraza hori herri edo herrialde batean bakartuta edo bereizita mantentzeko beharra ere.

Diaspora: jatorrizko tokitik alde egiten duten giza taldeen sakabanaketa.

Kolonialismoa: herrialde batek beste bat politikoki edo ekonomikoki kontrolatzea.

Sinboloa: zeinu baten bidez, gauza edo sentsazio bat adieraztea. Sarritan, izaera espiritualeko ideia abstraktuak adierazteko erabiltzen dira.


INTERNET BALIABIDEAK

Artistari buruz
http://basquiat.com/

http://basquiat.guggenheim-bilbao.eus/eu/

Arrazakeria, kolonialismoa eta kolonialismo berria
http://mugak.eu/revista-mugak/no-13/colonialismo-y-neocolonialsmo-en-africa
http://www.un.org/es/events/slaveryabolitionday/
http://www.antislavery.org/english/slavery_today/default.aspx
http://www.sosracismo.org/