paul klee

Ilbetea lorategian (Vollmond im Garten), 1934

Paul Klee
Ilbetea lorategian (Vollmond im Garten), 1934
Olio-pintura inprimaziodun mihise gainean
50,3 x 60,1 cm
Hermann und Margrit Rupf-Stiftung, Kunstmuseum Bern
© Paul Klee's Estate/VEGAP, 2016

“Koloreak bere mendean nauka. Ez dut bere bila joan beharrik. Betiko nauka, ondo asko dakit. Eta hementxe zorioneko momentu honen zentzua: kolorea eta ni bat gara. Pintorea naiz.” Paul Klee, 1914[1]

Paul Klee (Münchenbuchsee, Suitza 1879—Muralto, Suitza 1940) artistak eta Hermann Rupf (1880–1962) bildumagileak 1913an ezagutu zuten elkar Bernan (Suitza), artistak bere familia ikusteko egin izan zituen bidaietako batean [2]. Klee ezagutu eta handik urtebetera, Hermannek eta bere emazte Margritek (1887–1961) hiru marrazkiz osatutako sail bat artistari erostea erabaki zuten, oso gustuko baitzuten haren lana. Hala, hura izan zen haien lehenengo erosketa [3]. Ondorengo urteetan, Kleeren hainbat lan bildumari gehitzen jarraitu zuten, eta artistarekin eta haren emazte Lilyrekin sortutako harremana sendotzen joan zen.

Klee irakasle izan zen urte batzuk Bauhaus eskoletan, Weimarren, 1922an bere bizileku, eta Dessaun. 1931z geroztik, naziek Bauhaus itxi baino lehenago, Düsseldorfeko Akademian hasi zen irakasten. 1933an Alemanian Hitler kantziler izendatu izanaren ondorioz, Kleeren egoera okertzen hasi zen. Urte hartako martxoaren erdialdera, polizia nazia (Ordnungspolizei) artistaren apartamentuan sartu zen bera ez zegoenean, eta hainbat material konfiskatu zioten [4]. Atxilotuko zutenaren beldur, berehala alde egin behar izan zuen Kleek bere herrialdetik, eta Suitzan errefuxiatu zen aste batzuk. Bitartean, bere artelanak bahitu egin zituzten eta “arte gizagaldu” etiketa jarri zieten [5]. Azkenik, Klee kendu egin zuten Düsseldorfeko Akademian zuen irakasle-kargutik, Alemaniako gutun ofizialetatik eta prentsatik artistak etengabeko gaitzespen hitzak jaso eta gero [6]. 1933ko abenduan, lanik gabe denboraldi bat eman eta gero, Kleek Alemania uztera behartuta ikusi zuen bere burua, eta bere emazte Lilyrekin batera gurasoek Bernan zuten etxean babesa bilatzera [7]. Suitzan, Hermann eta Margrit Rupf lagunak eta Daniel-Henry Kahnweiler (1880–1962) arte-merkataria zituen zain, besteren artean. Bere lagun min Rupfen bitartez, artistak nazioartean izango zuen ordezkaritza esklusiboren kargu egin zen Kahnweiler [8].

Urte hartan bertan, Klee gaixotasun baten sintomak nabaritzen hasi zen, eta horren ondorioz, bere ekoizpena nabarmen urritu zen. Ilbetea lorategian (Vollmond im Garten) 1934an sortu zuen, gaixotzen hasia zenean. Kahnweilerrek Parisa eraman zuen pintura hau eta bere Galerie Simon-en jarri zuen ikusgai, non Rupfek eskuratu zuen. Klee funtsezko artista izan zen Rupf bilduman —guztira bere 190 artelan hartzen ditu barnean— [9].

Preguntas

Begiratu arretaz Paul Kleeren pintura. Hartu tarte bat xehetasun guztiak ondo begiratzeko. Zer ikusten duzu? Zer irudi bereizten dituzu? Azaldu nola erabili duen Kleek lan honetan kolorea. Transmititzen al dizu gogo-aldarte jakin bat, sentimenduren bat edo sentsazio bereziren bat? Ba al dago paleta edo kolore-konbinazio honek zehazki gogorarazten dizun ezer?

Artelan honen izena Ilbetea lorategian da. Orain izena ezagutzen duzunez: Nola aldatu da irudia ikusten duzun modua? Uste al duzu Kleek lorategi batek eduki litzakeen ezaugarri jakin batzuk erakusten dituela edo bertatik errealitatearen edozein arrasto ezabatu duela? Azaldu zure erantzuna. Zure ustez leku hau existitu ahal izan zen? Zergatik? Imajinatu pinturaren barruan hegan egin ahal izango duzula. Zeintzuk dira sakonago arakatu nahi izango zenituzkeen eremuak? Ba al da zati bereziren bat jakin-mina piztu edo atentzioa ematen dizunik? Bertan zaudela: Zer ikusiko zenuke? Zer usainduko zenuke? Zer entzungo zenuke? Edo nori adituko zenioke?