rober smithons

Ispilu-desplazamenduak Yucatan-en 1-9 (Yucatan Mirror Displacements, 1−9), 1969

Robert Smithson
Ispilu-desplazamenduak Yucatan-en 1–9 (Yucatan Mirror Displacements, 1−9), 1969
Koloretako bederatzi inprimatze, koloretako gardenkietatik abiatuta (126 formatua)
61 x 61 cm bakoitzak
Solomon R. Guggenheim Museum, New York

“Ispilu bat baliatzen dut, zentzu batean ispilu fisikoa eta isla bera delako aldi berean: ispilua kontzeptu eta abstrakzio gisa; hala, kontzeptuaren ispiluaren baitan kokatzen da egintzazko ispilua. Hori litzateke, beraz, ideia-mota inplizitu eta sakabanatuaren abiapuntua. Hala ere, mantendu egiten da oraindik bi tokien arteko unitate bipolarra”. Robert Smithson, 1969 [1].

Pinturak, marrazkiak eta collageak dira Robert Smithson-en (Passaic, New York, 1938−Amarillo, Texas, 1973) lehen sorkuntzak , espresionismo abstraktuaren baitan koka daitezkeenak. Hala ere, laster utzi zuen artistak alde batera bi dimentsiotako lana, eskulturara igarotzeko; izan ere, teknika piktorikoak bere sormena zabaltzerako orduan mugak ezartzen zizkiola sentitzen zuen.

1963an, Nancy Holt artistarekin ezkondu zen eta bien artean jorratu zuten toki abandonatuetan barnako ibilbidea planteatzen duen proiektu artistiko bat, New Jersey eta Pennsylvaniako industria-espazio eta meatze eraitsien bila, bien artelanak ekoizteko ideiak bilatzeko helburuarekin. Aurkitutako leku horiekin asebete ez, eta AEBko mendebalde eta hego-mendebaldeko beste leku batzuen bila abiatu zen Smithson, desertuekiko interes bizia piztu zitzaiolarik. Toki horietan hartxintxarrak, hondakin geologikoak eta arroka-zatiak bildu zituen, beranduago estilo minimalista izango zuten eskultura geometrikoetan konbinatzeko.

Urtebete beranduago, 1964an, berak esanguratsutzat jotzen zituen lehen obrak ekoizten hasi zen Smithson, paisaia eta natura lehengai gisa baliatzen zituztenak; halaber, Land Art deitutakoaren lehen sorkuntza gisa hartu ziren. Egurra, lurra, harriak, harea, haizea, arrokak, sua, ura eta beste hainbat elementu bilakatu ziren bere artearen inspirazio-motor, eta naturan bertan esku hartzeko material ere bilakatu ziren.

Smithsonek bere ibilbidean zehar sortutako Land Art obra gehienak leku zehatzetan kokatzen dira, hau da, kanpo-kokaleku jakin baterako diseinatu zituen artistak: eskulturaren eta arkitekturaren arteko hibridoak sortu zituen, non paisaiak beti betetzen duen paper erabakigarri bat. Izaera iragankorra izan ohi dute gainera gehienek: denboraren iragatearekin desagertzen dira batzuk, eta horietaz ez da argazki- edo film-erregistro bat baino geratzen; izan ere, kanpoaldean gauzatuak egonda, klima-aldaketen eta natura-ingurunearen erosiaren mende gelditzen dira. 1969. urteko Ispilu-desplazamenduak Yucatan-en (1−9) bezalako beste obra batzuk propio sortu ziren denboran luze ez irauteko, argazkiak atera bezain pronto desmuntatu egiten zirelarik[2].

Ispilu-desplazamenduak Yucatan-en (1−9) lana gauzatzeko, 30 zentimetrotako aldeak dauzkaten zenbait ispilu karratu kokatu zituen Smithsonek Yucatango penintsulan zeharreko bederatzi paisaia desberdinetan. Koloretako bederatzi argazkitako bilduma da lanaren emaitza, Smithsonek Artforum aldizkarian argitaratu zuena, “Incidents of Mirror-Travel in the Yucatan” (Ispilu-bidaien gorabeherak Yucatanen, 1969) lanarekin batera. Artistaren ustez, ispiluek islatu eta errefraktatu egiten dituzte inguruak, paisaiaren irmotasuna desplazatuz eta haren formak hautsiz. Ispiluek denboraren iragatea erregistratzen duten bitartean, ateratako argazkiek eten egiten dute denbora hori, obraren denborazkotasunean kontraesan bat sortuz[3].

Preguntas

Behatu arretaz Robert Smithsonen obra. Har ezazue tarte bat xehetasun guztiei erreparatzeko. Zer hautematen duzue? Naturako zein objektu bereiz ditzakezue? Egin zerrenda bat ikusten dituzuen gauzekin; zeintzuk uste duzue direla mundu naturalaren parte, eta zeintzuk artistak gehituak? Nola uste duzue gauzatzen duela obra? Deskribatu zuen iritziz obra osatzeko egin zuen prozesua.

1969an Mexikon barna ibili zen Smithson Nancy Holt emaztearekin batera, obrak sortzeko leku desberdinen bila. Zein paisaia-motatan uste duzue atera zela argazki hau? Zergatik? Nola uste duzue sentitzen zela bertan egonda? Zein soinu uste duzue entzun daitekeela leku horretan? Zein usain uste duzue usain zenezaketela leku horretan? Bertatik ibiltzea gustatuko litzaizueke? Zergatik? Inoiz egon zarete antzeko tokiren batean?

Ispilu-desplazamenduak Yucatanen (1−9) laneko ispiluak artistak berak argazkiak atera ondoren desmuntatu ziren. Zergatik uste duzue egin zuela hori? Zer uste duzue gertatuko litzatekeela hala egin izan ez balu? Uste duzue obra hau iragankortzat jo daitekeela, fotografiatutako objektua jada existitzen ez delako? Ala, kontrara, iraunkorra dela uste duzue, haren argazkia oraindik egon badagoelako? Arrazoitu zuen erantzuna. Nola aldatuko litzateke Smithsonen lana argazkiak leku desberdin batean atera izan balitu, hiri batean esaterako?

Land Art mugimenduko artista esanguratsuenetako bat da Robert Smithson. Ikertu arte-mugimendu horren inguruan. Zergatik uste duzue hautatzen duela artista askok paisaia bere lanak sortzeko arte-erreminta gisa? Zeintzuk dira arte-baliabide hau hautatu izanaren abantaila eta desabantailak?

Kasu honetan iragankorraren eta iraunkorraren arteko kontraesanarekin jolastea interesatzen zaio artistari. Nola uste duzue islatzen duela kontraesan hori Ispilu-desplazamenduak Yucatan-en (1-9) obrak? Zergatik uste duzue izan zezakeela artistak obra iragankor bat sortzeko interesa? Zertarako sortuko luke obra aldakor bat? Nola sentituko zinatekete zuek, artista gisa, halako lan bat sortzen? Obra dokumentatzea garrantzitsua dela uste duzue? Obren dokumentazioak obraren sorkuntzaren beraren garrantzia bera duela uste duzue? Ala garrantzia gehiago duela uste duzue?